Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gwerfyl Wyn Roberts: “Ikerketan kontzientzia linguistiko eta kulturalaren falta traba izan daiteke oinarrizko ebidentzia ezartzerakoan”

Dokumentuaren akzioak

Gwerfyl Wyn Roberts: “Ikerketan kontzientzia linguistiko eta kulturalaren falta traba izan daiteke oinarrizko ebidentzia ezartzerakoan”

2019/05/28 - Ikergazte2019
Gwerfyl Wyn Roberts-ek Diziplinarteko ikerkuntzaren paperaz jardun du hizkuntza gutxituetako hiztunentzako osasun zerbitzuak hobetzeko. Roberts Galeseko Bangor University-ko School of Health Sciences-eko irakasle titularra izan da, duela gutxi erretreta hartu duen arte.

Gogoan al dituzu ikertzaile moduan emandako lehen pausuak? Zer eraman zintuen ikerketaren mundura?

Orain dela urte asko, erizain legez lehenengoz Cardiffeko ospitale orokor handi batean praktiketan hasi nintzenean, erabiltzaileentzako galesezko zerbitzuen faltaz ohartzen joan nintzen eta horrek arretaren kalitatean zuen eragin ezkorraz; baita beraien gogobetetze mailan eta ongizate orokorrean ere. Gales hiztunak ikusten nituen (askotan adindunak) bertako langileekin ingelesa (euren bigarren hizkuntza) erabiltzeko eginahaletan, borrokan; batez ere arduratuta edo minez zeudenean. Eta ikusi nuen honek guztiak nola gaizki ulertzeak sortzen zituen eta langile eta erien arteko harreman eza zekarren.

Gerora masterra egiteko aukera izan nuenean, horixe izan zen nire ikerketaren ardatza. Ordutik batez ere osasun arretan hizkuntzak jokatzen duen rola interesatu izan zait (batez ere hizkuntza gutxituen testuinguruan). Gales hiztuna izanik, sutsu jardun dut osasun arretan hizkuntza-eskubideak mantentzearen alde eta funtsezko gai bezala onartua izan dadin ziurtatu nahian.

Hasierako urte haietan nazioarte mailan gero eta gehiago salatzen zen osasun arretan egon zitezkeen oztopo linguistiko eta kulturalen eragin ezkorra. Hala ere, ikerketa gehienak ingelesik hitz egiten ez zuten edo oso gutxi hitz egiten zuten etorkinen edo talde etnikoen esperientzietan oinarritu ziren, hizkuntza indigena gutxituetako hiztun elebidunetan baino; galesa kasu.

Aldi berean elebitasuna ulertzeko gure ezagutza garatzen zihoan, baina hori osasun arretan baino hezkuntzako testuingurura mugatzen zen, hein handi batean. Galesaren testuinguru elebidun horretan, osasun arretan lanean ari nintzela, ikerketa eremu zehatz bat garatu genezakeela sentitzen hasi nintzen; Europako gutxitutako beste hizkuntza komunitateetan oihartzuna izan zezakeena.

Lehen pausoak zailak izan ziren!  Osasun arretan irakasle moduan ari nintzen garai hartan, garrantzitsua zen ikerketan interes eta esperientzia berak partitzen zituzten kideak aurkitzea, talde sendo bat sortzeko. Finantzaketa ere erronka bat zen. Erresuma Batuko ikerketa kontseilu handiak ez daude interesatuta galesaren kontuetan soilik zentratzen diren ikerketetan, eta, beraz, gure hasierako finantzaketa iturriak Galeseko Gobernua eta bestelako Galeseko agentziak izan ziren.  Beka proposamenak prestatzea jardun osoko irakasle izanik nekagarria da, gutxienez; baina dirulaguntza lortzeak esan nahi du lan karga berrikusi daitekeela eta irakasle orduak berrantolatu, ikerketa hastea baimenduz. Diru laguntza horrek emaitzen zabalkundearen finantzaketa ere ahalbidetzen du eta urrunagoko bestelako ikerketa taldeekin elkarlanean lan egitea.  Urteotan lankidetza arrakastatsua izan dugu Euskal Herriko kideekin eta Kanadako talde batzuekin. Aukera hauek gure esperientzia aberasteko eta gure lana hobetzeko balio izan dute.
 
Zure esperientzia kontuan hartuta, zein da zure gomendioa ikertzaile gazteentzat?

Nire esperientzia osasun arretara eta osasun zientzietara mugatzen bada ere, badira erabilgarriak izan daitezkeen zenbait aholku orokor:  Interesa baino, zure pasioa pizten duen ikerketa arloa aukeratu. Sinetsi zure buruarengan eta zure gaitasunetan. Findu zure elevator pitch deiturikoa; zure ikerketa gaiarekiko interesa pizteko besteengan. Ezarri epeak eta bete. Zure gogoeten eguneroko moduko bat idatzi; eta berrikusi aldiro, zure bidea gidatzen laguntzeko.
 
Zure hitzaldian diziplinarteko ikerketak  hizkuntz gutxituetako hiztunentzako osasun zerbitzuak hobetzeko duen rolaz arituko zara. Zein da galesaren gaur egungo egoera osasun zerbitzuetan?

Munduko beste hizkuntza gutxitu indigena askoren legez, galesa arlo publikotik baztertua izan zen mendeetan eta duela gutxitik gozatzen dugu hizkuntzaren biziberritzeaz eremu publikoan. Hizkuntzaren gaineko legislazio berriek eta gobernuaren estrategiek orain sustatu eta babestu egiten dute hizkuntzaren erabilera osasun arretan. Ingelesaren moduan tratatu behar da galesa. Galesen herritarrek euren bizitza galesez bizitzeko aukera izan behar dute hala hautatuz gero.

Euskal Herrian bezala eskaintza aktiboaren bidetik jo dugu osasun arretan; eta horrek Galeseko Gobernuko galesaren zerbitzuen esparru estrategikoa indartzen du -  gaitasuna lortzeko langileen plangintza eta garapenean oinarritzen dena- eta elebitasun instituzionala bultzatzen duen antolaketa bat.

Etorkizuneko langileengan inbertitzea erabakigarria da eta horrek galesa maila eta galesarekiko sentsibilitate egokia eskatzen du. The Coleg Cymraeg Cenedlaethol-ek funtsezko papera du  galesezko bitartekoak eskaintzeko Galeseko unibertsitateetako osasun arreta profesionalen programetan; testuinguru elebidun baterako etorkizuneko profesionalak prestatzeko.

Goizegi bada ere aurrerapenak neurtzeko, ebidentziek iradokitzen dutena da asko dagoela egiteko galesezko eskaintzan kalitatezko hobekuntzak ekarriko dituzten politika eta prozedurak ezartzeko. Era berean, ikerketetan ere sakondu behar da aldaketarako indarguneak identifikatzeko.
  
Ingelesa izanik ikerketan lingua franca eta kontuan hartuta ingelesa hizkuntza ofizialetako bat dela Galesen, zein da galesaren erabilera ikerketa munduan?

Baliteke ingelesa informatzeko eta zabalkunderako lingua franca izatea, baina horrek ez  du zertan eragin behar ikerketa jarduneko hizkuntzan. Kontzientzia linguistiko eta kulturalaren falta ikerketen diseinuan eta ikerketa bera egiterakoan traba izan daiteke oinarrizko ebidentzia ezartzerakoan; eta horrek desberdintasun iraunkorrak dakartza bai politiken garapenean eta  baita hiztun gutxituentzako zerbitzuen eskaintzan ere. Hau da  LLAIS-en (the Language Awareness Infrastructure Support Group at Bangor University ) premisa. LLAISek estragegikoa den lidergotza eskaintzen du, probazko partehartzea errazten duena galesaren bitartez, galeseren garapen elebidunaren baldintza arautzaileak eta gobernantzakoak betetzea helburu duena, zorroztasun zientifikoa alde batera utzi gabe. LLAISek ikertzaileak zuzentzen ditu eta denboraz ohartarazi ikerketa prozesuko etapa klabeetan hizkuntzaren kontzientzia ezarriz; besteak beste ikerketaren diseinuan, prototipatuan, kontratazioetan, onarpenetan, datu bilketan, osasun neurrien administrazioan, datuen analisietan, txostenetan zein zabalkundean.
 
Diziplinarteko ikerketaz jardun duzu. Zer iruditzen zaizun Baionako moduko diziplinarteko kongresu bat?

Hau aukera zoragarri da zuentzat goi mailako hezkuntzan, osasun zein zientzia ikerkuntzan euskararen egoera zein den erakusteko; eta erakusteko baita ere lortutako aurrerapen izugarria. Hizkuntza gutxitu bateko hiztun moduan, nekatu gabe borroka egin duena galesezko zerbitzuen alde osasun arretan eta osasun arloko profesionalentzako galesezko hezkuntzara sarbidearen alde; zuen grina eta konpromisoa partekatzen dut. Bidaia luze batean gaude Galesen – hizkuntza gutxitu guztien moduan aurretik dugun bidea erronkaz beterik dago.  Argi ikusten dugu zer behar den -  eta aurrera egitea posible egingo duen marko legal bat dugu. Hala ere asko ikasi dezakegu Euskal Herriko arrakastatik. Badakit jakin elkarrizketak areagotzen doazela gure bi herrialdeetan etorkizuneko belaunaldiei begira euskara eta galesa nola biziberritu ditzakegun ikusteko.

Diziplina ezberdinetako ikertzaileak elkartzeak gure esperientziak aberasten ditu eta konfiantza eraikitzen du. Aukera ematen digu ezinbesteko konexio horiek egiteko diziplina arteko eztabaida eragiten dutenak eta etorkizunerako  elkarlanean egindako ikerketak eraikitzen dituztenak.  Kongresu honek badu bestelako funtsezko alderdi bat; euskararen bitartez diskurtsoa ahalbidetzea. Era horretan bermatuz etorkizuneko edozein ikerketaren testuingurua ondo oinarritua dela eta euskaldunen nahiak ondo islatuko dituela.

ikergazte2019