Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haritz Plazaola: "Eulien genoman aurkitu daiteke gizakietan gaixotasunak sortzen dituzten geneen % 75"

Dokumentuaren akzioak

Haritz Plazaola: "Eulien genoman aurkitu daiteke gizakietan gaixotasunak sortzen dituzten geneen % 75"

2019/03/11 - Unibertsitatea.net
Haritz Plazaola ikertzailea Genetikan doktorea da. Bere ikerketan "Drosophila melanogaster" euli espeziea erabiltzen du.

Haritz Plazaola (Urretxu, 1990) Biologian lizentziatua da (UPV/EHU) eta Genetika eta Genomikan egin zuen masterra gero (Universitat de Barcelona). 2018ko azaroan defendatu zuen doktorego tesia eta Genetikan doktorea da orain (Universitat de Barcelona). Bere lanari buruz gehiago jakiteko elkarrizketatu dugu.

 

Gizakion garunaren garapenarekin zerikusia duten gaixotasunak aztertzeko aukera ematen dute euliek. Izan ere gizakietan gaixotasunak sortzen dituzten geneen % 75 eulien genoman aurki daitekeela diozu.

Animali guztiak arbaso beretik gatozenez, gene asko partekatzen ditugu gure artean. Gizakiok ebolutiboki gertu aurkitzen diren espezieekin, txinpantzeekin esaterako, genomaren ehuneko handia partekatzen dugu, eta ebolutiboki urrunago daudenekin, berriz, ehuneko txikiagoa. Euli bat gizakiarekin konparatuz gero oso ezberdinak direla pentsa dezakegun arren, zelulen eta ehunen oinarrizko funtzioak betetzen dituzten gene berdinak dauzkagu. Pentsa dezagun gizakia etxe orratz bat dela eta eulia zubi bat, arkitektonikoki eta bisualki oso ezberdinak diruditen arren, bi egiturak eraikitzeko erabiltzen diren oinarrizko lanabes asko, berdinak dira.

Orain dela mende bat baina gehiago hasi zen guk ikerketarako darabilgun euli espeziea, Drosophila melanogaster, genetikarekin zerikusia duten ikerketak egiteko erabiltzen. Harrezkero, espezie honetan egindako ikerketek bost Nobel sari jaso dituzte. Euliak ematen duen abantaila handiena erabilgarri dauden erreminta genetikoak dira, genetikoki manipulatzea errazten dutenak. Gainera, euliak mantentzea merkea da eta etikoki ere euliekin lan egitea saguekin lan egitea baina onartuagoa dago gizartean.

Gaur egun, biologiaren alderdi asko ikertzen dira Drosophila erabiliz, adibidez, garapena, garuna, ehunen erregenerazioa, zelula amak… Gaixotasun ugari ikertzeko aukera ere ematen du espezie honek, zuk esan bezala, partekatutako gene horien artean, gizakiotan gaixotasunak sortzen dituzten geneen %75 aurki ditzakegulako. Honela, minbiziaren garapena, gaixotasun neurologikoak, gaixotasun muskularrak edota beste asko ikertzen dira eulia organismo eredu bezala erabiliz.

Drosophilaren edo ozpin-euliaren garunak ikertzen dituzu. Zehazki CIC-a genea.

Drosophilaren ClC-a geneak (gizakiotan ClCN2 deitua) kloro kanal bat kodifikatzen du. Kloro kanal baten funtzioa kloroa zelula barrutik kanpora (edo alderantziz) mugitzea da. Gizakietan, gene honetako mutazioak garuneko MLC (Megalencephalic Leukoencephalopathy with subcortical Cysts) gaixotasun genetikoarekin lotu izan dira, garunaren garapena eta funtzioari erasaten diona. Pazienteek, garun handiagoa dute jaiotzean eta ondorioz, buru handiagoa (makrozefalia).

Garunean bi zelula mota ditugu, neuronak eta glia zelulak. Neuronak, informazioa transmititzeaz arduratzen dira eta glia zelulak, neuronen ongizateaz. MLC gaixotasuna dutenen garunean, glia zelulen hantura gertatzen da, garunean ur-poltsak sortuz. Hantura hau zelula barneko kloro kontzentrazioaren kontrol faltagatik gertatzen da eta mugimenduaren koordinazioan zailtasunak (ataxia) eta atzerapen mentala eragiten ditu.

Gaixotasunarekin lotura duen kloro kanalaren genea eulian ere aurkitzen dela ikusita, gure ikerketaren helburua ClC-a eulietan ere garunaren garapenerako edo funtzionamendurako beharrezkoa den argitzea izan da, eta hala bada, zein funtzio betetzen duen deszifratzea.

Badakigu orain gizakion garunean ematen den MLC gaixotasunari buruz gehiago? Zein emaitza izan dituzue?

Gure ikerketan, ClC-a kloro kanala Drosophilaren garunaren garapenerako garrantzitsua dela ondorioztatu dugu. Zehazki, ClC-a nitxo glialean da beharrezkoa. Nitxoa zelula amak beste zelula batzuez inguraturik egoten diren gunea da. Euliaren garunaren kasuan, inguruko zelula horiek zelula glialak direnez, nitxo gliala esaten zaio. Kloro kanala nitxo glial horretatik kenduz gero, neurogenesia (neurona berrien sorkuntza) ez da egoki ematen eta garun txikiagoa garatzen da. Beraz, garuneko zelula amen proliferazioa kontrolatzeko beharrezkoa da. Halaber, ClC-a kloro kanala neurona askoren konexioak ondo emateko beharrezkoa dela ere ondorioztatu dugu.

Orain arte, MLC gaixotasuna pairatzen dutenenengan ez da deskribatu garunaren garapenean (neurogenesian edo neuronen konexioetan) arazorik, guk eulietan deskribatu dugun bezala. Baliteke gizakien garunaren garapenerako ere kloro kanala garrantzitsua izatea. Gainera, gaixoek erakusten duten atzerapen mentala azalduko luke honek. Etorkizuneko ikerkuntzek erakutsiko dute euliengan duen funtzio bera mantentzen duen ClC-a-k gizakiongan.

Ikerketa Bartzelonan egin duzu, Marta Morey doktorearen ikertaldean. Gainera duela hilabete batzuk irakurri duzu tesia.

Genetika eta genomikako masterra Bartzelonako Unibertsitatean egitea erabaki nuen eta bertako praktikak egiteko hasi nintzen ikertalde honetan. Garapena, neurobiologia eta genetika uztartzeko aukera ematen zidan proiektuak, betidanik gustokoen izan ditudan biologiaren arloak. Proiektuarekin gustura aurkitzen nintzela ikusita doktoregoa bertan egitea erabaki nuen eta lau urteren ondoren, pasa den azaroan genetikan doktoratu nintzen tesia defendatu ondoren. Doktoregoak momentu gogor ugari izaten ditu (asko!), baita momentu oso onak ere, baina hainbeste urte proiektuaren garapenean eman ondoren, tesia defendatzeko egunean egindako lanarekin pozik sentitzea garrantzitsua da. Ni halaxe sentitu nintzenez, ez naiz kexu!

Txiotesian parte hartu duzu. Egiten duzuen lan hori gizarteratzeari garrantzia eman behar zaiola uste duzu?

Ikerkuntzan lana egiten dugunok burbuila moduko batean bizi garela uste dut. Arlo oso espezifikoak ikertzen ditugu eta gauza txiki berriak aurkitzeko denbora asko behar izaten dugu, eta normalean, ikerketa osoan zehar proiektuaz beste ikertzaile batzuekin besterik ez dituzu datuak konpartitzen. Behin datu eta ondorio berriak izandakoan ikertzaileez soilik betetako kongresuetan aurkezten dira edota aldizkari zientifikoetan publikatzen dira, ohikoa denez, ikertzaileek bakarrik irakurtzen dituztenak. Oso zaila izaten da gure lana gizarteratzea eta ikerkuntzan ez dabilena zure ikerketaz jabetzea, baina aldi berean oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Urteetan zehar dibulgaziorako tresna ugari garatu dira, baina gaur egun mainstream diren sare sozialetan ere tresna berriak sortzeari ezin zaio uko egin. Txiotesiak aukera hori ematen du, eta gainera ikertzaileoi ere gure ikerkuntza modu labur eta xinplean esplikatzeko saiakera egitera garamatza. Nik normalean ikertzaile ez diren lagunek egiten dizkidaten galderak hartu nituen oinarri, eta hortik abiatu nintzen. Gainera, txiotesiak beste aspektu bat jorratu du nigan, nire tesia euskaraz gizarteratu ahal izatea. Ohituta nengoen nire datuak ingelesez aurkeztera (edota gazteleraz edo katalanez), baina euskaraz azaldu ahal izatea plazer bat izan da!

Zein erronka dituzu epe laburrean?

Epe laburrean ea tesian garatutako ikerkuntza publikatzen dugun. Baina horren ondoren ikerkuntzan jarraitu edo ez erabaki behar dut. Oso gustoko dudan arren, oso gogorra da ikerkuntzan aurrera egitea. Oso arlo konpetitiboa da eta sakrifizio asko eskatzen du, beti beka ezberdinen menpe baitzabiltza. Zientziatik ez nukeenez nahi aldendu, nire etorkizuna bertan ikusten dut, baina laborategiko ikerkuntzatik kanpo. Ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak!

txiotesia,elkarrizketa