Dokumentuaren akzioak
Euskararen arnasgunea babestu eta indartuko duen arkitektura juridiko berriaren beharra aztertuko dute Donostian
Topaketak otsailaren 5 eta 6an egingo dira Donostiako Euskal Herriko Unibertsitatearen Carlos Santamaria zentroan. Doan matrikulatu daiteke eta izena emateko ondoko webgunera jo behar da: www.ueu.eus
Atzo eman zen jardunaldien aurkezpen prentsaurrekoa Donostian. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Zigor Etxaburua, Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbao eta UEUko zuzendaritzako kide den Maren Belastegi aritu ziren aurkezpen lanetan.
Egitarauari dagokionez, lau bloke nagusitan banatuko da, horien ostean ondorioez eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko tarte bat izango da. Lehen blokean, euskararen normalizazio prozesuan udalerri euskaldunek duten garrantziaz jardungo da, horretarako UEMAk bere udalerrietan egindako azterketa soziolinguistiko eta sozioekonomikoen berri emango du. Horretarako
Klusterreko Iñaki Iurrebaso eta Gaindegiko Imanol Esnaola izango dira hizlari lanetan.
Bigarren atalean ordea, euskararen lege aterkia izango da mintzagai, horretarako lurraldetasun linguistikoaren zuzenbideaz egingo dute hitz aditu batzuk, horien artean Kataluniako Xavier Vila eta Eva Pons, eta Euskal Herriko Iñigo Urrutia.
Hirugarren blokean, diziplina ezberdinetako esperientziak izango dira hizpide, aurpegi ugari dituen arazoa dela erakuste aldera. Arazo horren aurpegi ezberdinez arituko dira DOT-Desazkunde taldeko Iratxe Arriola, EHUko Igor Ahedo, Obra Cultural Balear kultur elkarteko Caterina Canyelles, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Ekoguneko Itsaso Olaizola.
Azken blokean, aldiz, eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna bat aurkeztuko da, Artez Aholkularitza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko adituek aurkeztuko dute. Bukatzeko, jardunaldiaren ondorioak eta etorkizunerako erronkak finkatzeko saiakera egingo da.