Dokumentuaren akzioak
Eusko Jaurlaritzak Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria abian jarri du
2011.urtean Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako prozesua aurrera doa. 2008an Euskara 21 proiektua martxan jarri zen. Lau urte beranduago, gogoeta prozesuaren ondorioz, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berraztertu eta datozen 10 urteetarako proposamena egin da. EBPN 1999an onartu zen, eta orain arte oso tresna baliagarria izan da, baina gauza guztiak bezala garai berrien beharretara egokitu beharra zegoen.
ESEPen helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) eta Euskararen Aholku Batzordearen elkarlanetik sortutako sarrera-dokumentua ezinbesteko aurrerapausoa izango da euskararen normalizazioan. Sarrerako testua behin-behinekoa da, eta orain, plan hori gizarte osoari aurkeztu eta ekarpenak egiteko aukera dago. Izan ere, ESEP adostasunean oinarritutako prozesu irekiaren emaitza izango da. Ekarpenak egiteko bidea euskara 21 bloga izango da, eta ekainaren 24a arte, nahi duen orok bere ekarpen eta proposamenak egiteko aukera izango du bertan. Behin denbora-tarte hori pasatu ondoren, herritarrek egindako proposamen guztiak batu eta Euskararen Aholku Batzordean aztertuko dira. Ondo bidean, Plana uztailean onartu eta 2013. urtearen hasieran ESEP berria indarrean jartzea espero da.