Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Francesco d’Errico: “Ez gara egun batetik bestera garatu garen zerbait, gure arbasoekin asko partekatzen dugu”

Dokumentuaren akzioak

Francesco d’Errico: “Ez gara egun batetik bestera garatu garen zerbait, gure arbasoekin asko partekatzen dugu”

2019/05/28 - Ikergazte2019

“Zer diosku arkeologiak kognizio modernoaren jatorriaz?” galdera horretatik abiatuta eman du hitzaldia Ikergazte kongresuan Francesco d’Errico Frantziako Centre National de la Recherche Scientifique-ko (CNRS) ikerketa zuzendariak. D’Errico Bergeneko (Norbegia) Unibertsitateko Centre for Early Sapiens Behaviour-eko irakaslea ere bada. 200 artikulu baino gehiago idatzi ditu goi mailako aldizkarietan eta 2014az geroztik gehien aipatutako ikertzaileen zerrendan (Highly Cited Researchers) ageri da.

Hasteko, nolakoak izan ziren ikertzaile moduan lehen pausuak. Nola sartu zinen ikerketaren mundu honetan?
Galdera zaila da. Hasieran ez nuen arkeologia arloko ikertzailea izan nahi, zure moduan kazetaria izan nahi nuen; baina konturatu nintzen kazetari batek artikuluak oso azkar idatzi behar dituela eta ni oso geldoa naiz. Ikertzaile izanda denbora gehiago daukat idazteko. Beti izan dut interesa gizakien eboluzioan. Umea nintzenean nire aitarekin joaten nintzen silexak topatzera Italiako hegoaldera. Gerora konturatu naiz horretaz dakidala bakarrik benetan zerbait.

Ikerketa ere bada jendearekin topo egitearen emaitza. Galderekin topo egiten duzu. Italiar bat, beste asko bezala herritik kanpora joan behar izan duena. Frantzian lanean, Alemanian lanean, Espainian, Ingalaterran, bueltan Frantzian. Nire ikerketaren parte handi bat Hego-Afrikan egin dut. Azken urteetan Txinan, Kenyan… Gauzak era naturalean garatzen dira. Oinarrizko interesetatik abiatuta.

Oinarrizkoa da nondik gatozen, nortzuk gara, gure kognizioaren zerbait partekatzen ote dugun hominido zaharragoekin, zerk egiten gaituen ezberdin besteengandik. Hauek dira oinarrizko galderak.

Nik nire burua zientzia bigunetako ikertzailetzat daukat, baina zientzia gogorreko ikertzaile bihurtu dena. Galdera horietako batzuk erantzuteko zientzia gogorretakoak diren gaitasunak behar ditudalako.

Zure esperientzia kontuan hartuta gaur hemen Baionan bildu diren ikertzaile gazteei zer esango zenieke. Zein gomendio duzu eurentzat?
Lehenengo gomendioa, ez dena berez gomendioa, nahitaezkoa bihurtu dena, denboraldi baterako kanpora joatea da. Plaza gutxi daude Espainian, Euskal Herrian zein Italian. Baliagarria da kanpora joatea. Beste hizkuntza batzuk hitz egin eta ulertzea dakar horrek. Beste laborategi batzuetako funtzionamenduaren inguruko esperientzia izatea. Hori beti baliagarria da. Bizi osorako lagun duzu hori guztia. Arazoei begiratzeko eran, arazoei aurre egiteko eran, laborategiko besteekin harremanean… Hori lehen gomendioa.

Bigarrena espezialista izatea, baina galdera garrantzitsuak galdu gabe. Ulertzea zure ikerketak zein ekarpen egin dakieken zure arlotik kanpo daudenei. Baita ere egunean ordu bat hartzea irakurtzeko; jakiteko gauzak genetikakoak, historiakoak, fisika nuklearrekoak, musikakoak… Desberdinak diruditen diziplinetakoak, norberaren arlotik ustez urrun daudenak, baina benetan ez daudenak.

Galdera garrantzitsuez jardun duzu. Zure kasuan zein litzateke galdera garrantzitsu hori?
Nire kasuan gizakiaren sorrera. Nola izan den garapen hori. Baina badira beste galdera batzuk ere. Unibertsoaren sorreraz, planetako klima nola garatu den, eboluzioak nola funtzionatu duen. Oraindik ez dakigu dena. Oinarrizko galderak dira; fisikoak, kimikoak, antropologoak zein biologoak elkartzen dituena. Ez dira bistatik galdu behar galdera garrantzitsu hauek, benetan ikerketa egin nahi bada.

Arkeologiak kognizio modernoaz dioenaz jardun duzu. Azken ikerketek zer diote?
Aldatu dena da gero eta gehiago konturatzen garela eboluzio biologiko eta kultural geldoa baten emaitza garela. Eta gure arbasoekin asko partekatzen dugula. Ez gara egun batetik bestera garatu garen zerbait, lanpara bat pizten den moduan. Oraindik naturarekin lotuta gaude. Eta orain badakigu ondare genetikoa dugula gure arbasoena. Gizaki modernoa gai izan da beste hominidoak ordezkatzeko; baina afrikarrak bezain neanderthalak gara, edo denisovarrak… Seguruena gure jokatzeko eran, pentsatzeko eran eta baita gaixotasunen kasuan ere. Asko dugu populazio horiena. Ekarpen handia egin digute.

Zer falta zaigu erantzuteko? Galdera berriak sortzen dira?
Egunero. Diziplina berrien agerpenak, datazio teknika hobeak egoteak, teknika zehatzagoak izateak aldaketa kulturalak neurtzeko, hori dakar. Batez ere azpi-diziplinak elkartzerakoan, berritasunak daude. Gainera, mundu mediatiko honetan, baten batek ez badakar berritasunik inpaktua oso txikia da.

Kaleko jendeari zer esango die gure aurkikuntzek?Zerk sortu lezake interesa. Facebook-en edo Twitter-en gure aurkikuntzan interesatuta egongo da? Komunikazioaren mundua da eta zerbait publikatzerakoan hori dena hor dago.

Kongresu hau diziplinartekoa da batetik. Bestetik dibulgazioari ere garrantzia handia ematen zaio. Kasu honetan euskaraz. Dibulgazioan nahiko egiten dela uste duzu? Eta zer iruditzen zaizkizu era honetako diziplinarteko kongresuak?
Kongresu hau uste dut diziplinartekotasunaren laborategi bat izan daitekeela. Diziplina oso ezberdinetako gazteak elkartzen dituelako. Dibulgazioa euskaraz egitea oso ondo iruditzen zait; baina euskara ikerketarako tresna moduan galduta dagoela esango nuke. Hori diot frantsesa, errusiera, alemana ere dagoeneko ia ez direlako ikerketarako hizkuntza. Dena ingelesez egiten da. Beharbada hemendik hogei urtera txineraz izango da. Ez nuke berez animatuko euskaraz argitaratzera. Jakin egin behar da zein den komunikazio tresna. Jendeak irakurtzea eta jendeak ulertzea da behinena. Hizkuntzak ez luke izan behar lehentasuna. Egin duzula jakitea, zuk egin duzula eta zerbait berria dela. Baina dibulgazioa ama hizkuntzatik pasatzen da. Garrantzitsua da hori. Eta hizkuntza moldatzea, hitz berriak sartzea. Eta era honetako kongresu bat ekintza politiko bat ere bada. Hori argia da. Eta hori jakin beharrekoa da. Ikuspuntu zientifikotik esan dudan bezala laborategi garrantzitsua izan daiteke. Jendearekin topo egin, hitz egin, aurkitu galdera komunak… Hori bakarrik jendearekin leku berean elkartzean lortzen da.

ikergazte2019