Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Euspot, euskarazko spot lehiaketaren aurtengo gaia "Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!" izango da

Dokumentuaren akzioak

Euspot, euskarazko spot lehiaketaren aurtengo gaia "Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!" izango da

2019/01/25 - Unibertsitatea.net
Euskarazko sormena bultzatzea eta publizitatean euskararen erabilera sustatzea du helburu ekimenak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da irekita eta guztira 2.550 euro banatuko dira saritan.

Martxan da zortzigarrenez Euspot euskarazko spot lehiaketa. Euskarazko sormena bultzatzea eta publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea du helburu eta horretarako, antolatzaileek urtero gai desberdin bat proposatzen dute.

Lehiakideek, nahi duten estilo, teknika eta baliabideak erabilita erantzun beharko diote sormen erronka horri (ikusi oinarriak) eta aurtengo gaia "Jarduera fisikoaren onurak. Mugitu eta bizi!" da. Honela,iragarkiak jarduera fisikoak eskaintzen dituen onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak nabarmendu beharko ditu.

Maiatzaren 15era arte dago 20-30 segundu bitarteko iragarkiak aurkezteko aukera eta guztira 2.550 euro banatuko dira. Bost sari izango dira guztira: Spotik onena (1.000 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro), Publikoaren saria (500 euro), Musika sinkronizazio onenaren saria (300€) eta BHklip saria (14-18 urte) (250 euro)

Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean egingo dute Aretxabaletako Arkupe Kultur-etxean.