Dokumentuaren akzioak
"Euskara unibertsitate bidean" liburua argitaratu du UEUk
Munduan hizkuntza gutxitu gutxik lortzen du ahozkotik idatzitakora jauzia egitea eta hizkuntza estandarizatzea. Oraindik ezohikoagoa da unibertsitatera iristea eta bertan, irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzea.
Euskara unibertsitate bidean: eragileak eta proiektuak (1939-1990) liburuan euskara salbuespen bitxi bat dela erakusten zaigu. Izan ere, XX. mendean lortutako hizkuntza-batasunari esker, komunitate zientifiko bat eratzea erdietsi du.
Karmele Artetxek liburuan gerraostetik 1990. urteraino euskarak unibertsitatera bidean egindako pausoak aztertzen ditu, Komunitate Zientifiko Euskaldunaren eratze-prozesuaren parte gisa. Egilearen ustez, gaur egungo Komunitate Zientifiko Euskalduna gerraostean eratu zen hizkuntza-batasunaren inguruan, euskara kultur hizkuntza bilakatu eta unibertsitatean txertatu zen neurrian.