Dokumentuaren akzioak
Haurrak eta konfinamendua
COVID-19aren alarma egoeran haurrak bizitako egoera ikertu dute UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleek eta KideON ikerketa taldeko kideek.
Konfinamenduko egoeran "txikienen ahotsak" jasotzea izan da helburua eta laginean, EAEko eta Nafarroako 2 eta 14 urte bitarteko 1.200 haurrek parte hartu dute.
Haurren alderdi emozionalak, fisikoak, sozialak eta akademikoak hartu dira kontutan eta emaitzek zera erakutsi dute besteak beste: COVID-19agatik ezarritako arauak onartu dituztela eta garaitu beharreko etsai moduan ikusi dutela medikuak miretsiz. Hala ere, umeek ohi baino maizago negar egin dutela ikusi da, urduriago eta tristeago egon direla eta sarriago haserretu direla. Honi, teknologia berriekiko sortutako mendekotasun harremana ere gehitu behar zaio, baita mugimendu fisikoarekin lotutako jardueren falta. Gainera, agerian geratu da haurrek lagunen falta sumatzen dutela, baita familiakoena eta ikaskide, irakasle eta eskolarena.
Emaitzek konfinamendu egoerak haurrengan eragin kaltegarria izan duela erakutsi dute, bai maila emozionalean, bai fisikoan zein sozial eta akademikoan.
Irakurri albiste guztia hemen: UPV/EHU.