Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eraikitzen ari den euskal hezkuntza propioaren katedrala

Dokumentuaren akzioak

Eraikitzen ari den euskal hezkuntza propioaren katedrala

2017/05/11 - unibertsitatea.net
Jose Ramon Etxebarria UEUkide, ingeniari, fisikan doktoreak eta zientziaren dibulgazioan zein terminologian horrenbeste lan egin duenak "Katedralaren eraikuntza"z jardun zuen IkerGazte kongresuaren lehenengo egunean.

Adolfo Suarezek, bere garaian Espainiako presidentea zenak, Kimika Nuklearra euskaraz lantzea ezinezkoa zela esaterakoan Jose Ramon Etxebarria orduan ikergazteak horretarako bi gauza baino ez zirela behar erantzun zion: euskara jakitea eta Fisika Nuklearra jakitea. Pasarte hori gogoan hartuta aurkeztu du Iñaki Alegria UEUko zuzendariak Etxebarria. Ingeniaria, fisikan doktorea, irakaslea, euskaltzalea, UEUkidea, idazlea, itzultzailea, politikaria, bertsolaria...

Beranduago, UEUren 25. urteurrenean, euskal unibertsitatea egun batetik bestera ez zela eraikitzen, katedral baten eraikuntzaren aurrean gaudela zioen Etxebarria berak, helburu finkoak izanik patxadaz aritu behar zela.

Bartzelonako Sagrada familia katedralaren eraikuntza, amaitu gabeko eraikuntza, Gaudik estilo propioarekin hasi eta gero belaunaldiz belaunaldi lan kolektiboan eraikitzen joan dena, Kataluniako nortasunaren adierazle bihurtzeraino. Amaitu gabeko euskal hezkuntza sistema propioaren metafora moduan du Etxebarriak eta hortik galderak. Ba al dago ekimen unibertsalagorik horrela sorturiko estilo propioa baino? Ez ote da gizateria osoaren ondare unibertsala?

Geure nortasun propiotik eraikitakoa irudikatzen du Etxebarriak euskal hezkuntza propioaren katedrala ere eta horren alde egin du lan urte luzez, baina Gaudiren obrarekin legez berak ere belaunaldi berriei pasatu nahi izan die erreleboa. Hori baino lehen hala ere, katedralaren prozesuaren memoria egin du, berea, amaitu ez dena. Erantzukizun hori baduela uste duelako, kontatu beharra duela. Uste duelako sentimenduak inportanteak direla, esperientziak inportanteak direla.

Frankismo garaian nola heldu zen Eibartik Bilbora. Unibertsitatea berton egon arren nola Valladolideko barrutiaren barruan zegoen, eremu kolonizatuan, deserrian etxean bertan. Baina hori izan du bizitoki. Universidad de Bilbao nola sortu zen. Unibertsitatea modernizatzen joan zela, baina Moyano legea, 1857koa, bizirik zegoela oraindik. Bere bigarren arantza. Unibertsitatea nola Bilbotik aparte, Leioan, apropos egin zen eta zelan edo halan eremu librea zela eta nola hiru kuntzak planteatu zituzten: irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntza landu behar zirela. Nolako unibertsitatea zuten helburu. UEUk nola bidea erakutsi zuen. Maisutzat izan dituen Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Karlos Santamaria, Txillardegi eta Manex Goihenetxe gogoan. Unibertsitate euskalduna eta ikertzailea aldarrikatu zutenak. Nola sortu ziren UPV/EHU eta NUP. Katedralaren plana nola desitxuratu zen EAE eta Nafarroa banatzerakoan. Irakasle zela klaseak gaztelaniaz eman, baina apunte guztiak euskaraz nola banatzen zituen eta horrek terminologia eta fraseologia lantzera nola eraman zuen. Terminologia arloan egindako lan kolektiboaren berri eta denak nola bildu zituen UEUk. Ikergazteren ekarpen handienetakoa ere hori dela, ikertzaileak biltzea. Hori zor zaiola UEUri.

Etxebarriak argi du zientzia eta jakintza unibertsalak ez badira, ez direla ez zientzia ez jakintza. Hala ere, horrek ez duela esan nahi, lingua francan edo ingelesez argitaratu behar direnik bakarrik. Lingua franca normalean sentimendurik gabeko gauzak kontatzeko erabiltzen dela, sentimenduak norberaren hizkuntzan adierazten direlako normalean, eta helduko dela mementoa itzulpen automatikoa ia perfektua izango dena. Lingua francak, ingelesak kasu honetan, berak ez dakarrela unibertsaltasunik. Alderantziz, hizkuntza guztietan adieraz daitezkeen jakintza eta zientzia direla unibertsalak.

Teresa Cabré eta Terminologiaren Teoria Komunikatiboa ere izan du hizpide. Terminoak hizkuntza naturala direla. Espezialistek zientziak lantzean aktibatzen dituztela terminoak. Terminoak espezialisten erabileran jaiotzen direla. Beraz, erabilera nahitaezkoa dela.

Ikertzaileek kezkatzen dutela ere azpimarratu nahi izan du. Garrantzitsua dela egiten dutena argitaratzea eta zabaltzea. Hala ere, mespretxatu samar dagoela uste du dibulgazio hori eta goratu beharra dagoela. Bildutako ikertzaileek euskaraz eta pasioz egiten dutela, eta prestakuntza handia dutela. Hala ere, diasporara kondenatuak daudela, miseria asko dagoela. Argi du eskubideak eta duintasuna ez direla oparitzen, lortu egin behar direla. Irakasleri propioa lortzeko bidean izandako borroka gogoan. Ikertzaileak ere antolatu beharraz.

Lana egiteko badago ere, katedrala eraiki gabe badago ere, eta beharbada bere hitzetan inoiz eraikiko ez bada ere, jakintza arlo guztietan euskarazko ikerkuntza ez izatetik izatera pasatu dela eta ikergazteen eskuetan dagoela katedrala eraikitzen jarraitzea