Dokumentuaren akzioak
Futbola zientzia da?
Kirol zientzietan aditua da Jon Larruskain Zabala eta “Futbolaren zientziaren golak” hitzaldia emango du martxoaren 25ean Ondarroan.
Larruskain gaztetatik hasi zen futbolean jokatzen eta Athletic Clubeko harrobiko atezaina izandakoa da. Bere ikasketak kirolaren mundura zuzendu zituen eta gaur egun futboleko lesioen ezaugarriak, arrisku faktoreak eta ondorio ezkorrak lantzen dituen doktorego tesia egiten dabil UPV/EHUn. 2018tik Athletic Clubeko Zerbitzu Medikuetako kirol zientzialaria ere bada.
Jakina da jokalarien talentua eta entrenatzaileen kudeaketa gaitasuna funtsezkoak direla futbolean baina gero eta garrantzia handiagoa ematen zaie beste esparru batzuei: prestakuntza fisikoa, medikuntza, fisioterapia, nutrizioa, datuen analisia… "Orduan, zientziak golak sartzen lagun dezake?".
Galdera hau eta beste asko erantzungo ditu astelehenean arratsaldeko 18.30etatik aurrera Ondarroako Beikozinin. Bertaratzerik ez duenak Periscope-tik zuzenean jarraitzeko aukera izango du.
Iturria: Zientzia Kaiera.