Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iparrorratza orientazio-zerbitzua itxi egin behar izan dugu

Dokumentuaren akzioak

Erabiltzailearen akzioak

Iparrorratza orientazio-zerbitzua itxi egin behar izan dugu

2011/11/08 - Unibertsitatea.net
Esperientzia polita eta emankorra izan da Iparrorratzarekin bizi izan duguna eta ez genuke agur esaterik nahi bidai honetan bidelagun izan zaituztegun guztioi eskerrak eman gabe: ESKERRIK ASKO!

Iparrorratza UEUk Unibertsitatea.net atariaren barruan 2008an sortutako euskarazko doako on line orientazio zerbitzu pertsonalizatua da.

Aitzindaria izan da bere esparruan, ez baita eta antzerakoarik izan Euskal Herrian, baina, tamalez, zerbitzua itxi egin behar izan dugu giza zein baliabide ekonomiko faltagatik.

Hala ere, ez genuke atea ixterik nahi Iparrorratza zer izan den gogoratu gabe. Hona hemen Iparrorratzaren nondik norakoaren pintzelada labur bat:

Sorrera:

  • Ikasketa-orientaziora bideratutako orientazio-zerbitzua sortzeko ideia 2007an sortu zen UEUn.
  • UEUk zerbitzuak bikoizteko asmorik ez eta errealitatearen azterketa egin zuen Euskal Herriko ikasketa-orientazioaren panorama zein zen jakiteko. Honela, ikasketa orientaziorako baliabideen azterketa egin zen, batxilergoko ikasleei galdetu zitzaien, orientatzaileekin bilerak egin ziren...
  • ... eta zein izan zen azterketatik ateratako ondorioa?: Unibertsitatearen eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen arteko zubi lanak eraikitzea beharrezkoa zela.
  • Hori dela eta, ikusitako hutsunea betetzeko, Iparrorratza on line orientazio-zerbitzua forma hartzen hasi zen. Zerbitzua abian jarri aurretik, gure erabiltzaile nagusiak izango ziren batxilergoko ikasleek zerbitzuaren erabilgarritasunaz zuten iritzia jakin nahi genuen, eta hori posible izan zen Maite Goñik proiektuarekiko erakutsi zuen interesagatik. Eskerrik asko benetan Ordiziako Jakintza Ikastolako ikasleei eta haien irakasle Maite Goñiri.
  • Frogatik eratorritako hobekuntzak aplikatuta 2008an jaio zen Iparrorratza.

 

Iparrorratzaren aukerak:

Iparrorratza galdera-erantzunetan oinarritutako zerbitzua izan da eta hauxek dira erabiltzaileari eskaintzen zitzaizkion aukerak:

  • "Galdera egin": ikasketen gaineko kezkak zuzenean orientatzaileari galdetzeko lekua da, galdetegi labur bat bete eta 3 laneguneko epean erantzuna e-postan jasotzeko aukera ematen duena.
  • Galderak egiteko aholkuak: erabiltzaileari duen kezka orientazio-zerbitzuari ahalik eta ahalik eta zehatzen egiteko gomendioen txokoa da.
  • Galderen kontsulta publikoa: Iparrorratzeko sarrera orrian bertan edo bilatzailea erabilita momentura arteko galdera-erantzun publikoak kontsultatzeko aukera ematen da.
  • FAQ: maiz egiten diren galderak biltzen dituen atala.
  • Esteka interesgarriak: orientazioaren esparruarekin zerikusia duten estekak bilduta eta sailkatuta erakusten diren gunea.
  • Zer da?: Iparrorratza zer den eta nola funtzionatzen duen azaltzen duen atala.

 

Orain arteko ibilbidea:

  • Galdera-erantzunak:
      • Kopurua: 2008ko otsaila eta 2011ko uztaila bitartean 650 galderatik gora erantzun ditu orientazio-zerbitzuak, hauetatik 383 inguru pribatuak izan dira eta 267 bat publikoak. Galdera bakoitza ahalik eta modurik pertsonalizatuenean eta zehatzenean erantzuteko bataz beste bi ordu eta erdi eman ditu orientazio-zerbitzuak.
      • Profila: Iparrorratzaren erabiltzaileen gehiengoa (%55), 16-18 urte bitarteko batxilergoko gazteek osatu dute. Bigarren multzoa, 30 urtetik gorako erabiltzaileek (%16). Eta hirugarren multzo nagusia (%13), 18-22 urte bitarteko unibertsitateko ikasleek.
      • Herrialdea: Nagusiki Gipuzkoako eta Bizkaiko erabiltzaileak izan dira Iparrorratzekoak, %55 eta %36 hurrenez hurren. Ondoren Nafarrak izan dira zerbitzua gehien erabili dutenak (%7).
      • Galderen izaera: Batetik, arlo akademikoan pil-pilean egon diren gaien gaineko galderak jaso dira: 2008/09 ikasturtean esaterako Boloniako erreformak ekarritako aldaketekin erlazionatutakoak, 2009/10 eta 2010/11 ikasturteetan berriz, unibertsitatera sartzeko probak jasandako aldaketetatik eratorritakoak.... Bigarrenik, nabaria izan da telebistaren eragina jasotako galderetan: genetika oinarri duten ikasketen gaineko galdera mordoxka telebistako CSI telesaila aipatuz edo 1 Formulako txapelketetan parte hartzeko zein ikasketa ikasi behar diren ere jakin nahi izan dutenak asko izan dira. Hirugarrenik, gizarteko joerak ere nabaritu dira galderetan. Honela,  laneratzeko aukerak dituzten ikasketei buruzko galderak nabarmen igo dira azken aldian : irakasle ikasketei buruzko galdera asko 2008-2010 bitartean...
      • Aurrez-aurreko saioak: hainbat izan dira Iparrorratza zabaltzeko egin ditugun saioak, Berritzeguneetako orientatzaileekin, APSIDE Euskadiko Psikopedagogi Elkarteak antolatutako jardunaldian hitzaldia emanda eta baita ikasleekin hartu eman zuzena izanda. Ildo honetatik, esker on berezia eman nahi diegu Igorreko Institutuko ikasleei eta haien irakasleei beraiekin zuzenean saio bat antolatzeko eman ziguten aukerarengatik.

 

  • Ikasle ohien aholkuak: Iparroratza orientazio-zerbitzuak 2009ko martxoan abian jarritako esperientzia izan zen Ikasle Ohien Aholkuak. Ekimenaren helburua, unibertsitatera sartzeko asmoa zuten ikasleak unibertsitateko ikasle ohiekin hartu emanetan jartzea zen. Hori dela eta, 14 ikasketa oinarri hartu, 14 foro jarri ziren martxan 2 astez eta Euskal Herriko 5 unibertsitateko 24 ikasle ohi aritu ziren unibertsitatera sartzekotan ziren ikaslegaiekin elkarrizketan: fakultateko giroaz, ikasketen zailtasunez, laneratzeko aukerez...

 

  • Sariak: 2008ko urrian Iparrorratza zerbitzua sortu eta hilabete batzuetara orientazioaren esparruan erreferentzia den Educaweb erakundearen jakinarazpena jaso zuen Iparrorratzak. Bertan zera jakinarazi zitzaion, epaile talde batek Iparrorratza orientazio-zerbitzua Estatu mailako Ikasketa- eta Lanbide- Orientabiderako I. Educaweb sariketan finalista geratu zela.

 

Esperientzia polita eta emankorra izan da Iparrorratzarekin bizi izan duguna eta ez genuke agur esaterik nahi bidai honetan bidelagun izan zaituztegun guztioi eskerrak eman gabe:

    ESKERRIK ASKO!