Dokumentuaren akzioak
Euskarazko toki komunikabideen iragana, oraina eta geroa izango dira aztergai TOKIKOM jardunaldietan
25 urte dira Arrasaten toki komunikabideen etorkizuna marrazteko Arko Jardunaldiak egin zirela eta bost urte Tokiko Komunikabideen Bateragunea sortu zela. Hori ospatzeko TOKIKOMek antolatuta, euskarazko toki komunikabideen iragana, oraina eta geroa aztertuko dituzte azaroaren 14ko TOKIKOM Jardunaldietan. Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean izango dira 9:00etan hasi eta 15:00ak arte.
Jardunaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoan orain arte toki komunikabideek euskararen transmisioan jokatu duten paperari egingo diote errepasoa. Horretarako, Jon Sarasua eta Kike Amonarriz arituko dira elkarrekin solasean, aurretik planteatutako hainbat galderaren inguruan.
Jarraian, lehenengo TOKIKOM sarien banaketa egingo dute. Toki komunikabideetan azken urtean egindako portadarik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onena sarituko dituzte. Guztira 104 proposamen aurkeztu dituzte Euskal Herri osoko toki komunikabideek.
35 urte berri dituen Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteko presidenteak, Francesc Fàbregas-ek, euren elkartearen berri emango du ondoren. Eta, amaitzeko, aurkezpen praktikoak izango dira, "sektoreko puntako profesionalen eskutik". Aurkezpen hauek aldi berean izango dira, hiru gairen inguruan: marketina, edukiak eta teknologia. Aurkezpen hauen helburua toki komunikabideen erronkak identifikatu eta datozen urteotako lana zehaztea da.