Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Zientzia Azokan gaztetxo eta ikertzaileek elkarrekin lanean bizitako esperientzia jasoko dugu

Dokumentuaren akzioak

Zientzia Azokan gaztetxo eta ikertzaileek elkarrekin lanean bizitako esperientzia jasoko dugu

2018/03/07 - Unibertsitatea.net
Elhuyarrek antolatzen duen Zientzia Azoka ekimenarekin bat egiten du UEUk eta ildo horretatik beraien proiektuak garatzen ari diren bost talderen esperientziak jasoko ditugu atarian.

Elhuyarrek kultura zientifikoa gizartean sustatzeko egiten dituen ekimenetako bat da Zientzia Azoka.

Ekimenarekin 12-18 urte bitarteko gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak hurbiltzea lortu nahi da. Honela, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera eskaintzen zaie gazteei, ikertzaile profesionalekin elkarlanean.

33 ikastetxetako 911 ikasle ari dira proiektua lantzen momentu honetan, gehienek bisitatu dituzte elkarlanean ari diren ikertzaileen ikerketa-zentroak eta honen guztiaren emaitza apirilaren 21ean Bilbon ospatuko den azokan erakutsiko dute (Plaza Berrian).

Elhuyar / UEU elkarlana:

UEUk ikertzaile gazteen lanak gizarteratzeko lan handia egiten du (IkerGazte kongresua, #txiotesia lehiaketa...) eta hauetatik eratorrita, harreman estua du euskal ikertzaile gazte askorekin. Ildo honetatik, gure harreman-sarea aprobetxatu eta UEUk bat egin du Elhuyarren #zientziazoka-rekin. 

Esan bezala proiektu desberdinak lantzen ari dira ikasleak ikertzaileekin elkarlanean eta hauetatik guztietatik bost hautatu ditugu. Gure asmoa da lan talde hauek egindakoa jasotzea eta Unibertsitatea.net atariaren bitartez gizartera hedatzea.

Bost esperientzia hauek Unibertsitatea.net atariko albistegitik hedatuko ditugu, elkarrizketen bidez. Hona hemen jasoko ditugun esperientzietako ikertzaileak eta ikasle-taldeak:

  • Irati Rodrigo ikertzailea eta "3 Sein 11" ikasle-taldea (La Salle, Bilbo).
  • Irantzu Rico ikertzailea eta "Musikasi" ikasle-taldea (Unamuno Ikastola, Bilbo).
  • Jon Alkorta ikertzailea eta  "Zabor sensor" ikasle-taldea (Artxandape Ikastola, Bilbo).
  • Peio Iturri ikertzailea eta "Bad Sound System" ikasle-taldea (Elorrioko Institutua, Elorrio).
  • Naia Eguskiza eta Irati de Pablo ikertzaileak eta "Hiruki zientzialariak" ikasle-taldea (Lauaxeta Ikastola, Zornotza).

 

Esperientziak elkarrizketa formatu desberdinetan jasoko ditugu (testu-elkarrizketak, bideo-elkarrizketak...) martxoa eta apirila bitartean. Honenbestez, datorren astean esperientzietako bati emango diogu argia. Egin zeuk ere bat #zientziazoka-rekin.

 

            logo_elhuyar     ueu_logo

 

Zientzia Azoka

Etiketak: zientziazoka