Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren, 3.000 urtez

Dokumentuaren akzioak

Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren, 3.000 urtez

2017/11/09 - unibertsitatea.net
Orain arte egin den ikerketa paleogenetikorik handienak Europako neolitizazioa argitu du. Orain dela 8.000 eta 4.000 urte inguru bitarteko Hungaria, Alemania eta Espainiako 180 genoma berreskuratu dituzte ikertzaileek. Tartean izan dira UPV-EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak. ‘Nature'-en argitaratu dute lana.
Europako lehen nekazariak tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren, 3.000 urtez

Argazkia: UPV/EHU

Ehiztari-biltzaile izatetik nekazari izatera pasatzea gizakiaren trantsizio demografikorik handiena izan zen milioika urtetan. Nekazaritza Ekialde Hurbilean sortu zen orain dela 10.000 urte inguru eta Europara zabaldu zen ondoren. Milaka urte gutxi batzuk eta gero, mesolitikoko ehiztariek ordezkatu zituen (orain dela hiru urte apenas sekuentziatu  zuten mesolitikoko lehen genoma, Leongo La Brañako gizonarena). Bi talde horiek genetikoki ezberdinak zirela jakin arren, ordezkapen prozesu horren tokiko dinamikak ia ezezagunak ziren orain arte.

Nazioarteko ikertzaile talde batek -artean UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Javier Fernandez Erasok y Jose Antonio Mujika Alustizak- Europako hiru eskualde ezberdinetako (Hungaria, Alemania eta Espainia) lagin zahar asko sekuentziatu ditu. Orain dela 8.000 eta 4.000 urte inguru bitarteko hiru herrialdeetako 180 genoma berreskuratu dituzte.

Ikerketa taldearen arabera, sekuentziei esker jakin dute "hiru kasuetan, lehen nekazarien etorrera eta gero, azken hauek tokiko ehiztariekin gurutzatu ziren mende gutxitan zehar", 3.000 bat urtez. Hau da, Iberiar penintsulako neolito garai ertaineko, azken neolitoko eta kalkolito garaiko nekazarien genomek La Brañako ehiztarietatik jasotako % 25eko osagai genetikoa agertzen dute, baina Europa erdiko genomek inguru hartako ehiztarienen antza dute.

Zenbait kasutan, Europa erdian gehienbat, arbaso mistoak dituzten norbanakoak aurkitu dituzte, bai eta nekazarien artean bizi eta lurperatuak izan ziren ehiztariak ere. "Aurkikuntza horrek neolitizazio prozesuari buruz genuen kontzeptuaren irudi konplexuago bat ekarri du, prozesu hori ez baitzen nekazarien migrazio huts bat edo era bereko prozesu demografiko bat izan".

"Nature" aldizkarian argitaratu den ikerketa hau egun arte egin den ikerketa paleogenetikorik handiena izan da.

Iberiar penintsulako norbanako gehiago aztertu eta gero, irudi hori osatzeko, zein, ondoren, metalen etorrerarekin eta aro historiko ezberdinetan egondako migrazioekin batera gertaturiko aldaketa genomikoak hobeto ulertzeko gai izango garela diote. Une honetan, eskualde eta aro guztietako -mesolitikotik erdi arora- ia 400 genoma iberiar zahar daude eskuragarri. Horiek agertzen dituzten aldaketa genetikoak arkeologia mailan egondako aldaketekin lotzeko aukera izango da.