Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Espainiako Gobernuak unibertsitate sistema aldatu nahi du

Dokumentuaren akzioak

Espainiako Gobernuak unibertsitate sistema aldatu nahi du

2012/04/16 - Unibertsitatea.net
Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta kirol ministroak iragarri du adituek osatutako lan taldea sortuko duela unibertsitate erreforma gauzatzeko xedearekin. Talde hau "espezialista independenteek" osatuko dutela adierazi du; sei hilabetez indarrean dagoen sistema aztertuko dute eta hori hobetzeko aholkuak eman.

Lan talde horren burua Teresa Miras izendatu du gobernuak, Madrideko Complutense Unibertsitatean Biokimika eta Biologia molekularrean katedraduna. Euskal herritar bi izango da Wertek unibertsitateen erreforma egiteko eratu duen batzordean: Felix Goñi donostiarra —EHUko katedraduna da eta Amerikako Biofisika Elkarteko kidea— eta Mariola Urrea nafarra, Los Arcosen jaioa — Nazioarteko Zuzenbide Publikoan irakasle, Errioxako Unibertsitatean—.

Werten arabera, "Unibertsitatean baliabideak asko handitu dira, baina egoera ez da ona. Espainiako unibertsitaterik ez dago munduko 150 onenen artean; %30ek utzi egiten dituzte karrerak, Europakoen bikoitzek". Ikasle gehiegi dagoela iradoki du: ”3.000 milioi euro botatzen ari gara”.

Irakasleek gutxi produzitzen dute ministroaren esanetan, eta, unibertsitatean errepikatu gabe ikasleen herena soilik dago. Gazteen artean, bost langabetutik batek unibertsitateko ikasketak ditu Espainian.

Wertek Espainian unibertsitate asko daudela argudiatu du eta batzordeak erabaki beharko duela gehiegi diren edo ez. "Espainian 79 unibertsitate eta 200 campus daude; Kalifornian, hamar unibertsitate daude. Karreren %30ek ez dute behar adina ikasle ikasketa eraginkorrak izateko". Mugikortasun gutxi dagoela esan du, ikasleek ez dutela kanpora jotzen ikastera.

Bestalde azpimarratu du unibertsitateei autonomia eman izanak ez duela ekarri haiek ere erantzukizunak hartzea.