Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Gaizka Insunza:“ Oso zaila egiten zait aldaketa teknologikoan edota berrikuntzan pentsatzea sormen prozesurik gabe”

Dokumentuaren akzioak

Gaizka Insunza:“ Oso zaila egiten zait aldaketa teknologikoan edota berrikuntzan pentsatzea sormen prozesurik gabe”

2016/10/17 - unibertsitatea.net
Gaizka Insunza (1978, Gernika-Lumo) EHU-UPVko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaileak, eta Audience musika taldeko kideak, Industria diskografikoaren bilakaera izan du aztergai bere doktore tesian, eta Europako berrikuntza prozesuak aztertu ditu horretarako. Bere ibilbide akademikoak batetik eta “musikarekiko pasio eta konpromisoak” bestetik bultzatu dute ikerketara.

Musikaren produkzioan eta merkaturatzean aldaketak izan dira, baina ez bakarrik teknologikoak

Horrela da. Aldaketa teknologikoak transformazio gaitasun handi du, zalantzarik gabe, baina diskogintzaren industria, kultur industria den heinean, bestelako faktore batzuen menpe ere badago. Diskogintzaren industriaren eboluzioa aztertzen bada, argi ikusten da faktore teknologikoak bestelako faktore sozial eta kulturalekin batzen direla ekoizpen eta merkaturatze ereduak itxuraldatzeko. Gaur egun, globalizazioaren indar sozial eta kulturalek zeresan handia dute diskogintzaren industriaren konfigurazioan.

 

Estilo eta artisten inguruan hitz egitetik formatuen inguruko solasaldietara pasatu garela diozu

Hala ere, honekin ez dut esan nahi ez dugula jadanik artistei buruz hitz egiten… aldaketa zera da; lehen ez genuen industriaz hitz egiten, ikusezina zen, eta musika diskurtsoak artista eta estiloetan zentratzen ziren. Gaur egun gero eta ohikoagoa da euskarri, birsorgailu, plataforma etabarren inguruan hitz egitea.

 

Euskal Herrira etorrita auto-produkzioak izan duen eragina ere aztertu duzu. %50 da era horretan ekoitzia. Zein da panorama?

Euskal Herrian badugu esperientzia autogestioan, eta beraz, ez nau harritu merkaturatutako erreferentzien erdia inguru auto-ekoizpenak izatea. Azken urteetan ekoizpenaren geografia atomizatu egin da, home estudio-en booma medio (grabazio digitalak dakarren kostu murrizpena dela eta). Egoera berri honetan, diskoetxe tradizionaletatik at ere oso proiektu erakargarriak eraman daitezke aurrera. Edozein kasutan, auto-ekoizpena eta auto-edizioa bereiztea beharrezkoa deritzot.

 

Merkaturatzerakoan, ostera, crowdfounding-ak gero eta indar handiagoa du. Klusterizazioa ere aipatzen duzu.

Bai, auto-ekoizpenaren boomak berau gauzatzeko tresna edo egitura berrien agerpena eskatzen du, eta bai crowdfunding zein klusterizazioa testuinguru honetan ulertu behar dira. Crowdfunding-ari dagokionez, hau industrian ematen ari den fenomeno baten aurpegi nabariena da, fenomeno hau crowdsourcing-a da; hau da, industriari egotzitako funtzioak jendearen esku uztea (edo horren itxura ematea). Crowdfunding-aren bidez, ez dira diskoetxeak zein proiektu merkaturatu erabakitzen dutenak (beraien A&R agenteen bidez, talentu bilatzaileak), baizik eta publikoa bera da, beraien diru ekarpenen bidez, zein proiektu merkaturatu eta zein ez aukeratzen dutenak. Finantza baliabide nahiko lortzen dituzten proiektuak merkaturako dira…

 

Klusterizazioari dagokionez, hau era desberdinetan ematen ari da diskogintzaren industrian. Alde batetik, musika gero eta gehiago kontsumitzen da bestelako kultur produktuekin batera, gainera bestelako sektoreek oso ondo ulertzen dute musikak duen gaitasuna bestelako produktuekin sinergiak sortzeko. Hori dela eta, musikaren ikuspuntu “transmedia” nagusitzen ari da. Ikus-entzunezko zein beste arlo batzuetako enpresen arteko lotura estrategikoak gero eta nabariagoak dira. Bestalde, tokiko eremuetan ere klusterizazio bezala defini daitezken mugimenduak ikusten dira. Adibidez, egoera berria ikusita eta diskoetxeek hartu dituzten estrategia kontserbadoreak medio, artista askok, beraien artean bildu eta, ekoizpenerako bestelako ereduak sortu dituzte, kooperazioan oinarrituta eta eredu zein egitura merkantilistetatik aldenduta. Bidehuts da horren adibide.

 

Ibilbide luzeko 13 profesional aditu elkarrizketatu dituzu eta bat datoz euskarri digitalek euskarri fisikoari gero eta gehiago kenduko dietela esaterakoan. Hala ere, digitalerako salto horretan gauzak ez daude horren argi. Autore eskubideak, lizentziak....

Salmenta tendentziek hala diote, eta inkestan parte hartu duten 13 profesionalek joera hau mantenduko dela uste dute, hau da, musika kontsumitzeko bide berriak euskarri fisikoei gailenduko zaizkie. Izan ere, herrialde askotan salmenta digitalak jadanik euskarri fisikoenak baino handiagoak dira.

 

Nahiz eta mundu digitalak aukera handiak suposatu, erronkak ere hortxe daude. Erronka handienetako bat egile eskubideen kudeaketan datza. Alde batetik, on-line eremuan ezarri diren kontsumo eredu asko egile eskubideen legetik at aurkitzen dira (P2P elkartruke sareak adibidez). On-line eremuan kontraesana dago kultur edukiez gozatzeko eskubidearen eta egileek (errealitatean egileek editorial bati lagatzen dizkiote eskubide hauen kudeaketa) beraien obren erabilpenaz kobratzeko duten eskubideen artean. Orokorrean, jendearen eskubide eta korporazio handien eskubideen arteko borroka dagoenean badakigu zer gertatzen den… musikaren munduan ere horrela izan da eta testuinguru honetan kokatuko nituzke Estatu Espainiarrean garatu diren Sinde legea eta Frantzian garatutako Hadopi legea. Nire ustetan (ez naiz abokatua), bi lege hauek pertsonen oinarrizko eskubideen kontra doaz, korporazio handien interesak babesteko asmoz. Ez da ahaztu behar mundu mailan, musikaren merkatua oso korporazio indartsuen menpe dagoela, zehazki SONY, Warner eta Universal. Gainera RIAA edota IFPI bezalako lobbyek indarrak batzen dituzte estatuen legeak beraien interesen alde bidera daitezen.

 

Hala ere momentuz behintzat euskarri fisikoek bizirik iraungo dutela dirudi.

Behintzat epe laburrean ez dirudi euskarri fisikoak desagertuko direnik. Salmenta datuei begiratzen badiegu, oraindik euskarri fisikoak ditugu gogoko opariak egiterako orduan (disko fisikoen salmenta Gabonetan kontzentratzen da), gainera, azken urteetan biniloaren berragerpen indartsua antzeman daiteke (nahiz eta salmenten %1a bakarrik suposatzen duen). Honetaz aparte, badirudi azken urteetan euskarri fisikoen salmenten beherakadaren abiadura moteldu dela. 

 

Diskoetxeen barruko egiturak eurak ere aldatu beharrean daude. Sare kooperatiboak aipatu dituzu zuk

Bigarren Mundu Gudaren ostean ezarri zen euskarri fisikoen gainean garatutako ekoizpen eta banaketa paradigma. Diskoetxeen egitura integrazio bertikalean oinarritzen zen, hau da, banaketa kanalaren fase guztien kontrola zuten. Hau dela eta, diskoetxe nagusiek beraien estudio propioak, fabrikazio plantak, banaketa azpiegiturak eta denda kateak eratu zituzten. Gaur eguneko testuinguruan, efizienteagoa dirudi oinarrizko konpetentzietan zentratu eta bestelako funtzioak kanpora ateratzea. Banaketa digitalean espezializatutako enpresak, Internet bidezko ordainketen kudeaketa, marketing digitala bideratzeko enpresak… malgutasuna gero eta beharrezkoagoa da testuinguru oso aldakor batean aurrean, eta orokorrean, integrazio bertikala nahiko zurruna izan ohi da.

 

Kontsumoa bera ere aldatu da. Singlea da nagusi diskoaren kaltetan.

Bai, jendeak eskuragarri ditu hainbat erreferentzia klik soil baten bidez. Kontsumo ereduak ere asko dibertsifikatu eta malgutu dira, hori dela eta, sare digitaletan singlea da nagusi eta ez Albuma. Hala ere, ugaritasun hori kudeatzea ere oso garrantzitsua da, horregatik musika plataforma gehienek bilaketa eta gomendio sistemak garatzen dituzte. Herbert Simon Ekonomiako Nobel sariak esan zuen bezala “informazio ugaritasunak, arreta eskasia dakar”.

 

Eta sormenean zein eragin izan dute hauek aldaketa guztiek?

Ba oso handia. Sormena garatzeko tresna berriak garatu diren heinean, hau eremu berrietara bidera daiteke. Hala ere, batzuetan ez dugu pentsatzen edozein aldaketa teknologiko edo berrikuntza eman dadin, hasierako faseetan beharrezkoa dela sormen edo imajinazio puntu bat izatea; eta beraz, nire ustez, sormenean ematen diren aldaketak ez dira soilik ikusi behar bestelako aldaketen ondorio bezala, baizik eta hauen oinarrian kokatu behar dugu sormena. Adibide bat jarriko dizut, Wagner konpositore alemaniarrak instrumentu berriak diseinatu zituen bere buruan imajinatzen zituen soinuak gauzatu ahal izateko. Ondoren, bestelako konpositoreek instrumentu horiek erabili zituzten beste erabilpen bat egotziz. Adibide honek erakusten du aldaketa teknologikoa eta sormenaren arteko aldebiko harremana. Oso zaila egiten zait aldaketa teknologikoan edota berrikuntzan pentsatzea sormen prozesurik gabe.