Dokumentuaren akzioak
Emakume zientzialarien ekarpena ezagutarazteko hitzaldi zikloa Bilboko Bidebarrieta Kulturgunearen eskutik
2012/11/08 - Unibertsitatea.net
"Emakumeak zientzia egiten dute" izenburua daraman ekimen honen bitartez nahi da, historiak baztertu dituen emakume ikerlari batzuen aitortza bilatzea eta beraien zientzia-lanak aztertzea.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, EHUren laguntzarekin, antolatu du hitzaldi sorta hau, zientziaren dibulgazioaren egitasmoaren barruan. Konferentzia guztiak Bidebarrieta Kulturguneko Areto Nagusian izango dira, ostegunero azaroaren 8tik hasita, arrastiko 19:30etan.
"Emakumeak zientzia egiten dute" zikloaren bidez historiako garai ezberdinetako emakume ikerlarien lanak ezagutzera eman nahi da. Bistakoa da gizonezko zientzialarien itzalpean geratzeagatik merezitako aitortzarik ez zaiela eman, ekarpen zientifiko esanguratsuak egin arren.
- Azaroak 8: Lehenengo hitzaldia Rita Levi-Montalcini-ri (1986ko Medikuntza Nobel Saria eta neurozientzietan aditua) buruz izango da Maria Luisa Maillard Garciaren eskutik. Filologian doktorea eta AMMU-ko (AsociaciĆ³n Matritense de Mujeres Universitarias) presidentea. Elkarte honek ekarpen garrantzitsuak egin dituzten emakumeen biografiak argitaratzeko proiektua aurrera darama.
- Azaroak 15: Maia Garcia Vergnioryk, Fisika doktorea eta Max Plan Institutuko langile (Alemania), Nobel Saria jaso ez duten ikerlarien berri emango du, hala nola, Lise Meitner, Chien-Shiung Wu, Joyce Bell, Rossalind Franklin...
- Azaroak 22: hitzaldi honetan beren beregi Mileva Maric-en bizitza eta lana landuko da. Albert Einsteinen emaztea zenak, bere ekarpena ere egin zuen laguntzaile gisa. Hizlari Mercedes Gonzalez Moreno izango dugu, Kimikan lizentziatua.
- Azaroak 29: azken jardunaldian Rocio Raya Pridak, emakumeak IKT arloan bete duen paperari buruzko ikerketaren berri emango du. Rocio, Geografian eta Historian lizentziatua da eta Granadako Unibertsitateko Informatika eta Telekomunikazio ETSI Liburutegiko Zerbitzu Burua.