Dokumentuaren akzioak
Gailu mugikorretatik webgune gehiago ikusten ditugu ohiko ordenagailuetatik baino
Sustaturen bidez jakin dugu Statcounter enpresak emandako datuen berri. Azken hilabetean mundu osoan izan diren konexioak kontuan izanda, gehiago izan dira gailu mugikorretatik ikusi diren webguneak, PCetatik ikusi direnak baino. Hain zuzen ere, konexioen %51.3a izan da gailu mugikorretatik eta %48.7a PCetatik. 2016ko urriko datuak dira, eta gorakada aspalditik badator ere, azken hilean gainditu dituzte lehenengoz gailu mugikorrek (sakelakoak + tabletak) ohiko ordenagailuak. StatCounter enpresak webguneen mundu mailako estatistikak jaso eta aztertzen ditu.
Datuak ikusita, beraz, webguneak mugikorretarako egokituta izatea ezinbestekoa dela inoiz baino argiago dago. Emaitza hauek "iratzartzeko deia" dira StatCounter-eko arduradunen ustez. Batez ere, negozio txiki, profesional edota salerosle esklusiboentzat.
Mundu osoa kontuan hartzen duten estatistikak dira horiek. Kontinente eta herrialdeen artean, hala ere, oraindik ere bada aldea. Europan oraindik ere %64a ohiko ordenagailuetatik konektatzen gara, baina Asian, esaterako alderantzizko joera da nagusi. Adibide moduan Indonesian konexioen %65a da mugikorretatik eta Indian %78a.