Dokumentuaren akzioak
Eskolako erizainaren irudia sortzea gomendatzen du ikerketa batek
NUPen irakurri du bere tesia Raquel Sáenz ikertzaileak, hain zuzen, Psikologia eta Pedagogia Saileko Inés Gabari Gambarte irakaslearen zuzendaritzapean.
Bertan, bi gomendio egiten ditu: alde batetik, eskolako erizainaren irudia sortzea, eta, bestetik, osasunerako hezkuntza irakasgai bihurtzea curriculum ofizialean; bi neurriak ikastetxeetan gertatu ohi diren istripuei aurre hartzeko asmoz. Ondorio hortara iristeko, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. ikas-mailetako haurrek nola atzematen dituzten istripuak eta haiei aurre egiteko modua interpretatzen duen tesia landu du.
Azterketa Nafarroako 584 ikaslerekin egin du eta galdetegi ireki batez gain, marrazki librearen teknika ere erabili du, hartara, ikasleek istripua izateko arriskua nola antzematen duten ezagutzeko. "Haurrek, arriskuaren pertzepzio handiagoa daukatenean, ez dute horregatik arriskua saihesten edo zuhurrago jokatzen, beraz hor hezkuntza garrantzizkoa da kontzientziatzeko, gogoeta eragiteko eta jokabideak moldatzeko", adierazi du doktore berriak.
Halaber, "Eskola inguruak aurrezaintzari buruzko bizipen bat garatzen badu ere, beharrezkoa litzateke osasunerako hezkuntza berezko arlo bat izatea. Osasunaren aurrezaintza eta sustapena bilatzen dituzten gaitasunak martxan jartzeak aukera ematen du bizimodu osasungarriak bilatzen dituzten balioak eta jarrerak ikasi, eraiki eta garatzeko, baita aurrezaintzaren gaineko kultura bat hartzeko ere". Horregatik, NUPeko Hezkuntza eta Osasuna ikerketa taldeak, Raquel Sáenz doktore berria tarteko, hainbat proposamen egin ditu esku-hartzeetarako -esaterako, tresna multimedia bat (Segurikaschool) eta "wiki" bat (Salutogenesia Lehen Hezkuntzan)-.