Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Eneko Bidegain: "Ikasi behar dugu unibertsitatea modu nazionalean ikusten"

Dokumentuaren akzioak

Eneko Bidegain: "Ikasi behar dugu unibertsitatea modu nazionalean ikusten"

2019/02/19 - Ikergazte2019

 

Eneko Bidegain kazetari baionarra Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazio graduko irakaslea da gaur egun eta 2015tik UEUko Talde Eragileko kide ere bai.

Nola ikusten duzu euskararen egoera unibertsitateetan, ikerkuntzan?

Euskarazko ikasketen eskaintza zabala da, baina oraindik anitz bada egiteko Alde handiak daude unibertsitate batetik bestera, edo leku batetik bestera. Zenbait arlotan, euskara gutxietsia da, eta lehenesten da erdaldunentzako eskaintza. Ikerkuntzari dagokionez, euskarak arazo bikoitza dauka. Alde batetik, euskarari bakarrik ez dagokion arazoa dago: unibertsitateko irakasleei eskatzen zaie ikerketa egitea eta argitalpenak lortzea, ahal bada indize handiko aldizkarietan, baina, paradoxikoki, gero eta baliabide gutxiago eskaintzen zaio ikerketari. Gainera, gero, aukerak mugatuta daude ikerketa lan hori plazaratzeko, ez dagoelako ikertzen ari diren guztien lanak argitaratzeko adina argitalpenik. Euskaraz ere gutxi daude, eta daudenak ere ez dira indize oso altukoak. Horri lotuta dago euskararen bigarren arazoa: ikerlariek ingelesez idatzi eta argitaratu behar izaten dute, aldizkari aukera zabalagoa dagoelako eta indize altuagoa dutelako. Egia da hainbat ikerketa arlo ez direla mugatzen Euskal Herrira, eta beraz komeni dela ingelesez ere zabaltzea. Baina beste ikerketa askoren interes-eremua Euskal Herrira mugatzen da, eta ez dago behar adinako biderik ikerketa horiei zabalkundea emateko euskaraz.

Aurtengo Ikergazte kongresua Baionan egiteak zer esan nahi du?

UEUren eremuaren parte da, eta erabat naturala da Baionan ere antolatzea Ikergazte. Han ez antolatu izana litzateke anormala. Hori argi utzita, azpimarratu behar da, ezinbestekoa dela euskal unibertsitatearen ekoizpena Lapurdira ere hedatzea. Erabat erdalduntzen ari da Lapurdi; eta euskara marjinala da Baionan. Beraz, Ikergazte han antolatzeak balio du euskarazko ikerketaren berri ezagutarazteko, euskara erabat zokoratua dagoen lekuan. Halaber, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskaldunek ikusi ahal izanen dute Euskal Herrian badagoela aukera euskaraz ikasi eta ikertzeko. Ikasi behar dugu unibertsitatea modu nazionalean ikusten, eta Lapurdiko eskaintza eskala nazional horren barnean ulertzen. Horretarako, Euskal Herrian dagoen eskaintza egokitu behar da Euskal Herri osoko herritarrentzat. Muga administratiboak ezin dira traba izan. Baina mapa mentalak ere aldatu behar ditugu.

Zergatik da garrantzitsua Ikergazte bezelako kongresu bat?

Leku gutxi dago ikerketan hasiberriak direnek beren lanak plazaratu ahal izateko. Are gutxiago euskaraz. Beraz, Ikergazte bezalako kongresu batek ematen du aukera, bestela aukerarik ez luketen ikerlari gazte askoren lanak ezagutzeko. Gazteak bide bat egiten hasten laguntzen ditu Ikergaztek.

Zer nabarmenduko zenuke?

Ikergaztek ematen du aukera Euskal Herri osoko eta unibertsitate guztietako ikerlari gazte (edo ikertzen hasiberriak diren ez hain gazteak) elkartzeko. Hori aberasgarria da herri gisa.

Txiotesian parte hartu izan duzu, baita irabazi ere. Zergatik da hain garrantzitsua dibulgazioa? Ematen al zaio behar lukeen garrantzia?

Zertarako ikertu, gero ikerketa horiek "nehork" irakurriko ez dituen aldizkarietan gelditzen badira? Hau da, askotan, ikerketen emaitzak aldizkari zientifikoetan argitaratzen dira, eta mundu akademikoan gelditzen dira. Ikerketa asko gure gizarte hurbilari lotutakoak dira, eta han lukete eragina. Baina aldizkari zientifikoetara mugatzen bada haien hedapena, ez dute eraginik, eragina behar luketen lekuan. Adibidez, gure ikerketa taldean egin dezakegu ikerketa bat euskal kazetaritzak konpondu behar duen arazo bati buruz. Emaitza horiek Erresuma Batuan, Japonian, Suedian edo Estatu Batuetan aurkezten baditugu, eta horretara mugatzen bagara, alferrik ari gara ikertzen. Euskal Herriko aldizkari zientifiko batean argitaratuta ere, ez du askorako balio, ez badugu, gero, dibulgazio lanik egiten eta ez bagara euskal kazetaritzan ari direnengana joaten.

ikergazte2019