Dokumentuaren akzioak
Genero ikuspegia museoetako hezkuntza lanean
Espainiar Estatuko museoak eta arte garaikideko zentroak genero ikuspegia txertatzen hasi dira bitartekaritza-jarduera espezifikoen bidez, beren hezkuntza departamentuek edo Hezkuntza eta Kultura Ekintzarako Departamentuek planifikatuta. Sofía Ángela Albero Verdú arte historialariak (NUP) bere tesian genero ikuspegidun 95 hezkuntza-ekintza aztertzeko hurbilketa kualitatibo eta feminista bat proposatzen du. Ekintza horien oinarrian dauden diskurtsoen analisia egin du Alberok.
Lortutako mapan agertzen diren hezkuntza proposamenak sakonago ezagutu asmoz, bost elkarrizketa ere egin ditu. Hezkuntza taldeei egin die elkarrizketa. Duten ibilbideagatik, prestakuntzagatik eta egiten duten lanarengatik garrantzizkoak direnak Alberorentzat eta museotako arte-hezkuntzan ikuspegi kritiko eta feministatik lan egiten dutenak dira bostak: Medusa Mediación, Artaziak, Les Salonnières, Colektivof eta Bitartean. Ekintza zehatz gutxi batzuetatik harago, haientzat genero ikuspegia zer den aztertu du ikertzaileak, "nola aplikatzen duten begirada hori museotako hezkuntza lanean, eta zer zailtasun eta zer aukera aurkitzen dituzten lan hori betetzeko gaur egun".
Museoak eta arte zentroak funtsezkotzat jo izan dira artearen eta kulturaren narrazio androzentrikoari eusteko (gizonezkoa begiradaren erdian jartzen duena eta emakumezkoa ikusezin bihurtu edo baztertzen duena). Hezkuntza eta museologia-ikuspegi batetik erakunde hauei kritika egin dietela dio, "identitate eta balio hegemoniko eta maskulino batzuk sortu eta erreproduzitu dituztelako, beste batzuen gainean".
Horregatik Alberok uste du "premiazkoa dela museoek eta arte zentroek beren buruari galde diezaioten zer nolako narrazioak ari diren eraikitzen, eta zer nolako hezkuntza politika eta praktikak eraman behar dituzten aurrera erakundea publikoekin harremanetan jartzeko". Alde horretatik, orain gutxi zenbait museo eta arte zentro genero ikuspegia daukaten hezkuntza-ekintzak sustatzen hasi direla dio.
Iturria: NUP