Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Iera Arrieta: "Estereotipoak apurtu eta edozein pertsonarentzat Matematika erakargarria izan daitekeela erakutsi nahi dut"

Dokumentuaren akzioak

Iera Arrieta: "Estereotipoak apurtu eta edozein pertsonarentzat Matematika erakargarria izan daitekeela erakutsi nahi dut"

2019/10/16 - Unibertsitatea.net
Iera Arrieta matematikariak Ahalmen Espazialaren esparrua landu zuen doktorego tesian.

Zarautzen jaio eta bizi da Iera Arrieta matematikaria (1979). Ikasketa guztiak herrian burutu ondoren Matematika karrera ikastera joan zen UPV/EHUra, Leioara. Karrera bukatu bezain laster Donostiako Eskola Politeknikoan (UPV/EHU) hasi zen lanean eta 4 urte inguru ibili ondoren Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolan (UPV/EHU) egin zuen lan urte betez. 2010. urteaz geroztik UPV/EHUren Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Eskolan dihardu Matematikaren Didaktikako klaseak ematen.

 

Matematikaria zara. Noiz hasi zinen zure ingurua betaurreko matematikoekin begiratzen?

Matematika beti gustatu izan zaidan irakasgaia da, baina, egia esanda, irakasle lanetan hasi nintzenean piztu zitzaidan matematikaren harra. Matematika zenbat eta gehiago ulertu orduan eta gehiago gustatzen zitzaidala ohartu nintzen, eta orduz geroztik mundua betaurreko matematikoekin begiratzeari ekin nion, askoz ederragoa delako.

Orain gauzak asko aldatu diren arren, nik ikasi nuen garaian, unibertsitatean 20 baino ez ginen klasean, eta gutxi gorabehera erdiak neskak eta erdiak mutilak ginen.

Ikerketarako saltoa ere eman zenuen.

Unibertsitatean irakasle moduan lanean hasi nintzenean ikerketa egitea ezinbestekoa zela ikusi nuen eta nire aitak (matematikaria baita ere) hasitako bideari heltzeko gogoa sentitu nuen. Horrelaxe murgildu nintzen Ahalmen Espazialaren ikerkuntzan. Tesia defenditu bitarteko urteak gogorrak izan ziren; ikerketako eta dozentziako lana uztartzea ez baitzen erraza; baina gaia gustukoa nuen eta horri heldu nion amaierara iristeko.

Doktorego-tesian Ahalmen Espazialaren azterketa egin zenuen, Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino.

Ahalmen espaziala irudiak eta objektuak mentalki identifikatzeko eta manipulatzeko gaitasuna da. Adimena osatzen duten zortzi faktoreetariko bat da; eta beraz, ahalmen espaliazaren garapena aztertzeak adimenaren garapena ikertzearekin erlazio zuzena du. Ahalmen espaziala neurtzeko galdetegi jakin batzuk pasa behar dira eta, horrela, 100 puntutik pertsona bakoitzak zenbateko ahalmen espaziala duen kalkula daiteke.

Eguneroko bizitzarako garrantzitsua dela diozu.

Bai, adimenaren faktore bat dela kontuan hartuta ezinbestekoa da ahalmen espaziala lantzea. Gaur egun GPSak lan handia aurrezten digun arren, adibidez, ahalmen espazialak hiri bateko mapa bat ulertu eta museo batera iristeko egin beharreko bidea zein den aukeratzen lagunduko digu, edo parkingean utzi dugun kotxea aurkitzen.

Belaunaldi gazteagoak gero eta Ahalmen Espazial handiagoa eskuratzen ari direla ikusi duzu.

Gure ikerketan Haur Hezkuntzatik hasita Unibertsitaterainoko ikasleen ahalmen espaziala neurtu eta aztertu dugu. Bertan, ikasleen ahalmen espazialaren maila gero eta handiagoa dela ikusi dugu; normalean matematikaren ikaskuntzan egindako lanaren ondorioa izango da horren arrazoi nagusia. Gaur egungo kurrikulumean ere pisu handia ematen zaio ahalmen espazialaren lanketari. Horrez gain, 18 urtetik aurrerako pertsonen ahalmen espazialaren maila handitu daitekeela ere frogatu dugu. Badirudi, heldutasunera iristen garenean adimenaren, eta beraz ahalmen espazialaren maila gorenera heltzen garela. Baina guk, Eskola Politeknikoko ikasleen ahalmen espaziala behintzat, garatu egin dela ikusi dugu.

Garai batean baina emakumezkoen eta gizonezkoen Ahalmen Espazialaren artean desberdintasun nabaria omen zegoen.

Bai, hori ziurtatzen duen ikerketa ugari dago baina gure ikerketan adin desberdinetako ikasleetan desberdintasunik ez dagoela ikusi dugu. Garai batean, emakume gehienek ez zituzten goi ikasketak egiten eta, beraz, logikoa dirudi horren ondorioz gizonezkoen aldeko desberdintasunak antzematea. Gaur egun, ordea, emakumea ikasketa eta lan munduan erabat murgilduta dago eta nesken eta mutilen arteko ahalmen espazialean desberdintasunik ez dagoela ikusi dugu.

Matematiken mundua gizarteari hurreratzeko proiektua duzu martxan: Maitematika bloga.

Bai; tesia bukatu nuenean ahalmen espazialaren gaiarekin nahiko saturatuta amaitu nuen. Ikerketa hori alde batera utzi eta 180ºko biraketa bat egiteko apustua egin nuen. Lehen Hezkuntzako Graduko irakasle nintzela kontuan hartuta, Matematikaren Didaktikan bide berriak eraikitzen hasteko gogoa eta beharra sentitu nuen. Urte pare batean buruan forma hartzen joan ondoren, 2018/19ko ikasturtearen hasieran jarri nuen martxan Maitematika proiektua: alde batetik Maitematika bloga eta, bestetik, sare sozialetako (@maitematika123) kontuak. Blogean matematikaren didaktikarako interesgarriak iruditzen zaizkidan ideiak partekatzen ditut; klasean egiten dudan lana jendeari erakustea da blogaren helburu nagusia, gustuko duenak erabili ahal izateko. Azken urteetan joera aldatzen ari den arren, oraindik ere matematikaren ikas/irakaskuntzak eraldaketa handia behar duela iruditzen zait eta aldaketa hori aurrera eramateko nire aletxoa jartzen saiatzen ari naiz.

Sare sozialetatik ere botatzen dizkiguzu matematikekin zerikusia duten erronka txikiak eta bitxikeriak. Garrantzitsua da zuretzat matematika jendearengana hurreratzea.

Sare sozialetako kontuen helburua eta blogekoa desberdina da, bai. Bertan proposatutako jolas eta bitxikeriekin betaurreko matematikoak oparitzen saiatzen naiz (kar, kar,..); estereotipoak apurtu eta edozein pertsonarentzat Matematika erakargarria izan daitekeela erakutsi nahi dut.

Epe laburrean zein proiektu dituzu eskuartean?

Oraingoz klaseekin disfrutatzen jarraitu eta Maitematika proiektua hazten jarraitzeko asmoa daukat, web orrialde bat sortuz, adibidez. Urtebetean proiektua zabaltzen joan da eta bide berriak irekitzeko parada ere eman dit. Zenbait ikastetxekin elkarlanean aritzeko aukera izan dut adibidez, eta arlo desberdinetako jendea ere nirekin harremanetan jarri da matematikaren inguruko mota desberdinetako lanak konpartitzeko. Proiektuak izandako harrera positiboak bultzatuta aurrera jarraitzeko gogotsu eta ilusioz beterik nago.

txiotesia,elkarrizketa