Dokumentuaren akzioak
IkerGazte 2017 kongresuak helburuak bete ditu
Hiru egunetako jardunaren ondoren, bukatu da IkerGazte 2017 kongresua. Sariak banatu dira eta balorazioak egin eta hurrengoa prestatzen hasteko ordua iritsi da. 180 ikertzailetik gora bildu dira kongresuan. Horietatik 122 ikertzailek euren lanak aurkeztu dituzte eta denek ere besteen ikerketak ezagutzeko aukera izan dute. Euskarazko ikerketari ikusgarritasuna emateaz gain eta sareak sendotzeaz gain, produkzio zientifikoa areagotzea ere badenez helburu, komunikazio guztiak argitaratuko ditu UEUK.
Iñaki Alegria UEUren zuzendaria pozik dago edizio honek eman duenarekin: “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda. 2010. urtean ezagutza alor guztiak bilduko zituen kongresu baten ideia sortu zen UEUn, eta duela bi urte Durangon antolatu genuen. Apustu oso handia izan zen lehenbiziko kongresua UEUrentzat, eta are gehiago bigarren hau, beti esaten baita bigarrengoa antolatzea izaten dela zailena. Baina erantzuna ikusita (180 ikertzaile eta 122 komunikazio), kongresua arrakastatsua izan dela esan dezakegu zalantzarik gabe, eta erreferentzia bat bihurtzen ari dela. Edukiak benetan kalitate handikoak izan dira eta aurkezpenak ere maila berekoak izan dira. Horretaz gain, aurten bilgune izaera hori gehiago lortu dugu. Zorionak eman nahi dizkiet ikertzaile gazteei, beraiek izan direlako protagonista. Azkenik, IKERGAZTE aurrera ateratzeko bidelagun ezin hobeak ditugula esan behar dugu, eta haiek ere eskertu: NUP, UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala”.
Miren Josu Omaetxebarriak, batzorde zientifikoko koordinatzaileak, ere hitz onak besterik ez ditu kongresuaren ondoren. Sentsazio ona. Gauzak findu eta hobeto egin direlako.
Irabazleak
- Giza Zientziak. Garazi Arrula Ruiz (Tafalla, 1987) “Erdaraz, mesedez»: Auto-itzulpen literarioa Euskal Herrian, ikuspegi orokor bat” UPV/EHU
- Gizarte Zientziak. Aratz Ramirez de la Piscina Arrillaga (Gasteiz, 1988). Nanoteknologien eta RFID dispositiboen arteko konbergentzia teknologikoa: pribatutasunarentzako mehatxu berri baten atarian? UPV/EHU
- Zientziak. Ex equo:
- Amaiur Esnaola (1992, Donostia). Piriniotako muturluzearen (Galemys pyrenaicus) ekologia espazial eta trofikoa: kontserbaziorako funtsezko faktoreak. UPV/EHU
- Ania Ibarguren (1988, Donostia). Noaingo oilategi konpostagailua etxeko soberakin organikoak aprobetxatzeko ikerkuntza partehartzailea. NUP
-
Osasun Zientziak. Olatz Goñi Balentziaga (1999, Donostia) Tumoreak, estres sozialak eta estresari aurre egiteko estrategiek jokabide depresiboan eta garunaren aktibitatean duten eragina. UPV/EHU
-
Ingeniaritza. Jaione Etxebarria Elezgarai (1986, Ondarroa). Gailu mikro-fluidiko analitikoetarako osagaien garapen eta azterketa. UPV/EHU
UEUk ere poster aurkezpen onenak ere saritu ditu:
1. Giza Zientziak. Begoña Altuna Díaz (1989, Bilbo) Euskarazko ezeztapenaren tratamendu automatikorako azterketa. UPV/EHU
2. Gizarte Zientziak. Beñat Garaio. Gasteiz. “Urkixote eta euskararen aurkako gurutzada”: buru bakarreko etsaia?
3. Zientziak. Nagore Elu Arantzamendi (1992, Ondarroa) Angelman Sindromearen oinarriak ikertzen: Zein da UBE3Aren biktima?
4. Osasun Zientziak. Gotzone Hervás. (1991. Galdakao) Jarduera fisikoa eta gorputz-osaeraren eragina hezur-dentsitate mineralean
5. Ingeniaritza. Haritz Iribas Pardo. (Iruñea). Zuntz optikoan oinarritutako sentsoreen prestazioen muga-efektu berria, egituren egoera monitorizatzea helburu. NUP
Kongresuko laburpen bideoa: