Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ione Bretaña: "Atxikimendu ez segurua duten gizabanakoek, emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte"

Dokumentuaren akzioak

Ione Bretaña: "Atxikimendu ez segurua duten gizabanakoek, emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte"

2022/03/03 - Unibertsitatea.net

Ione Bretaña Alberdi (1990, Azkoitia) Psikologian Lizentziatu zen 2012an eta Osasun psikologia Orokorrean espezializatu zen gero 2012/2013 urteetan. 4 urte eta 2 hilabeteko bi semeren ama da eta Psikologian Doktorea da 2021. urtetik.

 

Psikologia ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Betidanik izan dut jendearen portaerari eta nortasunari buruz gehiago ulertzeko jakinmina. Bestetik, beti gustatu izan zait jendeari laguntzea, entzutea eta beren bizitzako gatazkei aurre egiten laguntzea.

Ikerketaren munduan murgiltzea ez zegoen nire planetan egia esan. Psikologiako ikasketak bukatu nituenean garbi neukan psikologia klinikoaren arlotik jo nahi nuela. Masterra egin ondoren oposaketak prestatzen hasi nintzen PIR (Psikologo Interno Residente) izateko. Psikologiako ikasketetako azken urtean ikerketako kolaborazio beka bat egiten ari nintzenean proposatu zidan unibertsitateko irakasle batek. Oposaketa prestatzen bi urte egon nintzen; Madrilera ere joan nintzen akademia batera, baina bietan kanpoan geratu nintzen. Momentu horretan zein bide hartu edo nondik jo pentsatzen egon nintzen eta unibertsitateko irakasle batzuekin kontaktuan jarri nintzen. Orduan sortu zen tesia egiteko aukera.

Bikote harremanetako gatazkak eta hauek konpontzeko estrategiak izan dituzu tesian ikergai.

Garbi neukan 4 urtetan zehar gairen baten murgiltzekotan bikote gatazken edo bikote indarkeriaren inguruan izango zela. Zenbait formakuntza eginda nituen honen inguruan eta oso gai interesgarria iruditzen zitzaidan, sakondu beharrekoa. Hain zuzen, nola eta zergaitik iristen dira bikote batzuk prozesu desegoki horietara eta beste batzuk ez?. Gaia argi izanda, Itziar Alonso Arbiol irakaslearekin hitz egin nuen, berak jorratu bait ditu azken urteetan bikote indarkeriaren inguruko gaiak beste doktoregai batzuekin, beti atxikimenduaren ikuspuntutik.

Atxikimenduak edo loturak bikote harremanetako gatazken konponketan betetzen duen papera aztertu nahi izan duzu. Nola baloratzen da bikote harreman bateko atxikimendu edo lotura maila?

Gaur egun tresna asko daude bikote atxikimendu maila neurtzeko, alde batetik, elkarrizketak eta bestetik, autoinformeak. Nire tesian azkena erabili dugu, zehazki, ECR (Experience in Close Relationships—Gertuko Erlazioetako Gertutasuna) tresna. Tresna honek bikotekideek bestearenganako (kasu honetan bere bikotekidea) duen atxikimendu maila neurtzen du. Horretarako atxikimendua sustatuko luketen zenbait portaera biltzen dira, hala nola, bestearekiko gertutasun nahia, beraien nahiei erantzuteko gaitasuna edo erlazioaren inguruko espektatibak.

Guk, zehazki, atxikimendu ez segurua bi dimentsiotan neurtzen duen tresna erabiltzen dugu: dimentsio ekiditzailean eta abandonuaren aurreko antsietatean. Dimentsio hauek atxikimendu ekiditzailea eta antsiatia lirateke. Dimentsio ekiditzailean puntuazio altuak dituzten gizabanakoek, bikotekidearekin gertutasuna ekidingo dute eta gertutasuna nahi duenean deseroso sentituko dira. Dimentsio antsiatian puntuazio altuak dituzten gizabanakoetan, bikotekideak harremana utziko duen kezka nabarmenduko da eta bikotekidearekiko gertutasun beharra adieraziko dute.

 Zenbat eta atxikimendu handiagoa...

Atxikimendu segurua duten gizabanakoek emozioak era egokiago edo adaptatiboagoan erregulatzeko gaitasuna izango dute. Aldiz, atxikimendu ez segurua (ekiditzaileak eta antsiatiak) duten gizabanakoek emozioak erregulatzeko arazo gehiago dituzte. Hau, bikote gatazketara isladatzen badugu, gatazka bat sortzen den momentuan, hauek egoera hau estresagarriagotzat hartzen dute atxikimendu segurua dutenak baino. Prozesu honetan, beraiek besteekiko eta munduarekiko dituzten eskema mentalak, gatazkei era negatiboagoan erantzutera eramango die. Hau da, gatazka baten aurrean estrategia negatiboagoak erabiltzeko joera handiago dute gatazka ekidinez, egoera horretatik alde eginez eta baita portaera agresiboagoak erabiliz.

Neurtu genituen gatazkak bi izan ziren: erretiratze eta demanda/agresio gatazka estrategiak. Erretiratze estrategien artean isilik egotea, alde egitea eta gatazka ekiditea neurtzen ziren. Demanda/agresio estrategiak berriz, bikotekidea iraintzea, bikotekidea mehatxatzea edo bikotekidea jotzea neurtzen zituen.

Generoaren arabera gatazkei aurre egiteko estrategiak aldatzen diren ere jakin nahi izan duzu. Zer diote emaitzek?

Gatazka estrategiei dagokienez, ez dugu genero ezberdintasun nabarmenik aurkitu. Literaturan, gizonezkoen erretiratze estrategia eta emakumeen demanda estrategia aztertu duten ikerketa ugari dago, eta gure kasuan, estrategia guztietan (erretiratze, demanda/agresio eta estrategia positiboak) emakuzmekoek altuago puntuatu dute. Hala ere, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak ez dira esanguratsuak izan.

Ikerketarako bikote harreman egonkor baten parte ziren 300 pertsonekin egin duzu lan.

Ikerketako lagina lortzea ikerketako parterik zailena izan dela uste dut. Izan ere, bikote erlazio batean, gutxienez 6 hilabetez zeuden gizabanakoak behar genituen arren, gure ikerketako helburuetako bat bikotekide biak lortzea izan zen. Izan ere, bi parteek parte hartuz gero, gizabanakoen artean gertatzen diren zenbait dinamika eta hauek azaltzen dituzten prozesu eta portaeren inguruan informazioa izan genezakeen.

Betebeharreko baldintzak hauek izan ziren: 18 urtetik gorakoa izatea, momentu horretan bikotekidea izatea eta  gutxienez 6 hilabetetik gorako erlazio esklusibo batean murgilduta egotea.

Erakunde eta toki ezberdinetara jo genuen lagina lortzeko. Alde batetik, herrialde ezberdinetako kultur etxe eta emakumeen elkarteetara eta bestetik, herrialde ezberdinetan egiten ziren formakuntza tailerretara. Honez gain, kontaktatutako gizabanakoek ezagunei ematen zieten informazioarekin (elur-bola prozesua deritzona) ere bai.

Gure proiektua erakunde eta toki ezberdinetan azaldu ondoren, jendeari geure kontaktua ematen genion nahi zuenak gurekin kontaktuan jarri ahal izateko eta ondoren geure tresna pasatzen hasteko. Behin kontatuan jarrita beraiekin hitzordua finkatzen genuen.

Beraiekin emaitzak partekatzeko aukerarik izan duzu? Zer diote?

Ez, egia esan oraindik ez dugu aukera izan emaitzak partekatzeko, baina gure helburuetako bat da.

2021eko ekainean aurkeztu zenuen doktorego tesia. Nola bizi izan duzu tesi prozesua?

Tesi prozesua orokorrean nahiko ondo bizi izan dut, eta bukaerako prozesua nik uste baino hobeto. Egia da tesiko lau urteak gora-beherez betetakoak izan direla; momentu batzuetan lasai eta estres gabe, eta beste batzuetan berriz itota.

Zein erronka dituzu orain eskuartean?

Tesiko lau urteetan lantzeko eta argitaratzeko denbora izan ez dugun artikuluak lantzea dugu gertuko helburu. Horretarako doktorego osteko kontratu edo beka bat irabaztea litzateke orain hoberena. Irakaskuntzan hastea ere gustatuko litzaidake.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Ba erronka galanta izan zen eta aldi berean dibertigarria ere bai. Lau urtetan egindako lan guztia horren labur adieraztea eta aldi berean ulergarria izatea oso zaila da. Hala ere, kalean jendeari zertan ari zaren kontatzen diozunean bezalaxe da. Ez da erraza labur-labur ikerketaren atal garrantzitsuenak adieraztea.

txiotesia,elkarrizketa