Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian INGUMAtik ARTIZARRAra

Dokumentuaren akzioak

INGUMAtik ARTIZARRAra

2018/05/09 - Iñaki Alegria
"Artizarra proiektu soziala den neurrian ez da proiektu bukatua. Aurkezten duguna proiektuaren hasiera da, komunitate zientifiko-teknikoaren laguntza behar duena, are gehiago, arrakasta izango badu komunitatea bihurtu beharko da proiektuaren jabe".

Udako Euskal Unibertsitateak Artizarra.eus plataforma berria sareratu du. "Euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala" izan nahi du Artizarrak, ikerlari eta profesionalen arteko harremanak erraztuz. Ezaguna denez sare sozialak harreman arinak kudeatzeko tresna egokia da. Harreman horiek lagunen artekoak izan daitezke, eta horretako daude sare sozial ezagunenak, baina profesionalak ere izan daitezke eta horregatik arrakasta handia izan dute Linkedin lan-harremanetarako eta Google Scholar edo Research Gate sare akademikoetarako. Sare horiek izan dira Artizarraren inspirazioa, baina helburu berriarekin: euskal komunitatea zientifiko-teknikoa trinkotzea.

Artizarra proiektuak UEUko Inguma.eus datu-basea du abiapuntu. Ingumak azken 40 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du. Batzuentzat harrigarri bada ere, bertan dokumentatuta daude hamar mila bat irakasle-ikerlari-teknikari, bi mila bostehun liburu, hamabost mila bat artikulu zientifiko eta ia zazpiehun doktorego-tesi besteak beste. Oso tresna ahaltsua eta sendoa da dokumentazioaren ikuspuntutik, eta horri esker, kontuan hartzen da akademian hainbat kalitate-adierazle neurtzeko. Baina motz geratzen da komunitatearen eta dinamismoaren ikuspuntutik. Datu-base kontrolatu bat da, eta hori oso garrantzitsua da fidagarritasunaren aldetik, baina pertsonen informazioa kudeatzean edo haien arteko harremanak bideratzean egiten du kale.

Gero eta gehiago, globalizazioa dela edota prekarietatea dela, komunitate zientifikoaren partaideak mugitzen dira, unibertsitatez edo ikerketa zentroz aldatzen dira, eta kontaktuak galdu egiten dira. Hori detektatu dugu Ikergazte kongresu arrakastatsuan. Komunitatearen sarea josteko lehen gune fisikoak (fakultateak, ikerguneak, udako ikastaroak...), bere mugekin, nahikoak ziren. Gaur egun zailagoa da hori, eta, gainera, behar handiago dago diziplinen arteko loturak handitu diren heinean. UEUn ere nabaritu dugu hori. Bazkide eta sailen sare sendo bat dugu aspalditik, baina orain gure erakundearekin hain harreman estua ez duen komunitate bat dugu orbitan, lan interesgarria egin dezakeena ondo kudeatuz gero. Tresna berriek horretan guztian lagun dezakete.

Sareratu dugun tresna berriak hainbat funtzio ditu komunitatearen saretzea helburu duela: eztabaidak, laguntza-eskeak eta galdera-erantzunak bideratzeko foroak, adituen bilaketa, lagunen jarraipena, norberaren ekoizpena eta curriculum vitae zabaltzea... Gauza xumeak dira, baina askotan garrantzitsuak. Ezagutzen ez nuen teknika baten bidez astetako lana aurreztea edo profila bertan edukitzeagatik lan baterako deitzea ohiko gertaerak dira halako saretan. Askotan pentsatzen da sare globalak erabiltzearren errazagoa izango dela aurrekoa gertatzea, baina Ikergazten aipatu zena ere gertatzen da: "Danimarkan bilatzen ari nintzen espezialista nire bulegoko pasillo berean zegoen. Interneten bidez jakin nuen". Interneten lokala eta globala ondo konbinatzea da gakoa. Artizarra ez dator beste sareak ordezkatzera, osatzera baizik. Eta euskarari bere tokia ematera.

Artizarra izenak ere bere sinbologia du proiektuan. Esan bezala, harreman arinetarako tresna bat dira sare sozialak, beraz, ez genuen masa handiko planeta bat aukeratu nahi, orbita ere ez zen oso zabala izan behar, ezta gertukoena ere. Artizarra hala zen eta hor zegoen. Gainera Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera goizeko izarra da!

Artizarra proiektu soziala den neurrian ez da proiektu bukatua, martxan jarri eta ibiliko dena erakunde bati esker. Aurkezten duguna proiektuaren hasiera da, komunitate zientifiko-teknikoaren laguntza behar duena, are gehiago, arrakasta izango badu komunitatea bihurtu beharko da proiektuaren jabe.

Hortaz, eman izena artizarra.eus gunean eta etorri Artizarraren orbitara!

Iñaki Alegria

 UEUko Zuzendari ohia