Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Harbil Arregui: "Batez ere garraio adimendunen alderdi ezberdinekin lotutako ikerketa-proiektuetan hartu dut parte azken 12 urteetan"

Dokumentuaren akzioak

Harbil Arregui: "Batez ere garraio adimendunen alderdi ezberdinekin lotutako ikerketa-proiektuetan hartu dut parte azken 12 urteetan"

2022/05/16 - Unibertsitatea.net

Harbil Arregui (Zarautz, 1986), Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilbon, UPV/EHUn. Orduz geroztik, Vicomtech-eko ikerlaria da garraio adimendunen arloan. 2015ean Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimendunen masterra egin zuen eta iazko apiriletik Informatikan doktorea da.

Telekomunikazioan ingeniari zara eta Vicomtech-en ikertzaile.

Matematika eta fisika gustatzen zitzaizkidanez ingeniaritza ikasteko asmoa nahiko argi neukan. Telekomunikazioak aukeratu nituen kablerik gabe informazioa airetik bidali ahal izateak atentzioa deitzen zidalako; batez ere jakin-min horrek bultzatu ninduen aukeraketa hori egitera. Ikerketaren munduan lanean hastea, ordea, ez zen apropos egindako aukeraketa izan. Karrera amaierako proiektua zuzendu zidanak ikasketak bukatu osterako lantoki posiblea Vicomtech izan zitekeela aipatu zidan, proiektuan erabilitako teknologia batzuk erlazionatuta zeudelako. Ordutik nabil hantxe.

Hiri barruko garraioaren mugikortasunaren gaia landu zenuen tesian. Nola sortu zen aukera?

Lanean daramatzadan 12 urteetan ikerketa-proiektu ezberdinetan hartu dut parte, ia gehienak garraio adimendunen alderdi ezberdinekin lotuta: ibilbide optimoen kalkulua, datu-iturri ezberdinen integrazioa eta egituraketa datu-baseetan, datu horien analisia eta abar; garraio-modu ezberdinei lotuta gainera.

Vicomtech-eko proiektuekin jarraituz gaiari buruz tesia egiteko marko egokia neukan eta ibilbide naturala zela esango nuke.

Hirien mugikortasunaren antolakuntza erronka handia dela esan zenigun txiotesian. Zergatik?

Orokorrean hiriaren barruko mugikortasuna oso konplexua da. Garraio-modu ezberdin askok dute elkarreragina beraien artean eta espazioa konpartitzen da: oinezkoak, bizikletak, ibilgailu pribatuak, garraio publikoa… Trafikoaren beraren izaera ere, hiriarteko ibilbideetan baino etenagoa da, bidegurutze, biribilgune eta semaforo ugari baitaude distantzia txikietan.

Mugikortasunaren eskariak (noiz eta nondik nora mugitzen garen) askotan patroi errepikakorrak jarraitzen ditu (egunean zehar, asteko egunetan zehar, urtean zehar) baina ez beti, eta azpiegituraren sarea bera ere aldakorra da. Horri gehitu behar zaio, gainera, sarea ez dela herri edo hiriaren barruan bakarrik geratzen, baizik eta inguruko herriekin konektatuta dagoela. Edozein aldaketak edo espero ez den gertakari batek planifikatutako azpiegiturak ondo ez funtzionatzea eragin dezake: atzerapenak, istripuak, auto-pilaketak...

Mugikortasuna neurtzeko sistemak egon badauden arren, ikuspegi bateraturik ez dagoela zenion. Zure tesian hortxe egin nahi izan du ekarpena.

Egia da gero eta tresna eta sistema informatizatu gehiago daudela martxan mugikortasuna neurtzeko. Baina askotan enpresa edo entitate jakin batek daramatza hiri bateko garraio modu baten kudeaketa-sistemak eta beste batek beste garraio modu batenak, udalak emandako kontzesio bidez. Herriarteko konexioak, gainera, beste administrazio batek kudeatuko ditu. Sistema horien bateragarritasuna ez da zuzena izaten askotan.

Gure lanean, besteak beste, saiatu gara ikuspegi orokor bat izateko kontuan hartu beharreko gauzak biltzen, datuen adierazpidearen aldetik.

Garraioaren azpiegitura osatzen duten aldagai guztien adierazpide digitala sortzea beharrezkoa zela ikusi zenuen. Nola egin duzue?

Bai, batez ere garraioaren azpiegitura osatzen duten egitura multimodalak digitalki nola adierazi proposatu nahi genuen eta mugimendu edo desplazamendu ezberdinetatik eratorritako neurketak (kontaketak, ibilbide-denborak, GPS posizioak, eta abar) adierazpide horrekiko lotzeak duen garrantzia azpimarratu.

Azpiegituraren zati dira fisikoki eraikita dauden errekurtsoak (errepide/kale bat, espaloi bat, trenbide bat…) baina baita zerbitzuak ere (ordutegi jakin bat jarraitzen duten garraio publikoko lineak,…). Neurketak azpiegiturari lotzerako prozesu ezberdinak jarrai daitezke, map-matching deitzen direnak, adibidez, eta horien funtzionamenduari buruzko azterketa kuantitatibo bat egin genuen.

Zer ahalbidetzen du honek?

Zenbat eta hobeto erlazionatu neurtutako datuak azpiegituraren izaera eta uneko egoerarekin, ahalik eta hobeto aplikatuko ditugu datu analisiak eta ikasketa automatikoko algoritmoak, besteak beste. Ikasketa automatikoko algoritmo batzuei, adibidez, pasa diezaiekegu sarrerako datu bezala azpiegituraren sarea modu ezberdinetara kodetuta. Horrela, lokalizazio ezberdinak eta beraien arteko distantziak eta konexioak sarrerako informazio izan daitezke, mugikortasun eskaria aurreikusteko garaian.

Erabiltzen hasi da?

Oraingoz, planteatu dugun kontzeptua zatika erabili dugu tesiaren lanketaren barruan. Adibidez, epe-motzerako aparkalekuen okupazioaren aurreikuspenak egiteko hiri oso batetako datu historiko errealak erabilita. Edo azterketa lokalago bat eginez, biribilgune baten barruan ibilgailuen dentsitatea estimatzeko mikrosimulazio bidez sortutako datuekin.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Mugikortasuna eta logistikaren arloan ikerketa eta proiektu ezberdinen kudeaketarekin jarraitzen dut. Helburu eta testuinguru ezberdinetara aplikatuz, erabiltzen ditudan teknologiak askotan adimen artifizialari lotutakoak badira ere, oinarrian ia beti izaera espazio-tenporala edo geografikoa duten datuekin egiten dut lan, eta hauek, beraien berezitasunak dituzte.

Mugikortasunari lotutako gaur egungo arazo guztiak ez dira teknologiarekin bakarrik konponduko, baina erronka ugari daude teknologia horiekin hobetu edo nolabait aurre egiteko modukoak: mugikortasunaren elektrifikazioarekin lotutakoak, "azken miliakoa" deritzon banaketa edo mezularitza, eta abar.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia positiboa izan zen baina ez zitzaidan batere ariketa erraza iruditu, egia esan. Gehienetan, egindako lanak txosten luze, diagrama edo zientzia artikuluetan azaltzera gaude ohituago eta beti da aberasgarria beste formatu batean lan horiek ezagutara ematen saiatzea. Urteetako lana txio gutxi batzuen bidez azaltzea zaila den arren, norbaiti gaiari buruzko jakinminik sortuarazi banion, merezi izan zuen.

 

txiotesia,elkarrizketa