Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gotzone Hervás Barbara: "Bizi ohiturek hezur-dentsitate mineral maximoaren %20-%40an eragiten dute"

Dokumentuaren akzioak

Gotzone Hervás Barbara: "Bizi ohiturek hezur-dentsitate mineral maximoaren %20-%40an eragiten dute"

2017/10/17 - unibertsitatea.net
Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua egin zuen Gotzone Hervás Barbarak (1991, Galdakao) UPV/EHUn. Gradu amaierako lana Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia sailean egin zuen. Urte luzez han izan ondoren, bertan beste ikerketa bat egiteko aukera eskaini ziotenean, ez zuen zalantzarik izan eta Leioako Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Biologia Molekularra eta Biomedikuntza Unibertsitate Masterra egin zuen. Orain tesiarekin ari da, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia sailean bertan. Azken IkerGazte kongresuan osasun zientzietako poster aurkezpen onenaren saria jaso zuen "Jarduera fisikoa eta gorputz-osaeraren eragina hezur-dentsitate mineralean" lanarekin

Aurreko IkerGazten aurkeztu zenuen zure ikerlana. Zer nolako esperientzia izan da IkerGaztekoa?

Egia esan, IkerGazteren berri izan nuenean, ikertzaile gazteek euren ikerketa proiektuen emaitzak ezagutarazteko aukera besterik ez zela uste nuen, baina hori bakarrik ez, egindako lana gure alorretik kanpo ikertzen ari diren pertsonei aurkezteko erronka izan da IkerGazte. Honetaz gain, ikertzaile hasiberriak garenoi askotan zaila egiten zaigu gure lanari balioa ematea. Kongresu hau, aukera paregabea izan zen gure lanen emaitzak plazaratzeko eta etorkizuneko gizartean gure ikerketek izan ahal duten eragina ezagutarazteko. Gainera, IkerGazten ekarpen zientifikoak euskaraz zabaltzeko aukera izan genuen; ibilbide akademiko eta zientifikoan euskararen erabilera sustatu eta indartuz. Honegatik guztiagatik, IkerGazte oso esperientzia aberasgarria izan zen.

 

Zer da zuretzat IkerGaztea izatea?

Gizartearen garapen eta aurreratzea sustatzeko ekarpenak ikertzaile gazte moduan egitea da niretzat IkerGazte izatea. Ikerketa munduan murgiltzea erabaki dugunok igaro behar dugun etapa edo garai baten moduan bizi dut nik IkerGazte. Gauza eta ideia berriak ezagutu, ikasi, garatu eta trebatzeko aukera ematen diguna. Etorkizunari begira prestakuntza profesional eta pertsonal baten modura.

 

Haurtzaro eta gaztaroan jarduera fisikoa eginez gero, zahartzaroan edukiko den hezur-dentsitatea handiagoa izango da. Zer esan nahi du horrek?

Hezur-dentsitate mineralaren maila maximoa nerabezaro amaieran lortzen da eta guztiz erabakigarria da bizitzan zehar izango den hezur-osasunean. Izan ere, lortutako maila maximoa da desosifikazio-prozesuaren abiapuntu. Hortaz, haurtzaro eta gaztaroan hezur-dentsitate mineral maila maximoa lortu arte egindakoak, eragina izango du helduaro eta zahartzaroan.

 

Jarduera fisikoak hezur-mineralaren metaketa eta mantentzearekin erlazio onuragarriak ditu. Beraz, haurtzaro eta gaztaroan egindako jarduera fisikoek hezurraren geometrian, mikro-arkitekturan eta zurruntasunean eragindako onurak helduaro eta zahartzaroan ematen den desmineralizazio prozesuaren kalteak orekatzen ditu.

 

Hala ere, jarduera fisikoaz gain, badira beste aldagai batzuk kontuan hartu beharrekoak...

Bai. Adina, generoa eta arraza hezur garapenaren mugatzaileak dira eta faktore genetikoek ere eragin handia dute eskeletoaren zurruntasun eta sendotasunean. Baina hauek guztiak aldaezinak diren mugatzaileak dira eta prebentziora bideratutako programak aldakorrak direnen faktoreetan oinarritzen dira; hala nola bizi-ohituretan. Hauek hezur-dentsitate mineral maximoaren %20-%40an eragiten dute. Nahiz eta bizi-ohituren artean jarduera fisikoa mugatzaile nabarmenena izan, gorputz-osaera, elikadura-ohiturak, kaltzio eta D bitamina-ahorakina eta tabako, alkohol eta kafeina kontsumoa aintzat hartu beharreko aldagaiak dira.

 

18-21 urte bitarteko 147 ikaslek hartu dute parte ikerketan, baina zer da zehatz-mehatz aztertu duzuena? Zein helbururekin?

Gaur egun pertsona helduetan egindako esku hartzeak ez dira eraginkorrak izaten ari; behin osteopenia nahiz osteoporosia agertutakoan, ezer gutxi egin daiteke hezur-osasuna hobetzeko. Bizitza osoan zehar jarduera fisikoa egitera ohituta dauden pertsonek duten hezur-dentsitatea, sedentarioak diren pertsonekin alderatuz, %5-%8 altuagoa dela ikusi da. Eta alde hau are nabariagoa da nerabezaroan, ariketa fisikoa egiten duten gazteek duten hezur-dentsitatea %10-%20 handiagoa da gazte ez-aktiboena baino. Hortaz, ariketa fisikoak dituen onurak kontuan izanik, programa fisiko osasungarrietan oinarrituriko prebentzio-estrategien sustapenaren beharra dago.

 

Gure proiektuaren zentzua eta helburu nagusia gizarte-egoera bat ezagutzea eta islatzea da. Modu horretara prebentzio politika eta neurriak garaiz, haurtzaro eta nerabezarotik, eta modu egokian bideratu daitezen. Horretarako, hezur-dentsitate maila maximoa lortzear dauden gazteetan jarduera fisikoak, gorputz-osaerak eta egoera-fisikoak duten eragina aztertu dugu. Faktore hauek duten eragina ezagutuz eta hobekuntza sustatuz, biztanleriaren ezaugarrietara egokituriko eta bizi-kalitatea hobetzera bideratutako osasun-programak planifikatu eta landu ahal izango ditugu.

 

Zein da ondorio nagusia?

Aztertu ditugun parametroak kontuan izanda, hezur-dentsitate mineralean ariketa fisikoaren eragina ongi ezarria dagoela esan genezake. Ikerketa honetan giharraren babes-papera antzeman eta mutilen gaitasun aerobikoak hezur-dentsitatearekin erlazio positiboa duela ikusi dugu. Eta intentsitate altuko ariketa fisikoa ere hezur-dentsitate mineral hobearekin erlazionatzen dela ondorioztatu dugu.

 

Gero eta ariketa fisiko bizi gehiago egin, orduan eta hezur-dentsitate handiagoa dute gazteek. Hala ere, aipatzekoa da neskak jarduera fisiko bizian maiz jarduten direnean, hezurrean kontrako efektua ematen dela. Izan ere, neskek ez dituzte ariketa fisikoa maila bizian praktikatzeko beharrezkoak diren beharrizan nutrizional eta energetikoak bermatzen. Honek ekarritako desoreka energetikoak desmineralizazioa suspertu eta hezurra kaltetu dezake.

 

Gaur arte aztertutakoarekin, ariketa fisiko bizia praktikatzeak gihar-ehunak eta gaitasun aerobikoak gazteen hezur-dentsitate mineralean modu berean eragiten dutela ondorioztatu genezake. Beraz, beharrizan energetiko eta nutrizionalak bermatuz ariketa fisiko bizia egitea aholkatzen duten eta gorputz-osaera hobetzera zuzenduak dauden osasun-programak, gazteen hezur-dentsitate minerala hobetzen lagundu dezakete.