Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Irati Iciar: “Egoera delikatuan aurkitzen da UEU, eta horregatik da pozgarria udako ikastaroetan izan ditugun emaitza onak”

Dokumentuaren akzioak

Irati Iciar: “Egoera delikatuan aurkitzen da UEU, eta horregatik da pozgarria udako ikastaroetan izan ditugun emaitza onak”

2013/07/24 - Unibertsitatea.net
UEUko 40+1 Udako Ikastaroak amaitu dira eta balorazioa positiboa egiten du UEUk, egoera zailaren aurrean jendearen parte hartzea eta lanerako gogoa oso handia izan delako. Iruñean izan dira azken ikastaroak Eibar eta Baionatik pasa ondoren, eta Irati Iciarrekin hitz egin dugu, udako ikastaroen antolatzailearekin.
Irati Iciar: “Egoera delikatuan aurkitzen da UEU, eta horregatik da pozgarria udako ikastaroetan izan ditugun emaitza onak”

Irati Iciar, UEU

UEUko 40+1 Udako Ikastaroak amaitu dira eta balorazioa positiboa egiten du UEUk, egoera zailaren aurrean jendearen parte hartzea eta lanerako gogoa oso handia izan delako. Iruñean izan dira azken ikastaroak Eibar eta Baionatik pasa ondoren, eta Irati Iciarrekin hitz egin dugu, udako ikastaroen antolatzailearekin.

Nolako balorazioa egiten duzue aurtengo udako ikastaroen inguruan?

Orokorrean, ikastaldi arrakastatsua izan da aurtengoa. 40+1 ikastaldia planteatu genuenean, bi ideia geneuzkan: bat, UEUren errekonozimendu kanpainarekin jarraitzea. Iaz diru laguntza galtzean udako ikastaroak erabili genituen errekonozimendua lantzeko 40. urteurrena aprobetxatuz. UEUrentzat kanpaina garrantzitsu bat izan zen. Aurten erakutsi nahi genuen, krisian jarraitzen dugula, egoera delikatuan gaudela, eta horregatik erabili dugu 40+1 ideia, oraindik lanean jardun behar dugulako egoerari buelta emateko. UEUk lanean jarraitu behar du, beharrezkoa delako. Bigarren ideia, gure oinarri soziala berpiztea eta auzolanaren bitartez UEUren beharrezkotasun hori lantzen joatea da. Ikastaroak UEUko sailek edo bazkideek antolatuak izan dira eta oso eskertuta gaude horregatik, bazkide eta kide guztiei. Baina baita UEUren orbitan daudenei edota urtean zehar edo urteetan zehar profesionalki gurekin lanean jardun dutenei. Alde horretatik ere, UEUren izaera soziala indartu nahi izan dugu, UEUren  ezaugarri garrantzitsuenetako bat. Urtarrilean hasi ginen ikastaroak antolatzen, baina beti bezala, matrikulazioak dira ikastaldi bat baldintzatzen dutenak. Horregatik, garrantzi handia du bazkideen bitartez egiten dugun zabalkundeak. Eta azken urteetan konturatu gara ahoz aho egiten den publizitatea dela garrantzitsuena; mila kartel jarri ditzakezu baina, azkenean, ahoz aho gomendatzen dena da egiten den ikastaroa. Aurten matrikulazioa oso ondo joan da, ia 500 matrikulazio izan ditugu. Iaz baino %21 matrikula gehiago izan dira eta hori guretzat sekulakoa da. 41 eskaini genituen eta 30ek aurrera egin dute, guztien artean 500 ikasle eta 120 irakasle izan direlarik. Bestetik, lehen balorazioak ikusita ikasleak ere gustura geratu direla dirudi. Oso datu onak dira eta oso pozik gaude.

40+1 aipatu duzu. Baina nondik dator leloa?

Iaz udako ikastoek 40 urte betetzen zituen. Normalean 40.urteurrena ez da ospatzen. 25 edo 50.ak izaten dira ospakizun. Baina UEU egoera kritikoan sartu zen Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza galtzean. UEUren jarduera ezagunena dira oraindik udako ikastaroak eta izenean bertan daramagu. Beraz, hau baliatu nahi izan genuen errekonozimendu kanpainarekin jarraitzeko. Beraz, Baionako 40. urteurrenaz baliatuta, Baionan bertan omenaldia eta ekitaldi berezia egin ziren hasierako antolatzaileak gerturatu zirelarik.

Aurten ere lanean jarraitzen dugu, iazkoa ez zen momentu puntual bat bakarrik izan eta oraindik ere diru laguntza gabe jarraitzen dugunez egoera delikatuan dago UEU. Horregatik izendatu ditugu aurtengo ikastaroak "40+1". Batetik, 40, iazko kanpainarekin gogoratzen jarraitu behar dugula adierazteko eta bestetik,+1, egoera horretan urte bat pasa dela gogorarazteko.

Udako Ikastaroak, gainera, martxoaz geroztik martxan dugun #NiereUEU kanpainarekin uztartu ditugu. Bertan, UEUko hainbat pertsona ezagunek UEU beharrezkoa dela adierazten dute. Helburua, UEU euskal gizartearentzat beharrezkoa dela transmititzea da. Zergatik? Euskal gizarteari zuzendutako goi mailako formazioa, unibertsitate mailako testu-materialak eta IKT proiektuak ekoizten dituelako, aditu euskaldunen topagunea delako, proiektu berrien mintegia delako, Euskal Unibertsitatearen bihotza delako eta azken finean, euskara eta unibertsitatea uztartzen dituen proiektu soziala delako. Askoz ere ekarpen gehiago esango nituzke, baina orduan ez genuke elkarrizketa hau inoiz bukatuko.

Arrakasta izan duten ikastaroak datorren urterako lehentasuna izaten al dute?

Saiatzen gara urtero eskaintza berria egiten. Udako ikastaroetan arrakastatsuak izan direnak urtean zehar eskaintzen saiatzen gara. Izan ere, ulertzen dugu, uztaila oso garai konkretua dela eta batzuentzat oso zaila izaten dela gerturatzea, egun konkretu batean, leku konkretu batera. Baina urtean zehar agian errazago da larunbat batean gerturatzea, Markeskoara, Iruñera edo Baionara. Eta modu honetan udako ikastaroak berriak izaten saiatzen gara. Badaude batzuk hainbat urtetan errepikatu direnak, aurten adibidez Iruñean egon den Guraso hezitzailearena eta Jende aurreko komunikazioarena hainbat aldiz eskaini dugu, baina orokorrean %80 inguru berriak dira.

41 ikastaro antolatzea lan zaila al da UEUrentzat?

Aurten 40+1 leloarekin bat egiten zuen kopurua eskaini nahi genuen, eta erronka handia izan da. Antolakuntza lan handia eskatzen du. Urtarrilean ikastaroen proposamenaren deialdia ireki genuenean, sekulako erantzuna jaso genuen, ia 80 ikastaro proposatu ziren, eta horietatik 41 aukeratzea zaila egin zitzaigun. Batzorde akademikoa daukagu eta beraiek interesaren edo gaiaren egokitasunaren arabera aukeraketa egiten dute. Beraz, 80 ingurutik 41 aukeratzea zaila egin zitzaien.

 

Ondoren ikusgai duzu Irati Iciar-ek Udako ikastaroen gainean egindako balorazioa bideoan: