Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iraia Muñoa:"Euskal komunitate zientifikoa elkarlanean aritzeko garrantzia handikoak dira IkerGazte bezelako kongresuak"

Dokumentuaren akzioak

Iraia Muñoa:"Euskal komunitate zientifikoa elkarlanean aritzeko garrantzia handikoak dira IkerGazte bezelako kongresuak"

2017/01/09 - unibertsitatea.net
#Txiotesia3 lehiaketako txiolaririk originalena izan zen Iraia Muñoa (Eibar, 1989) bioteknologoa. Belaunaldiz belaunaldiko oinordetza epigenetikoaren ingurukoa tesia egiten dabil UPV-EHUren Leioako Medikuntza fakultateko Giza ugalkortasun taldean eta urte mugitua izan da ikertzaile gaztearentzat. "Gauzen zergatia jakiteko grina da ikertzaileon oinarria" Muñoaren esanetan eta baita kostantzia ere. Ikertzaile gaztea izatea erronka handia dela ere badio, azken urteetan murrizketak izan baitira diru laguntzetan.

Lehengo eta behin zorionak. Tesia sei txiotan laburtu behar eta gainera era originalean? Zenbateko lana izan da?
Mila esker! Ba lanik gogorrena ideiak buruan ordenatu eta esaldi motzetara moldatzea izan da, Twitterreko karaktere horiek benetan motzak egiten zitzaizkidan erabili behar nituen hitz potolo guztietarako. Baina behin zirkuaren ideia erabiliko nuela erabakita istoriotxo bat sortu eta esaldiak moldatzea dibertigarria izan da, eta zer esanik ez marrazkiak eta ondorengo gif-ak egitea.

Zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. Baliteke lan sinple baten itxura izatea, azken finean 6 esaldi idaztea besterik ez da. Baina, sinpletasun horrek ematen dio zailtasun puntua ariketari. Tesian zehar artikulu pila irakurtzen ditugu, esperimentu mordo bat egin eta azkenik liburu potolo batean dena idatzi, beraz, guzti hori 6 esalditara laburtzea ez da inondik inora lan erraza.

Baina oso gustura aritu naiz guzti honetan, azkenean laborategiko txokotik apur bat irteteko aitzakia bikaina izan delako. Era berean, ulergarritasuna lantzeko oso tresna baliagarria izan da, azken finean gure lanaren berri unibertsitatean, aldizkari zientifikoetan, kongresuetan eta antzeko lekuetan ematen dugu orokorrean, eta beti ere zientzia mundutik atera gabe. Txiotesiaren bitartez, gure lana era apalago batean azaltzeko moldatu behar dugu, jendeari ezagutzera emateko eta agian hori da guzti honetatik konplexuena. Gure gaiari buruz ezer ere ez dakien pertsona bati gure lana helaraztea. Eta hau dena euskara bultzatuz gainera. Guzti honekin, erabateko esperientzia izan da!

Belaunaldiz belaunaldiko oinordetza epigenetikoaren ingurukoa da zure tesia. Nondik abiatu zara?
Epigenetikak, kanpo faktoreek edo inguruneak, gure DNAn izan dezaketen eragina aztertzen du. Ideia hau, Aristotelesek aipatu zuen lehenengoz bere garaian, eta Lamarckek berretsi orain dela mende batzuk. XXI. mendeko zientzian, garrantzi handiko arloa bihurtu da, ikerkuntza askok erakutsi baitute, genomaren sekuentzia aldatu gabe, geneak erregulatzen dituzten mekanismoak badaudela. Mekanismo hauek osatzen dute epigenetika, eta aldaketa epigenetikoak kanpo faktoreek sortuko lituzkete. Esaterako, dietak, toxiko ezberdinen kontsumoak (hala nola, tabakoa, drogak), jarduera fisikoak, pairatzen dugun estresak, hartzen ditugun farmakoek etab. Aldaketa epigenetikoak DNAri itsasten zaizkion molekula kimikoak dira, geneen adierazpena kontrolatzen dutenak, baina DNAren sekuentzian inolako aldaketarik sortu gabe. Laburbilduz, epigenetika, geneen eta inguruko faktoreen arteko bitartekari dela esan daiteke.

Norberaren bizi ohiturek DNAn sor ditzaketen aldaketa epigenetikoak ezabatu ezean hurrengo belaunaldiek hartuko dituzte herentzian. Zer suposatzen du horrek?
Orokorrean, bizitzan zehar gure ehunetan pilatzen doazen aldaketa epigenetikoek ez daukate inongo eraginik belaunaldietan zehar. Adibidez azaleko zeluletan pilatutako aldaketa epigenetikoek ez dute gure ondorengoetan eragingo. Baina aldaketa epigenetikoak hozi zeluletan ematen badira, orduan bai, aldaketa horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzeko aukera izango dute, hain zuzen ere, ugal zelula horiek fetua sortu eta ondorengo belaunaldiko pertsona izango direlako.

Hala ere, natura jakintsua da eta badago prozesu bat, zehazki, ugal zeluletan pilaturiko aldaketa epigenetikoak ezabatzeaz arduratzen dena: hau da txioetan aipaturiko “erreprogramazioa”. Dena den, prozesu hau ez da perfektua eta baditu akatsak. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute badaudela prozesu hau saihesteko gai diren geneak eta, beraz, gene horiek ordura arte pilatu dituzten aldaketa epigenetikoak mantenduko dituzte hurrengo belaunaldietan. Honek pertsona bakoitzaren bizi ohiturek bere ondorengoetan eragina izatea ekarri dezake.

Zeintzuk dira orain arte ateratako ondorioak?
Nire ikerketarako kanpo faktore bezala Morfina erabiltzen dut. Bibliografian deskribatu izan da morfinak belaunaldiz belaunaldiko eragina duela, adibidez, morfinarekin trataturiko arratoi emeen kumeek beraien jokabideetan aldaketak izaten dituztela erakutsi da. Zehazki, jokabide hori sexu menpekoa da. Honek morfina nire proiektuan erabiltzeko oso aproposa egiten du. Izan ere, belaunaldiz belaunaldiko efektua argi dago, baina horretarako mekanismoak zeintzuk diren ez dira oraindik zehaztu, gaur egun. Hori dela eta, mekanismo horien inguruan ikertzen nabil nire tesiaren bitartez. Morfinarekin beraien adierazpena aldatzen duten gene konkretu batzuk aztertzen gabiltza, era berean, erreprogramazio prozesutik ihes egiteko hautagaiak ere badirenak, eta beraz, belaunaldiz belaunaldi, aldaketa epigenetikoak pasatzeko aukera dutenak.

UEUk antolatutako Osasun-zientzietako Ikertzaileen kongresuan parte hartu duzu, besteak beste. Ikertzaileen lana plazaratzeak zenbateko garrantzia du? Eta norbere arlotik kanpo?
Oso oroitzapen onak ditut Osasun-zientzietako Ikertzaileen topaketarena. Lehenengo aldia zen kongresu batera joateko aukera nuena eta gainera nire lana hautatu zuten ahozko komunikazioetarako. Partaide naizen taldearen eta nire lanaren berri emateko aukera ezin hobea izan zela iruditzen zait. Zientzia munduan, egiten den lana plazaratzea da garrantzitsuena, eta egia esan horretara bideratzen dugu tesiaren zati handi bat, kongresu eta artikulu zientifikoen bidez, gure lanak, zientzian oihartzuna izan dezan.

Bakoitzaren gai konkretuetan eguneratuta egoteko beharrezkoa da artikuluak irakurri eta beste taldeak zertan dabiltzan jakitea, eta UEUk antolatutako kongresuen bitartez, kasu honetan Euskal Herri mailan eginak, gure inguruan zein eratako ikerkuntzak egiten diren ikusten dugu. Hau da, ondoko departamentuetan zein ikerketetan dabiltzan jakiteko aukera dugu, erabiltzen dituzten teknikak partekatu daitezke edota kolaborazioak proposatu.

Eta osasun arloa baino gehiago biltzen dituen IkerGazte bezalako kongresuen bidez, Euskal zientziari buruzko ideia orokor bat egin dezakegu. Euskal komunitate zientifikoa elkarlanean aritzeko garrantzia handiko ekitaldiak dira eta espero dut 2017ko Maiatzerako UEUk egin duen deialdian parte hartzeko aukera izatea.

Zer da zuretzat Ikertzaile Gaztea izatea?
Ene, hori bai galdera sakona! Niretzat ikertzailea izatea jakin-mina izatea da. Gauzen zergatia jakiteko grina da ikertzaileon oinarria. Eta horretaz aparte konstantzia, lan egiterako orduan. Esperimentuek ordu edota egun dezente iraun dezakete, eta arrazoi batengatik edo besteagatik emaitzarik ez eman; hartara, askotan errepikatu behar izaten ditugu ondorio sendoak ateratzeko. Bestalde, osasun arloko ikerketa askotan, organismo biziekin lan egin beharra dago, zelulak, saguak, arratoiak … Honek, konpromiso bat dakar atzetik, eta nahiz eta asteburu, jaiegun edo oporrak izan, laborategira etorri behar izaten gara horiek zaintzera, jaten ematera, tratamenduak egitera etab. Guzti horren ondoren emaitzak lortzerakoan, orduan etortzen da ikertzailearen lan gogorraren saria.

Honi gehitu behar zaio gaur egun ikerlari gaztea izatea, erronka handi bat ere badela. Ikerkuntzan, beste alor batzuetan bezala, diru-laguntzen bidez lan egiten dugu, hauek ezinbestekoak dira ikertzeko materiala izateko eta baita ikertzaileen beketarako. Azken urteetan, murrizketa ugari egon dira eta guzti honek bete betean jo du nire inguruko ikerkuntza. Jende asko dago ikertzaile izateko gogoarekin eta jarrerarekin baina beka eta diru laguntza gutxi daude, bai pertsona eta baita lan tresneria edo materialerako. Horrela ezinezkoa da ikerketak aurrera egitea.

Denborarik bai bestelako proiektuetarako?
Urte oso mugitua izan da niretzat. Apirilean 3 hilabeteko egonaldi bat hasi nuen Birmingham-eko Unibertsitateko (Ingalaterra) ikerketa talde batean, nire tesirako hainbat teknika erabilgarri ikasteko helburuarekin. Eta orain dela pare bat hilabete Budapesten astebete pasatu dut epigenetikari buruzko kongresu batean hautatua izan nintzelako. Beraz, lasaitasun apur baten bila nabil orain! Irakaskuntzan ere ordutxo batzuk eman ditut unibertsitate mailan, eta horrekin eta tesiko esperimentuekin nahikoa daukat oraingoz.

txiotesia,elkarrizketa