Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haritza Camblong: “UEU bezalako erakundeak eta antolatzen dituzten ekitaldiak funtsezkoak dira Ipar eta Hegoaldearen arteko zubigintzan”

Dokumentuaren akzioak

Haritza Camblong: “UEU bezalako erakundeak eta antolatzen dituzten ekitaldiak funtsezkoak dira Ipar eta Hegoaldearen arteko zubigintzan”

2019/02/07 - Ikergazte2019
Haritza Camblong ikertzaile baionarra Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoan izango da lehenengoz.

 

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea da gaur egun Haritza Camblong baionarra. ESTIA Bidarteko ingeniaritza unibertsitate-eskolarekin ere kolaboratzen du ikerketa lanetan. Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoan izango da lehenengoz.

Zer esan nahi du ikergazte izateak zure ustez?

Lehen aldia da Ikergazte kongresuan parte hartzen dudala, beraz ez da erraza erantzutea. Hala ere, lehenengo ediziotik jakin nuen ekimena martxan jarri zela, eta plazer handia egin zidan, euskararentzat eremu berri bat irekitzen zelako, bereziki.

Ikergazte izateak adierazten du, besteak beste, azken milaka urteetan bezala, euskal hiztun komunitateak oraindik egoera berriei egokitzen dakiela, agian beste milaka urtez bizitzeko.

Zer esan nahi du kongresua Baionan egiteak?

Garrantzi handia du niretzat. Frankismo garai bukaeran, UEU Iparraldean sortu zen, noizbait euskarazko Unibertsitate bat sortzeko asmoz. Beraz, UEU betidanik Iparraldean izan da, antolatzen dituen jardueren bidez; eta Ikergazte ez da salbuespena izanen.

Gainera, iduritzen zait garai batekin alderatuz geroz, harreman gutxiago badela orokorrean Iparraldea eta Hegoaldearen artean. Inguruan ditugun herrialde handien hedabide erraldoiek eta administrazioak eragin handia dute egoera horretan. UEU bezalako erakundeak eta antolatzen dituzten ekitaldiak funtsezkoak dira Ipar eta Hegoaldearen arteko zubigintzan.

Zergatik de garrantzitsua era honetako kongresuko bat?

Kongresu guziak bezala, Ikergaztek ikertzaileen artean ezagutzeko, ideiak trukatzeko edo harremanak sortzeko balio du. Eta bereziki, noski, ikertzaileek haien ikerketa lanak ezagutarazteko eta haiei buruzko iritziak eta iradokizunak jasotzeko.

Gainera, ikertzaile gazteentzat, lehen kongresuak bereziak dira. Ezezagun askoren aitzinean, esperientzia handirik gabe, haien ikerketa emaitzak azaldu behar dituzte. Lan asko egin behar da horretarako, baina asko ikasten da. ikertzaile gazteek, kongresuetan esperientzia duten ikertzaileek baino gehiago lantzen dute haien aurkezpena, eta hori askotan ageri da. Kuriosa da baina nahiko arrunta da gazteen aurkezpenak hobeak izatea.

Energia berriztagarrien eta sare elektriko adimentsuen zure ikerketa zertan da orain?

Azken urteetan denbora asko hartzen dit EHUko “Kontrola sare elektriko adimentsuetan eta sorkuntza banatuan” Masterra kudeatzen. Hala ere, ikertzen segitzen dut, ahal dudan neurrian; bereziki elektro-mugikortsunaren eta mikrosare elektrikoen arloetan energiaren kudeaketa eta kontrolaren ikuspegitik. Energia metatze sistemak eta digitalizazioa (adimen artifizialarekin lotua) garrantzizko gaiak dira ikerketa arlo horietan, eta gai horiek ere lantzen ditugu neurri batean.

ikergazte2019