Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian "Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian" jardunaldia ekainaren 22an Bilbon

Dokumentuaren akzioak

"Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian" jardunaldia ekainaren 22an Bilbon

2017/05/29 - unibertsitatea.net
UEUrentzat estrategikoa den jardunaldi honek emango die hasiera 45. Udako Ikastaroei

"Gutxi dira orain arte Ingurune digitalaren inguruan Euskal Herrian egin diren ikerketak, master bukaerako lanak edota doktorego-tesiak, ez bada alde teknologikotik. Hutsunea bereziki gizarte-zientzietan eta diziplinen arteko ikuspuntutik sumatzen dugu, eta horregatik gai hauek ardatz dituzten ikerlariak bildu genituen Ikergazte kongresuan maiatzean. Bide berean, pausu bat gehiago emanez, ikerketa hauek sustatu eta barnebilduko lituzkeen institutu batez arituko gara oraingoan". Era horretan aurkeztu dute antolatzaileek "Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian" izeneko jardunaldia. Bilbon izango da, Azkuna Zentroan, ekainaren 22an eta UEUren 45. Udako Ikastaroei hasiera emango die.

UEUrentzat garrantzia berezia duen jardunaldia da Iñaki Alegria zuzendariaren esanetan. UEUren helburu estrategikoekin bat egiten duelako: "Euskal Herrian Interneten eta IKTen gaineko ikerketa zentro baten beharra jendarteratu eta indartzea; Euskal Herriko zein atzerriko Interneten inguruko zentroen esperientziak ezagutzea eta Unibertsitateak Unibertsitateak, administrazioak eta enpresak elkarlanean jartzeko aukerez hausnartzea. Aurtengoak iaz egin genituen “Euskarazko on-line eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak” jardunaldien jarraipena izango dira".

Jardunaldian hasteko Oxford Unibertsitateko esperientzia ezagutzeko aukera izango da. Institutua sortzeko arrazoien eta beronen ekarpenaren berri emango du Victoria Nash irakasle eta ikertzaileak. Ondoren euskal adituen mahai-ingurua izango da, ingurune digitalaren arloko ikerketak Euskal herrian zein puntutan dauden jakiteko; eta azkenik, erakunde publikoetako eta gizartearen ordezkariek institutu horrek euskal gizarteari eta Euskal Herriari egin diezaiokeen ekarpena landuko dute.

 

Egitaraua

09:30-09:45 Agurra. Euskal Unibertsitatea Online. Iñaki Alegria. UEUko zuzendaria eta Koldo Diaz jardunaldiaren koordinatzailea

09:45-10:15 Keynote-a: Ingurune digitalaren institutu baten garrantzia eta beharra. Victoria Nash (Oxford Internet Institute)

10:15-11:30 Mahai-ingurua: Ingurune digitalaren inguruko ikerketak euskal unibertsitateetan

11:30-12:00 Kafe-etena

12:00-13:15 Mahai-ingurua: Gizartea, erronkak, beharrak eta aukerak

13:15-14:00 Ondorioak eta aurrera begirako erronkak. Koldo Diaz (UEU eta UPV/EHU)