Dokumentuaren akzioak
Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako Euskal Herriko curriculum onena bilatzeko deialdia ireki dute
Urtero legez, Euskal Herriko curriculum onena hautatzeko deialdia ireki dute Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak. Ekimenaren helburua da Euskal Herriaren kultur garapenari ekarpen handiena egin dion pertsona bilatzea, eta Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculumik onena saritzea.
Norberak, unibertsitateek, eta zientzia eta kultura erakundeek aurkez ditzakete hautagaitzak sariketara. Hautagaitzak aurkezteko, ordea, bi baldintza bete behar dira: batetik, hautagaiaren aurkezpen gutun bat aurkeztu behar da, eta, bestetik, Eusko Ikaskuntzaren inprimaki normalizatuan idatzitako Curriculum Vitaea bidali beharko da. Hautatuak 20.000 euroko saria jasoko du.
Apirilaren 30era arte aurkez daitezke hautagaitzak, eta, ostean, epaimahaikideek hautatuko dute curriculumik onena. Honako hauexek osatzen dute epaimahaia: Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako lehendakariek, eta UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko, UPNA/NUPeko, Nafarroako Unibertsitateko, Paue eta Aturriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta UNEDeko errektoreek.