Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gazteen suizidioa prebenitzeko animaliek lagundutako psikoterapian oinarritutako programa garatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Gazteen suizidioa prebenitzeko animaliek lagundutako psikoterapian oinarritutako programa garatuko dute

2019/02/27 - Unibertsitatea.net
"HABRI-Human Animal Bond Research Institute" erakunde estatubatuarrak lagunduko du diruz UPV/EHUko Qualiker ikerketa taldeak garatuko duen programa.
Gazteen suizidioa prebenitzeko animaliek lagundutako psikoterapian oinarritutako programa garatuko dute

(Irudia: Pixabay Lizentzia. Iturria: Pixabay)

Arrisku egoeran dauden gazteetan suizidioa prebenitzeko programa bat diseinatuko du UPV/EHUko Qualiker ikerketa taldeak. Animalien bitartezko psikoterapian oinarritzen da programa eta HABRI-Human Animal Bond Research Institute erakunde estatubatuarrak lagunduko du diruz.

Buruko osasun arazoak dituzten gazteekin aplikatu izan dira animaliek lagundutako psikoterapiak eta emaitzek erakutsi dute gazteengan egokitzapen psikosozial hobea eta jarrera erresilienteagoa sustatzen dituela. Gainera, depresio sintomak, somatizazioa eta ezgaitasun sentimendua murrizten ditu.

Gazteen suizidioa munduko gizarte guztietan eta bi sexuetan eragiten duen arazoa da. Mundu mailan 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean heriotza gehien eragiten duen bigarren arrazoia da.

Iturria: UPV/EHU