Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Inspira proiektua 2017rako aholkularien bila

Dokumentuaren akzioak

Inspira proiektua 2017rako aholkularien bila

2017/03/23 - unibertsitatea.net
Deustuko Unibertsitateak sustatutako proiektua da, Elhuyar Fundazioaren eta Innobasqueren laguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duena. Helburua, orokorrean ikasleen artean eta bereziki nesken artean bokazio zientifikoa eta teknologikoa bultzatzea.

Inspira nesken bokazio zientifiko eta teknologikoa bultzatzeko EAE mailako proiektua da. Ikasleen artean bokazio zientifikoa eta teknologikoa bultzatu asmoa badu ere, bereziki, nesken artean dagoen premia handiak bultzatu du proiektua. Urtetik urtera jaisten doa teknologia ikasketetara jotzen duten ikasleen kopurua. Eta emakumeen kasuan nabarmenagoa da. Proiektuko arduradunen esanetan "nahiz eta Espainiako unibertsitate-sistemako ikasleen % 54,3 emakumezkoa izan, % 26,4raino jaisten da emakumezkoen ehunekoa arlo teknikoen titulazioetan, hala nola ingeniaritzan eta arkitekturan".

Deustuko Unibertsitateak sustatutako proiektua da, Elhuyar Fundazioaren eta Innobasqueren laguntza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duena.

Nesken artean STEAM arloak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean taldeko mentoring-a (aholkularitza) erabili duen lehen proiektua da.

Fase pilotua 2016an egin zen eta 17 emakumezkok parte hartu zuten borondatezko aholkulari legez. Zientzialariak eta teknologoak ziren denak; enpresa mundukoak, ikertzaileak, kudeaketa arlokoak, hezkuntza arlokoak...Aholkulari horiekin egindako lan-saioetan EAEko 11 ikastetxetako 200 neska baino gehiagok parte hartu zuten. Estereotipoak, lana edota emakumeak eta zientzia izan zituzten mintzagai.

2017an nesken aholkulari izan nahi duten zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen bila dabiltza orain. 

Zer dakar aholkulari izateak? Antolatzaileen esanetan norbere lanbideko onena neskei transmititzeko konpromisoa, ilusioa eta gogoa.

Betebeharrak:

  • 15 orduko doako prestakuntza “Generoa eta teknologia” eta “Aholkularitzako dinamikak” gaien inguruan. 3 saio izango dira ostiral eta larunbatean.
  • Ikastetxeetako neska taldeekin aholkularitzako 6 saio egitea, ordubeteko iraupenekoak, eskola-orduen barruan. Taldea ikastetxeko talde guztietako neskek osatuko dute, 8 eta 14 urte bitartekoek. Batez ere, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoek.
  • Saioak 2017ko irailetik abendura egingo dira, ikastetxeak eta aholkulariak adostutako egun eta orduetan.

Deustuko Unibertsitateak hau eskaintzen du:

  • Prestakuntza, arloko adituen aldetik.
  • Materiala baliabide eta jarduerekin, aholkularitza saioak egiteko.
  • Proiektuaren eta emaitzen zabalkundea egitea.
  • Prozesu osoan laguntza eman eta jarraipena egitea.

Interesa dutenek formulario hau bete behar dute martxoaren 31 baino lehen.