Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Irakaskuntza masterra abian jartzea, UEUren ikasturte berriko erronka handienetakoa

Dokumentuaren akzioak

Irakaskuntza masterra abian jartzea, UEUren ikasturte berriko erronka handienetakoa

2019/09/30 - UEU
Ostegunean egin zen ikasturte irekiera ekitaldia Eibarren. Ikasturte berriko 10 lan-lerroen berri eman zuen Kepa Sarasola zuzendariak. Ondoren, Amaiur Esnaola biologoak eta UEUkideak hitzaldia eman zuen: "Pirinioetako muturluzea: ikusgaitz izan arren ikusgai IkerGazten".

Ostegunean eman zitzaion hasiera UEUren 2019/2020 ikasturteari. Aurreko ikasturteko datuak eman zituen Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak eta ikasturte berrirako lan-ildoak aurkeztu zituen gero Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak. Amaiur Esnaola ikertzailea eta UEUkidearen hitzaldiarekin amaitu zen ekitaldia: "Piriniotako muturluzea: ikusgaitz izan arren ikusgai IkerGazten".

Azken urteetan udako ikastaroetarako erabilitako Elkar Ekin leloak ondo biltzen du UEUren filosofia. Izan ere, hainbat elkarterekin elkarlanean UEUren hiru helburuak lortzeko egiten da lan: unibertsitateko-mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea, eskaintza hori gure gizarteak dituen beharrei uztartzea, eta horrelako ezagutza sortzeko eta zabaltzeko foroak eskaintzea.

Hauek dira elkar eragiteko UEUk aurkeztu dituen aurtengo 10 lan-lerroak.

1.- Lurraldetasuna. Euskararen zazpi lurraldeetan lanean jarraitzeko asmoa, bereziki Ipar Euskal Herrian.

2.- Irakasleen formazioa. Haurreskolatik unibertsitate mailaraino. Haurreskoletako hezitzaileak, ertainetako irakasleak eta unibertsitateko irakasleak formatzen dira UEUn. 1973tik UEUk 1.939 ikastaro eta 7.999 hitzaldi antolatu ditu.

3.- Jardunaldi akademiko/profesionalak. 2019an 11 jardunaldi antolatuko ditugu profesionalekin arloka. Bilkura hauei esker, unibertsitatean euskaraz ikasi dugun ehundaka lagun instituzio eta enpresa mailan euskara ereiteko tresna bihurtzen baikara.

4.- Graduondokoen estrategikotasuna. 2001ean hasita UEUn 14 titulu antolatu ditugu UPV/EHUrekin batera eta hortik gutxienez 270 pertsona titulatu dira. Graduondokoak euskaraz eskaintzea estrategikoa da UEUrentzat. Iraupen luzeko goi mailako tituluak estrategikoak dira. Esparru estrategikoa da eta ikasturte honetarako 4 graduondoko izango ditugu martxan, horietatik 2 berriak. Gainera, graduondoko interunibertsitarioak martxan jartzeko asmoa ere badu UEUk, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatearekin.

5.- Euskarazko ikerketa. Ikergazte kongresuan 120 ikergazte elkartu genituen Baionan, Eibarko Juan San Martin beka sustatzen dugu Eibarko Udalarekin batera. Honez gain, humanitate digitalen alorra landu genuen ekaineko jardunaldia Blbon, Euskaltzaindian. Jardunaldiak beste urrats batzuk ekarri ditu gero. Hasteko EWKErekin batera diru-poltsa pare bat eskaintzen ari gara alor honetako proiektuak sustatzeko.

6.- Argitalpengintza. 430 liburu argitaratu ditu UEUk bere historian zehar, eta beste 10 argitaratu nahi ditugu aurten. Unibertsitate mailako testugintza ataka berezian aurkitzen da eta horri buruzko hausnarketa egitea da gure asmoa.

7.- Aldizkariak. UZTARO ERIH PLUS datu-basean sartu da. Aldiri Arkitekturari buruzko aldizkariak 10 urte oparo beteko ditu urrian eta Osagaiz osasun-zientzien aldizkaria dagoeneko alorreko erreferentzia bilakatu da.

8.- Internet-zerbitzuak, datu-baseak. Internet bidez eskaintzen ditugun 5 zerbitzuak hobetzeko bidean gaude:

  • Inguma datu-basea euskarazko produkzioa unibertsitatean. Une honetan 11.442 egile, 2.561 liburu eta 16.095 artikulu aurkitu ditzakegu bertan. Gure asmoa da ikasturte honetan ataria hobetzea, komunitate zientifiko euskaldunaren behategi txiki bat martxan jartzea.
  • Artizarra Ingumako komunitatea harremanetan jartzeko helburua duen sare soziala da. Ikasturte honetako helburua izango da proiektu hau finkotzea.
  • Tesiker, euskarazko doktorego-tesiak biltzen jarraituko dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean.
  • Unibertsitatea.net unibertsitarioen ataria euskal komunitate unibertsitarioaren topaleku izaten sustatuko dugu. Ikertzaile gazteen dibulgazioa egiten jarraituko dugu, bai eta esparruko aktualitateak biltzen ere.
  • Buruxkak liburutegi digitala elikatuko dugu bertan dauden liburu eta aldizkariak unibertsitateko ikasle, irakasle zein ikertzaileen esku jartzeko helburuarekin.

 

9.- GOI.EUS zentro atxikia UPV/EHUn eta ertainetan irakaslea izateko on-line masterra. UEUren GOI.EUS Ikastegia (Goimailako Online Institutua), prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketako Ikastegia da. UEUren barnean antolatu da, online unibertsitate ikasketak euskaraz ere sustatu beharra dagoela ikusi delako. Eta horren baitan 2020/2021 ikasturterako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterra prestatzen ari gara. GOI.EUS Ikastegi Atxikiaren bitartez, DBHBLH Masterra euskaraz eskainiko da (ingelesezko hautazko batzuekin) eta eskolak Ikasgela Birtualaren bitartez eskainiko dira 3 espezialitatetan: Natur Zientziak eta Matematika, Giza eta Gizarte Zientziak, eta Hizkuntza eta Literatura. Espezialitate bakoitzean 40na ikasle izango dira, guztira 120.

10.- Aitortza eta babesa. Aipatutako lan-lerro hauek guztiak aurrera eramateko, instituzioen aitortza eta babesa behar ditugu. Horiekin gizarteak UEUrengandik jaso ahal izango dituen fruituak oparoagoak izateko. Horrela izateko lan egingo dugu.

 

Amaiur Esnaolaren sarrera hitzaldia:

 

Ekitaldiko hitzaldi nagusia Amaiur Esnaola Illarreta (Donostia, 1992) biologoak eta UEUkideak eskaini du "Piriniotako muturluzea: ikusgaitz izan arren ikusgai IkerGazten". Amaiur UPV/EHUko Zoologia eta Animalien Zelulen Biologia Sailean doktoretza tesia egiten hasi zen 2016ko urtarrilean, Joxerra Aihartza, Arturo Elosegi eta Jorge Gonzalezen gidaritzapean. Piriniotako muturluzearen edo ur-satorraren (Galemys pyrenaicus) ekologia espazial eta trofikoaren azterketan datza bere doktoretza tesiak: habitaten erabileraren eta dieta hautespenaren azterketan. Ur-satorraren kontserbaziorako funtsezko gakoak identifikatzea da bere ikerketaren helburu nagusia. Bere ikerketen dibulgazioarengatik Ikergazte saria birritan irabazi du Amaiurrek (2017an eta 2019an).

Hemen bere hitzaldia: