Dokumentuaren akzioak
Iduzki Soubelet Fagoaga: "Maila indibidualean zein kolektiboan indartzeko aukera eskaintzen digu Ikergaztek"
Iruñeko kongresuan parte hartu zuen Iduzki Soubelet Fagoaga lohitzundarrak, artean tesia egiten hasi berria zela. Dagoeneko tesia bukatzear da gizarte psikologian eta Donostiako Psikologiako fakultatean (UPV/EHU) hasi berria da irakasle lanetan.
Zer da zuretzako Ikergazte izatea?
Ikergazte niretzat euskaraz ikertzen dugun pertsonon elkargunea da. Euskal Herri osoan ikerketa lanean ari diren pertsonak ezagutzeko eta haien lanen berri izateko parada ezin hobea da. Gainera, maiz, euskaraz lan egiten dugun pertsonak gutxi garela sentitzen dudan arren, eta maila honetan batzuetan txiki sentitzen naizen arren, sentsazio hori gainditzeko aukera ematen digu Ikergaztek. Horrela, maila indibidualean zein kolektiboan indartzeko aukera eskaintzen digula uste dut.
Iruñeko kongresuan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Iruñeko esperientziaz oroitzapen oso ona dut. Hain zuzen, aurreko galderan esandako arrazoi guzi horiengatik. Egun politak izan ziren: aurkezpenak entzun genituen, jendea ezagutu genuen eta Iruñea hobe ezagutzeko aukera izan genuen ere!
“Erakunde kulturen eta ibilbide profesional generizatuen arteko lotura: ingeniaritzaren kasua” aurkeztu zenuen Maider Larrañagarekin batera. Zertan da zuen ikerketa?
Ikergazten aurkeztu genuen lana gaur egun aztergai dugun ikerketa gaiari buruzko lehen hurbilpena izan zen. Izan ere, tesia egiten hasi berria nintzen momentu horretan. Ordutik, irudikapen sozialen teorian kokatuz, lanbide maskulinizatuen irudikapen profesionalak aztertzen aritu gara. Nondik abiatzen da gure kezka? Egungo lan merkatuan emakumeek pairatzen dugun diskriminaziotik. Maila handi batean, diskriminazio honen oinarrian lan merkatua egituratzen duen segregazio horizontala eta bertikala dago. Zentzu honetan, segregazio honen barne logika ulertzeko, lanbideei atxikitzen dizkiegun esanahiak eta lanbideen barnean ematen diren genero botere harremanak ulertzera bideratu da gure ikerketa ildoa. Horretan gabiltza gaur egun, eta jada zorionez, tesia bukatzear nago.
Iruñetik Baionara. Zein garrantzi du era honetako kongresu batek?
Aurtengo edizioa Baionan izateak lapurtar bezala nire ikuspegitik garrantzia berezia dauka. Batetik, esan bezala, euskaraz ikertzen dugunak gutxi baikara eta Ipar Euskal Herrian are gutxiago. Euskarari eta euskarazko ikerketari ikusgarritasuna ematea ahalbidetuko dio beraz Baionako Ikergaztek. Bestetik, euskaldunen artean ere, maiz, Ipar Euskal Herria bigarren mailan gelditzen den lurraldea dela uste dut, ahanzten den eremua. Ondorioz, Euskal Herri osoko ikertzaile gazteak Baionan biltzea biziki garrantzitsua dela uste dut. Lapurdiko hiriburua ezagutzen ez dutenek hiria ezagutzeko, Euskal Herri guzia gazteon bizi eremu naturala izaten laguntzeko eta elkarren artean sareak garatzen segitzeko.