Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Emakume teknologoen lana gizarteratzeko saria antolatu du Deustuko Unibertsitateak

Dokumentuaren akzioak

Emakume teknologoen lana gizarteratzeko saria antolatu du Deustuko Unibertsitateak

2014/02/11 - Unibertsitatea.net
Hazkunde ekonomikoan teknologiak jokatzen duen papera ezagutarazteaz gain, emakumeen eta gizonen berdintasuna aldarrikatu nahi dute.
Emakume teknologoen lana gizarteratzeko saria antolatu du Deustuko Unibertsitateak

Irudia: Deustuko Unibertsitatea

Emakumeek sektore teknologikoan egiten duten lana ezagutarazteko, Ada Byron saria sortzea erabaki du Deustuko Unibertsitateak. Era horretan, "isilpean" egiten dituzten "aurrerapen handiak" gizarteratu nahi dituztela diote. Baina ez hori bakarrik; izan ere, hedapen teknologikoko ekitaldien bitartez, gizartea "aberastu" eta belaunaldi berriei "emakume eredu berriak" erakustea ere badu helburu sariak.

Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen ekimena da. Ikastegi horren xedeen artean dago emakumeen eta gizonen berditasunaren aldeko urratsak ematea. Hori lortu nahi dute, azken batean, sortu berri duten sariarekin: parekidetasuna lortzea.

Apirilaren 11n, Forotech 2014ko “Emakumea eta Teknologia” saioan banatuko da 3.000 euroko saria. Parte hartzeko epea, ostera, martxoaren 24an 17:00etan itxiko dute.

Sariaren izena, berriz, ingeniaritzaren esparruan sona izan zuen lehen emakumearen izenetik dator: Ada Byron —Ada Lovelacer bezala ezagunagoa— matematikari britainiarraren omenez.

Sarian parte hartzeko beharrezkoa da ingeniaritzako unibertsitateko goi titulua izatea edota lanbidea esparru teknologikoan garatua izatea. Nolanahi ere, informazio gehiago, Ada Byron gunean.