Dokumentuaren akzioak
Gaixoei ematen zaien arreta hobetzeko osasun elektronikoko plataforma
Aitor Eguzkitza Diego Telekomunikazio ingeniariak (Iruñea, 1984) osasun elektronikoko plataforma bat diseinatu du, informazioa bateragarria izateko ospitale edo osasun zentro bakoitzeko sistema informatikoekin. Ospitale eta osasun zentroen artean historia klinikoak trukatzea ahalbidetuko luke horrek, eta arian-arian tresna berriak erabiltzea sortzen diren behar medikoei erantzuteko. Sistema hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bere doktoretza-tesirako egin du, eta gaixoei arreta hobea ematea du helburu. Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Gaur egun osasun zerbitzuek informazio-sistema elektroniko itxiak erosten dituzte, gaixoen historia klinikoak dituztenak. Sistema horiek egokitu behar izaten dira etengabe eta kasu batzuetan, funtzionaltasunari begira berriagoekin ordezkatu. Horrek kostu ekonomiko handia dakar, eta gainera ezin da ziurtatu orain bertsio berria dena ez denik zaharkituta geldituko etorkizunean.
Indarrean den historia kliniko elektronikoan, medikuek eremu berri bat behar duten bakoitzean zerbitzu informatikoei eskatu behar diete sortzeko. Horrek dakarren guztiarekin. Tesian proposatutako osasun elektronikoko plataformaren bidez, medikuek beraiek, bitartekaririk gabe, kudeatuko lukete prozesu kliniko bakoitzeko informazioa.
Eguzkitzak, Osasunbidearekin lankidetzan, tesian proposatutako plataforma probatu ahal izan du hiru prozesu klinikotan. Gaixotasun oftalmologiko kronikoak dira hirurak, oftalmologia zerbitzuko itxaron-zerrendak luza ditzaketenak, espezialista gutxi baitaude gaixoen jarraipena egiteko aholkatutako tarteetan. Erretinopatia diabetikoaz, adinarekin lotutako makulako endekapenaz eta glaukoma kronikoaz ari gara; eragotzi daitekeen itsutasunaren kausarik ohikoenak Europan.
Sistema tradizionalean, proba diagnostikoak oftalmologoaren kontsultan pilatzen dira. Beraz, itxaron-zerrendaren luzera mediku espezialista bakoitzaren lanerako gaitasunaren araberakoa izango da. Plataforma elektronikoarekin proposatzen dena da lana zenbait aretotan banatzea eta prestakuntza espezifikoa duten erizainek proba diagnostikoak egitea norbere aldetik. Horrela oftalmologoak urrutitik ebaluatzen ditu probak eta diagnostikorik larriena duten gaixoentzat lehenesten du kontsultako denbora. Eguzkitzaren arabera, “Sistema informatikoak ahalbidetuko luke baliabide teknikoak eta giza baliabideak eraginkortasun handiagoz birbanatzea, eta horrek gaixoei emandako arreta hobetu eta itxaron-zerrendak askatuko lituzke arreta espezializatuko kontsultetan”.