Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gazteak, aisialdia eta euskara protagonista "Gazte gara gazte" proiektuan

Dokumentuaren akzioak

Gazteak, aisialdia eta euskara protagonista "Gazte gara gazte" proiektuan

2016/03/10 - Unibertsitatea.net
Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektuan, Euskal Herriko hainbat lekukotzaz gain, gazte hizkeraren euskal hiztegia ere osatu dute.

Gazte gara gazte izenpean zabaldu dute proiektua Badihardugu elkartekoek. Talde horrek, urteak daramatza adinekoen bizipenak ahotsak.eus atarian biltzen. Baina, honakoan, gazteengana jauzi egitea erabaki dute, hain zuzen, Euskal Herri osoko gazteak elkarrizketatzeko eta euren aisialdiaren berri jasotzeko asmoz. "Besteak beste, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragitea du helburu", proiektuaren bultzatzaileen hitzetan.

Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak? galdera horietatik abiatuta ekin zieten elkarrizketei 2014an, beti ere, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeko asmoz. Horrela, bi urtean, 80 hiztunetik gora elkarrizketatu dituzte, honakoa ahalbidetzeko: "beste gazte batzuei euskarazko ereduak ematea eta interesatzen zaizkien gaien inguruko informazioa euskaraz jaso ahal izatea, modu erakargarrian".

Elkarrizketak, bideoteka eta gazte hiztegia

Gazte Gara Gazte webguneak hainbat atal ditu: elkarrizketak atalean egindako grabazioak herriaren arabera edo elkarrizketatuaren arabera ikus daitezke. Bideotekan, berriz, gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak hartu dituzte ardatz eta, horrela, parrandak, euskara-erdara harremana, teknologia berriak edota rallyak... bezalako gaiak hizpide hartuta 10 ikus-entzunezko prestatu dituzte.

Azkenik, Gazte hiztegia ere osatu dute. Bertan, gazteek eurek sortzen dituzten irain, birao edo esamolde berriak bildu dituzte. Fitxa lexikala hartu dute oinarritzat, hainbat eremu gehitzeko aukerarekin (argazkia, bideoa, bestelako loturak...), eta, dagoeneko, 752 sarrera ditu hiztegiak. Halaber, etengabe hitzak gehitzen ari direla jakinarazteaz bat, erabiltzaileek ere iruzkinak gehitu edo ekarpenak egiteko aukera daukatela adierazi dute proiektuaren sustatzaileek.