Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Haizea Estomba Iturriza: “Morfina, heroina edo metadona bezalako droga opioideek giza ugalkortasunean sor ditzaketen efektuak ezagutu ahal izango dira”

Dokumentuaren akzioak

Haizea Estomba Iturriza: “Morfina, heroina edo metadona bezalako droga opioideek giza ugalkortasunean sor ditzaketen efektuak ezagutu ahal izango dira”

2016/06/23 - Unibertsitatea.net
Haizea Estomba Iturriza ikertzaile donostiarrak Biologia ikasketak egin zituen garaian ezagutu zuen ikerkuntzaren mundua: “Karrerako bigarren zikloan nengoela Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Biologia Zelularreko Sailean hasi nintzen saltseatzen. Bertan ezagutu nuen, lehen aldiz, ikerketa-laborategi batek nola funtzionatzen duen eta horrela konturatu nintzen etorkizunean ikerketa aukera bat izan zitekeela”. Ordutik, biomedikuntza arloa hautatuta, ikerketan dihardu; hain zuzen, ugalkortasun maskulinoa ardatz. Doktore-tesia defendatu berri du urte hasieran eta bere lanaren inguruan jardun gara IkerGazte kongresuan aurkeztu zuen “Opioide-hartzaileen deskribapena eta kokapena saguen hozi-zelula maskulinoetan” artikulutik abiatuta.

Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?

Ondo ezagutzen dudan gaia delako. Izan ere, nire doktore-tesiko ikerketa-lanean oinarritutako emaitzak dira eta, honek, oso eroso sentiarazten ninduen. Bestalde, horrelako kongresuek aukera polita eskaintzen dute norberaren ikerketaren ideiak eta emaitzak mahai gainean jarri eta antolatzeko. Hori guztia dela eta, oso aproposa iruditu zitzaidan gai hau aurkeztea.

Animaliekin egindako ikerketaren bidez gizonen emankortasuna kontrolatzen duten mekanismo molekularren inguruko informazioa jasotzea izan da erronketako bat: lortu duzue? Nola transferitzen dira datu horiek gizakiengana?

Animaliekin, gure kasuan sagu arrekin, egindako ikerketen bidez lortutako emaitzek gizonen emankortasunaren inguruko informazioa gehitzen lagundu dutela egia da. Zehazki esanda, gure emaitzak ernalezintasuna dagoeneko kasuen ulermena areagotzeko urrats bat gehiago dira. Halaber, prozesu honetan parte hartzen duten mekanismo molekularren nondik norakoak ezagutzeko zertxobait falta zaigu oraindik.

Bestalde, animalietatik gizakietara datuak transferitzea ez da lan erraza. Azken finean, espezie ezberdinetaz ari gara eta, beraz, ezin dezakegu pentsa bata bestearen isla hertsia izango direnik. Aldiz, esperimentuen norabidea markatzeko oso lagungarria da. Ezbairik gabe, prozesu luzea da hau.

Nolakoa da espermatozoideen eraketan inplikaturiko zeluletan opioideek duten presentzia?

Sistema opioideak bere jarduera biologikoa barne-peptido opioideen bidez burutzen du eta peptido hauek organismo osoan zehar barreiatuta daude. Euren ekintza fisiologiko ezagunena analgesia izan arren, gaur egun, bestelako funtzio fisiologiko ugari ezagutzen zaizkie. Este baterako, funtzio ugaltzailearen erregulazioa. Hain zuzen ere, sistema opioideak, ugaltze-funtzioa maila askotara kontrolatzen du: nerbio sistema zentral-mailan, maila testikularrean eta zelula espermatikoen mailan ere (Subirán eta lank., 2011). Espermatozoideen eraketan, edo espermatogenesian, peptido opioideek funtzio garrantzitsua betetzen dutela esan liteke. Izan ere, hauekin bat egiten duten hartzaileen, hau da, opioide-hartzaileen presentzia eraketa fase osoan zehar topatu dugu.

Espermatozoideen eraketan egondako akatsen ondorioz funtzionalak ez diren edo kalitate baxuko espermatozoideak ekoizten dira, ernalezintasun arazoak eraginez. Opioide-hartzaileen deskribapenak eta kokapenak nola lagun dezake horretan?

Lehen esan bezala, opioide-hartzaileak beharrezkoak dira espermatogenesiko fase zelular guztietan. Izan ere, euren presentzia etengabea da prozesu osoan zehar. Hau dela eta, opioide-hartzaileen deskribapena eta kokapena ernalezintasun arazoak identifikatzen laguntzeko adierazgarri gisa erabiliko nituzke. Edo, hobe esanda, hartzaileen gabeziak edota hauen kokapen-patroi ezberdinak espermatogenesian akatsak daudela adierazteko baliagarri lirateke.

Espermatogenesiaren arautzean inplikaturiko mekanismo molekularrak ia ezezagunak dira oraindik, nahiz eta oso garrantzitsu izan ugalketa osasunerako. Ikerketa gutxi egin al da? Zein da egoera? Zer espero da?

Kontuan izan behar da opiode-hartzaileak giza espermatozoideetan duela soilik 10 urte deskribatu zituela talde honek lehen aldiz (Agirregoitia eta lank., 2006). Honetaz gain, ohartu ziren espermatozoide helduak transkribapen eta itzulpen mailan jarduerarik gabeko zelulak zirela. Hau dela eta, pentsatu zen opioide-hartzaileak espermatozoide izan aurreko garapen-fasean zehar adierazi beharko zirela. Bilaketa bibliografiko baten ostean opioide-hartzaileak soilik testikuluetako Sertoli zelula somatikoetan deskribatzen zirela ikusi genuen. Aldiz, hauen presentzia hozi-zeluletan ez zen deskribatzen (Fabbri eta lank., 1985).

Aurrekari hauek kontuan hartuta hasi ginen opioide-hartzaileak hozi-zeluletan ote zeuden eta hauen funtzionamendua zein zen ikertu nahian. Azken batean, nire doktore-tesia honetan oinarritu da. Beraz, esan liteke oraindik ikerketa bere hastapenetan dagoela eta mekanismo molekularren inguruko ikerketa batzuk martxan dauden arren, oraindik goizegi da ezer aurreratzeko.

Zuen ikerketak ernalezintasun kasu askoren arrazoiak hobeto ulertzen eta bere aurkako dianak eta estrategia terapeutikoak garatzeko aukera berriak irekitzen laguntzea du xede; zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Etorkizunean, opioide-hartzaileek ugalkortasunean eta, batez ere, espermatogenesian duten garrantzia aztertzen jarraitzea interesgarria litzateke. Alde batetik, opioide-hartzaileek euren funtzioa gauzatzeko zeluletan erabiltzen dituzten barne-bideak argitzen ahaleginduko ginateke seinaleztapen sare bat eraikiz. Honela, morfina, heroina edota metadona bezalako droga opioideek, besteak beste, giza ugalkortasunean sor ditzaketen efektuak ezagutu ahal izango dira. Esate baterako, opiazeoak aisialdi-droga moduan kontsumitzen dituztenen ugalkortasun-egoera neur liteke. Era berean, opiazeoen erabilera klinikoak ugalkortasunean ekar ditzakeen aldaketak, ere, iker litezke. Bestalde, eskuratutako emaitza horiek guztiak ikerketa klinikoetara egokitzen saiatuko ginateke. Honela, sistema opioideak laguntza bidezko ugalketan duen garrantzia aztertuko litzateke teknika hauek hobetzeko asmoz. Adibidez, zelula espermatikoen opioide-hartzaile mota bakoitzaren kopurua neur liteke eta ugalkortasun ezarekin nolabaiteko korrelazioak eraiki litezke. Hau dela eta, ugalkortasun eza dagoeneko kasuetan zelula espermatiko akatsdunak detektatu ahal izango dira teknikaren arrakasta handitzea ahalbidetuz.

Zer da zuretzako ikertzaile gaztea izatea? Zer suposatzen du horrek?

Niretzat, ezbairik gabe, erronka bat da. Ikerketa mundua oso zorrotza da eta gainditu beharreko oztopoak nonahi topatzen dituzu. Honek, hasieran behintzat, nolabaiteko bertigoa sorrarazten dizu. Gainerakoekin alderatuta txiki ikusten zara eta askotan zure burua zalantzan jartzen duzu. Denbora pasa ahala, ohartzen zara oztopoak beti daudela eta egongo direla eta horiek gainditzeko modu bakarra aurrera egin eta zure buruan sinestea dela. Nolabait esateagatik, oztopoak beste perspektiba batetik ikusi eta hazten joateko aukera bezala hartzen dituzu. Azken batean, bizitzako beste esparruetan izan ohi den bezala; ez gehiago, ez gutxiago.