Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haizpea Abrisketa: "Euskaraz sortzeak duen garrantziaz ez gara nahikoa jabetzen"

Dokumentuaren akzioak

Haizpea Abrisketa: "Euskaraz sortzeak duen garrantziaz ez gara nahikoa jabetzen"

2019/03/26 - Ikergazte2019
Iker zentroko ikertzailea da Haizpea Abrisketa eta UPV/EHUko Historia sailean ari da doktore tesia egiten. Aurtengo Ikergazte kongresuko batzorde dinamizatzaileko kidea da.

Haizpea Abrisketa urruñarrak Euskal Ikasketak egin zituen Baionan (UPPA) eta UPV/EHUko Historia sailean ari da gaur egun doktore tesia egiten, kotutoretza bidez. Kubako independentzia gerlan (1895-98) espainiarren armadaren parte izan ziren euskaldunei buruzkoa da tesia. Aurtengo Ikergazte kongresuko batzorde dinamizatzaileko kidea ere bada.

Iker zentroan ari zara ikertzaile lanetan. Zer da zehatz mehatz zure ikerketa esparrua?

Azken gerra karlistan foruak galdu ondoren, Kubako independentzia gerla garaian (1895-1898), euskaldunek Espainiako armadan parte hartu zuten soldadu gisa. Gerra hartan 2.500 euskaldun inguru hil ziren eta Kuban ehortziak daude. Hildako horiei buruzko datuak biltzen ari naiz alde batetik, eta bestetik, XIX. mende amaierako Euskal Herriko egoera soziopolitikoan gerra horrek zein ondorio izan zuen aztertu nahi nuke.

Ikergazteko Batzorde dinamizatzaileko kidea ere bazara. Zure ustez zergatik da garrantzitsua era honetako kongresu bat?

Nik tesia euskaraz egiteko asmoa daukat; iruditzen zait ikerketa arloan ere euskararen garapena ziurtatzeko modua badela. Euskararen garapenerako garrantzitsua da goi mailako ikerketa euskaraz egotea eta Ikergaztek plaza ederra eskaintzen dio aukera horri. Euskarazko produkzioa eta ikerketa produkzioa euskaraz hedatzeko modu bat da Ikergazte eta hizkuntzak beharrezkoa duen espazio bat eskaintzen du.

Eta aurtengoa Baionan egiteak zer dakar?

Ipar Euskal Herrian euskararen garapenak salto kualitatiboa eman du Euskal Elkargoaren sorrerarekin, baina oraindik ere hizkuntzaren garapena ez dago ziurtatuta. Estatus falta muga handia da zentzu horretan. Halere espazioak irekitzen ari dira eta euskara esparru guztietara hedatzen ari da herritarren eta gizarte eragileen nahikeriari esker. Euskara ikerketa arloan ikusgarri egiteak espazio berri baterako ateak irekitzen ditu eta euskal unibertsitate baten beharra eztabaidagai ezartzen du Ipar Euskal Herrian. Euskara, gazteria eta Unibertsitatea, geroari begirako aldagaiak, batzen ditu eta aditzera ematen du euskararen garapena hortik ere pasa behar dela.

Zein da euskararen egoera unibertsitatean, zein ikerketan?

Gaur egun Baionako fakultatean euskarako ikasketak soilik egin daitezke euskaraz. Bada jada eztabaidagai, urte luzeetako lanari esker, beste ikasketa esparruetan euskarazko ikasgaiak garatzea; baina hizkuntzaren ofizialtasun ezak bideak murrizten ditu. Euskarazko ikerketa Euskal Herri osoan kinka larrian baldin badago, zer esanik ez Ipar Euskal Herrian. Ikergazte bezalako jardunaldiek eztabaida hori ere pizteko balio beharko lukete.

Amaitzeko, zer esan nahi du Ikergaztea izateak zuretzat?

Ikergazte izatea niretzat, lehenik, gure hizkuntzari garrantzia ematea da. Gaur egun oraindik euskararen tokia aldarrikatu beharra baitago. Ikerketak euskaraz garatzeak garrantzia daukala uste dut, ez soilik hizkuntzaren garapenerako, baizik eta ikerketa modua bera moldatu egiten duelako hizkuntzak; eta oraindik garatzeko dagoen mundu bat delako. Euskaraz sortzeak duen garrantziaz ez gara nahikoa jabetzen. Sorkuntza horrek, hain zuzen ere, ekartzen baitu mundu ikuskera bat. Hizkuntza bakoitzak atzean kultura bat dakar, kultura modu zabalean ulertuta. Kontzeptualizazioa, ikuspuntua edo fokalizazioa, mundua begiratzeko dugun talaia, kultura horren subjektibitatetik egiten dugu; baita ikerketa munduan ere; eta hizkuntza bakoitzak bere mundu kontzeptualetik egiten du. Metodoak unibertsalak izan daitezke, baina mamia beti abiatzen da subjektibitate batetik. Euskarak berea badauka eta mundu zientifikoan ikuspegi hori ere egotea ezinbestekoa dela iruditzen zait.

ikergazte2019