Dokumentuaren akzioak
Gaztelania nagusi UPV/EHUko I. Doktorego Jardunaldietan
UPV/EHUko I. Doktorego Jardunaldiak antolatu dituzte datorren uztailaren 11 eta 12rako. Bertan, euren ikerketa lanak ezagutzera emateko aukera izango dute bigarren mailako doktoregaiek.
Aurten, orotara, 267 ikerlan aurkeztuko dituzte beste horrenbeste doktoregaik. Hartara, batzorde zientifikoaren hautaketa gainditu duten guztiek poster baten bidez aurkeztuko dute beraien lana. Gainera, 64 ikerlarik bost minutuko ahozko komunikazioa egiteko aukera izango dute Bizkaia Aretoan bertan.
Erderak garaile ikerketan
Jardunaldien antolaketa taldeko kide den Marijo Deogracias Horrillo ikertzaileak argitaratu ditu I. Doktorego Jardunaldi honi dagozkion hizkuntza datuak, besteak beste. Hona osatu duen infografia:
Argazkia argia da: 267 ikerketa posterretatik 37 soilik izango dira euskaraz, hots, %13,8. Gainontzekoak, aldiz, %55,8 espainieraz (149 lan) eta %30,3 ingelesez (81 lan).
Jakintza-arloei dagokioenean, aldiz, aniztasuna zertxobait handiagoa da; zazpi jakintza-arlotan bildu baitituzte ikerketa-lanak: Zientzia esperimentalak (%8,4); Ingurumena (%5); Osasun zientziak (%17,7); Ingeniaritza eta arkitektura (%20,4); Gizarte, Politika eta Komunikazio Zientziak (%18,9); Zientzia Juridikoak (%10); eta Giza Zientziak (%19,3).