Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iranzu Laura Guede: "Gizakien hezur eta hortzetan dugun konposizioarekin, hauen jatorri geografikoa lortu dezakegu"

Dokumentuaren akzioak

Iranzu Laura Guede: "Gizakien hezur eta hortzetan dugun konposizioarekin, hauen jatorri geografikoa lortu dezakegu"

2021/01/14 - Unibertsitatea.net
Geologian da doktorea 2018. urteaz geroztik. Erdi Aroko biztanleen elikadura eta mugikortasuna ikertu zuen doktorego tesian.

Iranzu Laura Guede Sagastizabal (Elorrio, 1989), Geologian lizentziatu zen 2012an (UPV/EHU). 2013. urtean Cuaternario: Cambio Climatico y Huella Humana masterra egin zuen unibertsitate berean eta 2014an tesiarekin hasi zen. Doktorea da 2018. urtetik. Ikerketaz gain, geologia dibulgatzeko ekintzetan ere parte hartzen du.

Geologia ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan zabiltza gaur egun.

Txikitatik fosilak eta mineralak oso gustuko izan ditut eta oraindik etxean ditut bilduma batzuk. Beti gustatu izan zait eta azkenean bide hori izan zen aukeratu nuena.

Ikerketarako saltoa lizentziaturaren azken urtean eman nuen. Kolaborazio beka bat lortu nuen eta tesiko zuzendari izango ziren irakasleekin ikerketan hasi nintzen eta asko gustatu zitzaidan ikerketaren mundua. Beraiek eman zidaten gero tesia egiteko aukera eta beraz, ikertzen jarraitzeko aukera.

Erdi Aroko biztanleen elikadura eta mugikortasuna da tesian ikertu duzuna.

Tesian Erdi Aroko herri batzuk ikertu dira, zehazki, Tauste (Zaragoza)(VIII-X. mendeak), San Juan de Momoitio (Bizkaia)(IX-XII. mendeak), San Martin de Dulantzi (Araba)(VI-X. mendeak) eta Las Gobas (TreviƱo, Burgos) (VI-XI. mendeak).

Herri hauek aukeratu ziren ikerketa interesgarria egitea ahalbidetzen zuten herriak zirelako. Esaterako, Tausteren kasuan, islamiarrak ziren eta ikerketarekin jakin nahi izan zen islamiar erlijioa hautatu zuten bertako jendea zen edo etorri berriak ziren. Dulantziko kasua ere interesgarria da. Aztarnategian bisigodoen bitxiak izan zitezkeenak aurkitu ziren, eta hauen jatorria eta bizimodua ikertzea izan zen helburua.

Talde lanean egiten den lana den lana da gurea (arkeologoak, antropologoak, geologoak...) eta lortzen diren datuek historia ezagutzeko eta berreraikitzeko aukera ematen digute.

Honetarako hezurrak aztertu dituzu.

Ikerketa burutzeko, gizakien hezur eta hortzak aztertu dira, horiek baitira denboran kontserbatu diren izakien atalak. Gizakiez gain, aztarnategietan aurkitutako animalien hezur eta hortzak ere aztertu dira, baita gaur egungo lurzoru eta urak. Hauek oso garrantzitsuak dira gizakien balioekin konparaketak egiteko eta zuten elikadura eta mugikortasuna ezagutzeko. Material hauek markatzen dizkigute aztarnategi inguruko balioak. Ondoren gizakien emaitzekin alderatzen dira eta bat badatoz, lekukoak direla esan dezakegu. Aldiz, ez badatoz bat, kanpokoak direla.

Izan ere, jaten duguna garela diozu.

Isotopoak erabiltzeak arrazoi on bat du. Guk dugun konposizioa bat dator gure inguruak duen konposizioarekin. Hau elikaduraren bidez barneratzen dugu eta gure ehunetan itsasten da. Horrela, gizakien hezur eta hortzetan dugun konposizioa neurtzean eta ingurukoarekin alderatzean, jatorri geografikoa lortu dezakegu. Hau estrontzio eta oxigeno isotopoen bidez egiten da.

Gainera, elikagaiek, kate trofikoan duten kokapenaren arabera (nitrogeno isotopo egonkorrak) eta landareen kasuan egiten duten fotosintesiaren arabera (karbono isotopo egonkorrak), balio batzuk edo beste batzuk izango ditugu karbono eta nitrogeno isotopoetan. Horrela, zein elikadura zuten jakin dezakegu, alegia, batez ere barazki eta zerealak jaten zituzten, edo haragia edo arrainak ziren beraien elikaduraren parte nagusiki.

Nolakoa da prozesua?

Hezurrak erabiltzen dira karbono eta nitrogeno isotopoentzako. Prozesu kimiko baten bidez kolagenoa lortzen da, eta bertan isotopo egonkorrak neurtzen dira.

Estrontzio eta oxigeno isotopoen analisiak hortzetan egiten dira. Hortzen esmaltea hartzen da, hortza sortzen deneko konposizioa mantentzen duelako eta txikitako jatorria ezagutzeko aukera ematen digulako.

Gela zuria izenaz ezagutzen den laborategian egiten da estrontzioaren banaketa, kromatografia ioniko deritzon prozesuarekin. Aldiz, oxigeno isotopoen azterketa egiteko, Parma-ko (Italia) Unibertsitatean egon nintzen 3 hilabetez. Honelako prozesuak telesailetan ikusi izan ditugu. Esaterako, CSI edo Bones bezalako telesail batzuetan oxigeno edo estrontzio isotopoak erabili direla biktimaren jatorri geografikoa ezagutzeko edo hil aurreko azken pausuak non eman ziren jakiteko.

Garai hartako elikadura eta mugikortasun patroi bat erakutsi dute datuek?

Ikerketak erakutsi du elikadura orojalea zela eta gehienbat lekale, barazki eta zerealez elikatzen zirela. Orokorrean, mugikortasun txikia zutela erakusten dute datuek eta lurperatutako herrian jaiotakoak direla.

Ezberdintasunik aurkitzeko, Tauste herrira hurbildu behar gara. Tauste islamiarra da, beste herriak berriz, kristauak. Herri honetan desberdintasun nabaria dago elikaduran sexuaren eta adinen arabera: emakumeek eta gazteek, gizon helduek baino haragi gutxiago jaten zuten. Datu bitxia iruditu zitzaigun, ikertutako beste herrietan ez da horrelako ezberdintasunik antzeman.

Espero ez zenuen ondorioren batekin topatu zara?

Taustek joko asko eman digu. Hasiera batean harrituta geratu ginen nitrogeno isotopoen balioekin, uste zena baino positiboagoak baitziren. Balio hauek garai hartako elikadura itsas ugaztunen (fokak) presentziarekin lotuko lukeke baina elikadura honek Zaragoza erdian ez luke zentzurik izango. Gero konturatu eta egiaztatu genuen balio horien presentzia inguruko geologiaren ondorioa zela. Izan ere, herriaren inguruan igeltsu eta gatzak azaltzen dira. Material hauek erraz disolbatzen dira uretan eta gazitasuna igotzen dute, gazitasun handiago horrek nitrogeno isotopoan balio positiboagoak azaltzea dakar. Horrela azaldu genituen ezusteko balioak eta ikertutako gainerako herrialdeen antzeko elikadura zutela.

Tausterekin jarraituz, berunean intoxikatutako 4 indibiduo azaldu zitzaizkigun. Intoxikazio hori, beruna zuten zeramikak egitearekin lotu izan dugu. Datu hau ez da lortu isotopoen bidez, baizik eta, hortzetan egin ziren elementu kimikoen analisiaren bidez. Ikerketa hau ere tesiaren parte da.

Epe laburrean zein erronka dituzu eskuartean?

Epe laburrean oraindik publikatu gabe dauden lanen bat plazaratzea da dudan erronka. Ea laster izan daitekeen.

#txiotesia5en parte hartu duzu. Zer nolako esperientzia izan da?

Txiotesian parte hartzea oso abentura polita izan da. Tesia 6 tuitetan jartzea erronka ona izan da, horrek tesia ondo ordenatzea eta laburbiltzea dakarrelako. Seguru tesia egiten ari direnentzako oso ondo datorrela ideak ordenatzeko, horregatik animatzen ditut hurrengo txiotesia lehiaketan parte hartzera.

txiotesia,elkarrizketa