Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iñigo González de Arrieta: "Materialen emisibitate infragorria egoki neurtzea ez da batere erraza"

Dokumentuaren akzioak

Iñigo González de Arrieta: "Materialen emisibitate infragorria egoki neurtzea ez da batere erraza"

2022/11/14 - Unibertsitatea.net

Iñigo González de Arrieta Martínez (Bilbo, 1993), Fisikan Graduatu zen UPV/EHUn eta Fisika Aplikatua Sailan egin zuen tesia. Egun, CNRS  Orleansen (Frantzia) egiten du lan, Eusko Jaurlaritzako doktoretza-ondoko laguntza bati esker. Bere ikerketa gaiak espektroskopia infragorria eta materialen propietate termofisikoak dira.

Fisika ikasi zenuen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Niretzat fisika ikastea oso erabaki erraza izan zen. Orain nota altuko gradu bihurtu da eta enpresa askok baloratzen dute horrelako formakuntza, baina ez zen horrela duela hamar urte. Garai hartan, nahiko bide frikia zen ikerketa egitera bideratutakoa. Horrek nahiko ondo deskribatzen nau, egia esan. Unibertsitatera sartu aurretik baneukan ikerketa egiteko grina eta hirugarren mailan hasi nintzen ikerketaren inguruan galdetzen. Bultzada txiki bat baino ez nuen behar izan, eta Manuel Tello katedradunak eman zidan.

Ordezko energia iturrietan erabiltzeko materialen gainean ikertu duzu.

Ikerketa-taldearen lehen izena Erradiometria Infragorria zen eta materialen erradiazio termikoa ikertzen zuen, batez ere. Zoritxarrez, minbizi agresiboa detektatu zioten nire zuzendariari eta taldea hankaz gora geratu zen. Beraz, Manuel Telloren erretiroarekin batera, taldearen konposizioa eta izena aldatu ziren. Orain, Materialen Propietate Termofisikoak deitzen da eta ikertzaile nagusia Gabriel López da. Tesiaren gaiari dagokionez, hiru motatako materialen emisibitate infragorriak aztertu nituen UPV/EHUko HAIRL tresna berezia erabiliz. Material berri horien aplikazioak eguzki-energia termikoa eta fusio nuklearra ziren, tenperatura altuetan erradiazio termikoa garrantzitsuagoa delako.

Tenperatura altuak jasan behar dituzten materialak izan behar dira.

"Tenperatura altuak" ikuspuntuaren arabera. Ez dira burdinoletakoak bezain altuak, adibidez, baina bai egunero jasaten direnak baino askoz altuagoak, 500 eta 800°C bitartekoak. Tenperatura altuak garrantzitsuak dira energia eraldaketa eraginkorragoa izateko, Carnot printzipioaren arabera. Horretaz aparte, oxigenoa jasaten duten edo hutsean egon behar diren materialak ere bereizi behar dira.

Material hauen emisibitate infragorria neurtzea garrantzitsua da. Zergatik?

Hau da gehien entzun dudan galdera, kongresu guztietan. Bero-transferentziaren arloan erradiazio termikoaren garrantzia ezaguna da, baina jendeak ez daki zeinen zaila den neurketa egokiak egitea. Askotan erantzuna bibliografiako taula batean aurkitu daitekeela uste da, baina ez da horrela. Birritan gertatu zait pertsona bat lagin bat deskribatzera nigana hurbiltzea eta bero simulazioetan zein zenbaki jarri behar duen galdetzea. Ez da hain erraza! Batez ere, mikroestrukturak eta gainazalaren egoerak baldintzatzen dute emisibitatea. Arazo tipiko bat gainazalaren oxidazioa da, baita ikusezina den kasuetan ere.

UPV/EHUk duen HAIRL tresnarekin aritu zara lanean.

Azken galderaren harira, emisibitate neurketak ez dira oso arruntak eta ez dago propietate hau ezaugarritzeko tresna daukan laborategi askorik. Kopurua hazi egin da azken hamarkadan, Txinan sortutako laborategiengatik, baina Europa osoko laborategiak lauzpabost dira. Leioan dagoen gure HAIRL tresna (High-Accuracy Infrared Radiometer) Leire del Campok eta nire zuzendari ohiak, Raúl Pérezek eraiki zuten duela 15 urte. Lau doktorego tesi egin dira tresna honekin eta oso ondo funtzionatzen du, baina doikuntza serio bat behar zuen tesia hasi nuenean. Tresna horren hobekuntza instrumentalek eta metodologikoek nire tesiaren ia erdia hartu zuten. Gure helburua Europako institutu metrologiko nazionalen mailara hurbiltzea zen, baina oraindik ez dugu guztiz lortu.

Material berrien emisibitatea ere frogatzeko aukera izan duzu. Zer erakutsi dute emaitzek?

Erreferentzia askotan azaleko azterketak egiten dira bakarrik eta horregatik ez genekien zer aurkituko genuen. Hala ere, joera interesgarriak aurkitu genituen lagin guztietan, batez ere materialen mikroestrukturarekin lotuta. Adibidez, eguzki-energia xurgatzaileen artean, poroen tamainak, eragin oso handia zuen emaitzetan. Bestalde, fusio-energiarako banadiodun aleazioetako kasuan, korrelazio bat aurkitu genuen emisibitatearen eta tratamendu termikoen artean.

Material hauek ordezko energi iturrietan erabiltzeko aukerarik egon da edo egongo da?

Galdera zaila da. Eguzki-energiaren kasuan, gure kolaboratzaileek patente pare bat erregistratu dute eta produktu horiek garatzeko zenbait enpresarekin hitz egin dute. Eguzki-energia termikoaren sektorean, fotovoltaikoan baino diru gutxiago mugitzen da, baina badirudi egoera azkar aldatzen ari dela. Fusio nuklearraren kasua, ordea, nahiko berezia da. Guztiok entzun dugu "50 urte barruko" kontua dela. Gainera, gaur egungo erreaktoreetan (ITER, DEMO) altzairu bereziak erabiltzen dira, baina guk ikertutako banadiodun aleazioak oraindik ez daude prest besteak ordezkatzeko. Beraz, ikerketa honek lotura handiagoa du materialen zientziako ikerketekin, epe laburreko produktuen diseinuarekin baino.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Gehiegi! Oraindik ez ditut tesiaren emaitza guztiak argitaratu eta Frantzian egiten ari naizen ikerketak aukera asko ireki dizkit. Hemen ere emisibitatea neurtzen da, baina tresna esperimental eta simulazio numerikoak egiteko programa gehiago dago. Momentuz, nire gairik garrantzitsuena aluminioaren errekuntza da. Prozesuaren erradiazio termikoa ikertzen ari naiz, aluminioa bektore energetiko izan daitekeen aztertzeko. Aluminioak ez du energia primariorik sortzen, baina bero-kopuru ikaragarria askatzen du erreaktore espezializatuetan erretzen denean, eta bere produktuak (oxido solidoak) erraz birzikla daitezke energia berriztagarriekin.

Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Uste nuena baino dibertigarriagoa, egia esan. Nire ustez, zientzialariok arazo handia dugu gure lana dibulgatzeko, ez dakigulako oso ondo nola egin eta zein tonu edo hitz erabili. Hala ere, sare sozialetako memeak eta txisteak lagungarriak dira, mezua erakargarriago bihurtzen baitute. Gainera, gure lana asko laburbiltzera eta gure lagunak bezalako jendearentzat interesgarria zer izan daitekeen pentsatzera ere behartzen gaitu Txiotesiak. Uste dut askok lehen aldiz jakin zutela zein zen nire tesiaren gaia haria irakurri zutenean...


txiotesia,elkarrizketa