Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iera Hernández Unzueta: "Ocoxin konposatu naturala kimioterapia indartzeko erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute lortutako emaitzek"

Dokumentuaren akzioak

Iera Hernández Unzueta: "Ocoxin konposatu naturala kimioterapia indartzeko erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute lortutako emaitzek"

2021/05/04 - Unibertsitatea.net

Iera Hernández Unzuetak (Larrabetzu, 1990) Biologia lizentziatura ikasi zuen UPV/EHUn. Gero Ikerketa Biomedikoa masterra egin zuen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean eta azkenik tesia defendatu zuen han bertan 2020ko abenduan. Bere tesian nutrizio osagarri baten eragina aztertu du minbizia tratatzeko eta kimioterapia indartzeko helburuarekin. Hain zuzen, kolon-ondesteko minbiziaren gibeleko metastasian eta pankreako minbizian. Masterrarekin hasi zenetik tumorearen mikroingurumena aztertzen aritu da.

Biologia ikasketak egin eta biokimedikuntzaren alorrean murgildu zinen gero.

Nire lehenengo ideia medikuntza ikastea zen baina pazienteak sendatzea baino gaixotasunak ulertzea eta konponbideak bilatzea nahiago nuen, horregatik aukeratu nuen biologia. Momentu hartan, genetika eta antropologiaz gain, ez zegoen gizakiarekin erlazionaturiko ikasgai askorik beraz Erasmus eta SICUE programei esker giza biologiari buruz ikasteko aukera izan nuen. Hala ere, ikasketak ez zeuden zuzenean medikuntzara bideraturik, beraz Ikerketa Biomedikoa izeneko masterra egin nuen eta master amaierako lanarekin jarraituz laborategi berdinean tesiarekin hasi nintzen minbiziaren inguruan.

Minbizia tratatzeko osagarri natural bat aztertzen zabiltza.

Ocoxin elementu natural desberdinez osaturiko nutrizio osagarria da, hala nola, te berdea, kanela, erregaliza, bitaminak, aminoazidoak eta abar. Antzinatik jakina da landareek eta naturako elementuek gaixotasunak sendatzeko ezaugarriak dituztela. Zentzu honetan Ocoxin eratzen duten osagaiek propietate antiinflamatorio, antioxidatzaile eta immunoerregulatzaileak dituzte. Horrekin erlazionatuta, badakigu minbiziaren garapenean inflamazioak, estres oxidatiboak eta immunitate sistemaren deregulazioak funtsezko eragina duela. Horregatik, osagai natural desberdinen konbinazio hau minbizia tratatzeko eraginkorra zen aztertzen hasi ginen.

Minbizi mota birekin frogatu duzue.

Gaur egun heriotza dakarten gaixotasun nagusienetarko bat minbizia da, zehatzago, estatu mailan gehien diagnostikatzen den minbizi mota kolon-ondestekoa da. Kasu gehienetan tumorea heste lodian bakarrik eratzen da, zeina kirurgia bidez erauzi daitekeen, baina pazienteen erdiak metastasia garatzen du gibelean eta horretarako ez dago sendabiderik. Zentzu honetan, gure ikerketa taldeak kolon-ondesteko minbiziaren gibeleko metastasiaren garapenean parte hartzen duten elementuak aztertzen dituenez, jarabea eredu horretan aztertu genuen. Emaitza onak lortu genituenez, horren ostean beste minbizi eredu bat aukeratu genuen, pankreako minbizia hain zuzen ere, hain ohikoa ez den arren heriotza tasa oso altua baitu.

Kimioterapia da minbizia tratatzeko bide ohikoena, baina baditu bere albo kalteak.

Minbiziaren ezaugarrietako bat zelulen etengabeko zatiketa da. Horri aurre egiteko kimioterapia erabiltzen da, zeinak hazkuntza azkar hori gelditzea duen helburu. Zoritxarrez gorputzean etengabe zatitzen ari diren zelula osasuntsuak ditugu, adibidez odolekoak, ahokoak, urdailekoak, hestekoak, edo ile folikuluetakoa, eta kimioterapiak, hauek ere kaltetzen ditu zehar efektuak eraginez (ahoko zauriak, goragalea, beherakoa, ilea galtzea…). Horregatik pazienteen bizi kalitatea nabarmen kaltetzen da eta askotan pazienteek kimioterapia utzi behar izaten dute.

Ocoxinek albo kalte hauek murriztu nahi ditu.

Ocoxin kimioterapiaren efektu kaltegarriak arintzeko helburuarekin sortu zen. Kimioterapiak ahoan eta digestio sisteman sortzen dituen arazoak direla eta, gaixoek nutriente gabezia aurkezten dute, horregatik jarabe honen bidez pazienteek faltan dituzten elementuak lortzeko aukera dute.

Gainera kimioterapiaren albo kalteak murrizteaz gain, Ocoxinek berak minbizi tumoreen hazkuntza eta minbiziaren garapena faboratzen dituzten baldintzak lehengoratzeko gaitasuna duela frogatu dugu.

Zer erakutsi dute orain arteko emaitzek?

Aipatu dudan moduan, orokorrean, lortutako emaitzek konposatu natural hau kimioterapia indartzeko erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute. Bestalde, kimioterapiak duen beste eragozpen bat kimioerresistentzia da, hau da, askotan tratamendu honek ez du eraginik izaten tumoreengan. Gure behaketen arabera, berriz, Ocoxinek erresistentzia hori lehengoratu egin dezake. Ikusten duzuen moduan, jarabe naturala den arren emaitza interesgarri ugari lortu ditugu. Eta ez guk bakarrik, konposatua beste minbizi batzuk tratatzeko ere frogatu izan da, esaterako bularreko minbizia, glioblastoma, zelula txikietako biriketako minbizia eta leuzemia mieloide akutua besteak beste.

Emaitzak ikusita, tratamenduetan erabiltzen hasteko aukera ikusten duzu epe laburrean?

Alor honetan epeak oso luzeak izaten dira. Gero eta ohikoagoa da tratamendu konbinatuak erabiltzea beraz, baliteke etorkizunean Ocoxin bezalako osagarriak erabiltzea minbizia tratatzeko. Hala ere kimioterapia ez da minbiziari aurre egiteko aukera bakarra, erradioterapia, immunoterapia eta terapia bideratuak bezalako metodo berriak daude. Beraz interesgarria litzateke Ocoxinen eragina bestelako tratamenduekin batera ere ikertzea.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Bada momentu honetan erronka nagusia zientzialari bezala lan egiten jarraitu ahal izatea da atzerrira joan gabe. Kanpoan gustura aritu izan naiz lanean baina etxean baino hobeto inon ez!

Txiotesian parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan zen?

Proiektu interesgarria iruditu zitzaidan euskaraz ikertzen ari garen guztion lana zabaltzeko eta ezagutzeko aukera ematen duelako. Baina, hainbeste urtetako lana 6 txiotan bakarrik laburbiltzea… hori bai erronka! Gainera, tesiak normalean ez dira ulergarriak izaten eta modu honetan gainerakoek zer egiten duten hobeto jakiteko aukera daukagu.

txiotesia,elkarrizketa