Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iraia Muñoa "Txiolari originalena"ren aholkua: "Ikerketa lanen oinarri sinpleenak azaltzen ahalegindu daitezela, hitz tekniko eta potoloak alde batera utziz"

Dokumentuaren akzioak

Iraia Muñoa "Txiolari originalena"ren aholkua: "Ikerketa lanen oinarri sinpleenak azaltzen ahalegindu daitezela, hitz tekniko eta potoloak alde batera utziz"

2018/11/06 - Unibertsitatea.net
#Txiotesia3 lehiaketako txiolaririk originalena izan zen Iraia Muñoa (Eibar, 1989) bioteknologoa.

Deskribatu erronka hitz batean.

Bat baino bi hitz kontrajarri behar ditu: Zaila eta dibertigarria.

Txioak aldez aurretik prestatuta ala eguneko inspirazioaren olatura igo.

Irudiak prestatzeko aurreko egunean jarri nintzen lanean, baina gauzak pilatu zitzaizkidan eta azkeneko momentura arte ezin izan nituen txioak igo.

konplikatuena?

Horren gai konplexu eta espezifikoa izanik, zailena pausu bat atzera eman eta sinpletasunaren aldetik idaztea izan zen. Laborategiko gure mundu txikian ez dugu maiz horrelako ariketarik egiten, eta #txiotesia horretarako aukera paregabea da.

Dibertigarriena?

Konplikatuena era berean dibertigarriena ere izan zen, nire tesiko gaia sinpleki aurkezteko modua pentsatzean ideia ugari bururatu zitzaizkidalako. Eta horrela bukatu nuen epigenetika zirkoarekin alderatzen!

Sorpresaren bat?

Bat baino, hiru sorpresa: 1. Parte hartzaileen kopurua. Buru-belarri ibili ohi gara gure lanetan eta lehiaketan parte hartzeko horrenbeste jendek tarte bat hartu izana harrigarria izan zen. 2. Jendeak duen irudimen ikaragarria. Lan benetan onak aurkeztu ziren era bitxi eta ezberdinetan azalduak. 3. Hau guztia euskaraz! Euskarak zientzian bere txokoa baduela erakutsiz

6 txioak erakutsi dituzu?

Ba inguruko jendeari erakutsi dizkiot, etxekoei, lagunei etab. Eta badirudi gaia esplikatzeko erabili nuen erarekin (irudien bitartez), beraien arreta erakarri nuela, behintzat hitzez azaltzen ahalegintzen naizenean baino gehiago.

Besteenak irakurri?

Noski irakurri nituela! Beste lehiakideak zertan dabiltzan jakitea interesgarria izan zen.

Irabazle "gaientzako" aholku baliagarriren bat?

Beraien ikerketa lanen oinarri sinpleenak azaltzen ahalegindu daitezela, hitz tekniko eta potoloak alde batera utziz. Hori bai,  betiere irudimena landuz eta ikuspuntu dibertigarri batetatik!

Zergatik parte hartu?

Ba hasteko, hasieran aipatu bezala, gure buruari erronka hau betetzeko gai garela erakusteko. Lau urte edo gehiago luzatu daitekeen ikerketa proiektu bat 6 txiotan laburtzea ez baita erronka makala. Bigarrengoz, Euskal Herri mailan eta euskaraz martxan dauden ikerketen berri jakiteko aukera ezin hobea delako. Eta hirugarrengoz, ikertzaile horiei aurpegia jarri eta beraiekin hitz elkartruke bat izateko aukera ematen duelako sari banaketa ekitaldiak.