Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Euskaltzaindiak eta UEUk bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Dokumentuaren akzioak

Euskaltzaindiak eta UEUk bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute

2017/11/23 - unibertsitatea.net
Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da lankidetza.

Gaur goizean Euskaltzaindiak eta UEUk bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da lankidetza. Euskaltzaindiak eta UEUk, erakunde bakoitzak bere aldetik, egiten dituzten hainbat jarduera lankidetzan garatzeko borondatea adierazi dute; batak besteari egindako lana aitortuaz. UEUk euskararen arloan, Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofizialtzat aitortu du eta Euskaltzaindiak UEUk bereziki eremu unibertsitarioan euskararen biziberritzean egindako lana: euskarazko ikerkuntza eta zabalkundea sustatuz, askotarikoa testuak sortuz eta irakasleak prestatuz.

Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, UEUk argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzea adostu dute. Lexikoaren Behatokia egitasmoaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua prestatzea da. Euskaltzaindia, UZEI, Elhuyar eta Ixa taldea dira egitasmoaren garatzaileak. Hainbat eragilek euskaraz ekoitziriko testuak (ahoz nahiz idatziz) irensten ditu, corpusaren oinarria bihurtuz. Horrela, UEUk sorturiko euskarazko testu-masa baliatuko litzateke, egun dagoen corpusa aberastuz.

Bestetik, Euskaltzaindiak euskaraz sortu, argitaratu eta zabaltzen duenaren oinarrizko informazioa Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-Basean (Inguma) jartzea adostu dute. Euskaltzaindia eta UEUren arteko lankidetzaren xedeak euskaraz ekoizten dena biltzea, sailkatzea eta ezagutaraztea, eta bestetik, euskaraz diharduten ikertzaile, sortzaile, eta oro har, emaile guztiak harremanetan jartzea, euskararen normalizazioa, eta bereziki, unibertsitate mailako jakintza-arlo bakoitzaren euskararen normalizazioa sustatzeko. Halaber, sinatzaileok Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu-Basea (Inguma) unibertsitarioen curriculum-garapenerako lanabes interesgarria dela adosten dute.