Dokumentuaren akzioak
Getxoko Punta Begoñako Galerietara 30 bisita gidatu berri urrian
UPV/EHUk Getxoko Udalaren laguntzarekin Punta Begoñako Galerietara 30 bisita gidatu berri antolatu ditu urrirako. Ibilbidean zehar, monumentu-multzo hau berreskuratu eta galeriei balioa emateko proiektuan parte hartzen duten UPV/EHUko ikerketa taldeek egindako aurrerabideak erakutsiko dira.
Bisita txanda berria hilaren 13an, ostegunean, hasiko da eta egunean bi txanda izango dira, bata goizean, 12:30ean eta bestea arratsaldean, 18:30ean. Bisita bakoitzean gehienez 25 lagunek parte hartu lezakete eta gutxieneko adina 10 urtekoa da. Parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena Getxoko Udalaren webgunearen bidez (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak doakoak dira eta euskaraz zein gaztelaniaz izango dira.
Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta EAEko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, haien erabilera bitxiagatik, kokaleku bereziagatik eta eraikitzeko erabili zen teknologiagatik.
Gaur egun hondatuta dagoela ikusita, Getxoko Udalak eta UPV/EHUk lankidetza hitzarmena sinatu dute galeriak leheneratzeko asmoz. UPV/EHUko bost ikertalde ari dira lan horretan Getxoko Udaleko aditu talde batekin eta Bizkaiko Aldundiaren zein Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.