Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Elena Muñoz: "Ikertzaileon erantzukizuna da pazienteen osasuna hobetzen duten aurrerapen biomedikoak partekatzea"

Dokumentuaren akzioak

Elena Muñoz: "Ikertzaileon erantzukizuna da pazienteen osasuna hobetzen duten aurrerapen biomedikoak partekatzea"

2022/12/21 - Unibertsitatea.net

Elena Muñoz Pérez bihotzez Gasteiztarra den Aguraindarra da (1997). Farmazia ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko NanoBioCel taldean ari da tesia egiten.

Lehenik eta behin, zorionak! #txiotesia6 lehiaketako "Txiolari originalena" izan zara.

Mila esker! Bene-benetan ohore bat da niretzat.

Farmazia ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Betidanik interesatu izan zait pertsonen ongizatean laguntzea eta, dudarik gabe, ez dago osasuna baino ongizate handiagorik. Gizakion osasuna ikertzeko aukera oso polita izan zen Farmazia ikastea. Karrera bukatzerakoan ikerketak erakartzen ninduen, jakin-min handiko pertsona izan naiz beti eta tesia egiteko aukera suertatu zenean argi eduki nuen. Doktorego tesia egiteko aukera nire egungo ikerketa taldearekin batera etorri zen. Lehen momentutik jakin nuen NanoBioCel nire lekua zela.

Tesian, hesteetako hanturazko gaixotasuna tratatzeko terapia berri bat duzu ikergai. Zer da baina hesteetako hanturazko gaixotasuna?

Hesteetako hanturazko gaixotasuna, kronikoa den patologia da; kausa ezezaguneko eta sendabiderik gabeko patologia. Tamalez, prebalentzia handiko gaixotasuna da, munduan 6-8 milioi gaixok pairatzen dutena. Sintoma ugariko koadro klinikoa sortzen du eta sintoma ohikoenak hesteetako min oso larriak, beherakoak, kolikoak eta pisu galera handiak dira. Tamalez, sendabiderik gabeko gaixotasun larria da, pazienteen bizi-kalitatea asko okertzen duena eta askotan bilakaera txarra daukana. Kasu askotan, hesteak mozteko kirurgia luzeak egin behar dira paziente larrienen bizitza salbatzeko.

Arazo nagusia da gaur egungo tratamenduak gaixotasunaren sintomak hobetzean oinarritzen direla, baina ez sendatzean. Gainera, oso tratamendu oldarkorrak dira, eta askotan ez dira eraginkorrak.

Gaixotasuna hobetzeko 3Dn inprimatutako hidrogelak erabiltzen dituzue. Nolakoak dira hidrogel hauek?

Gure tratamenduetan 3D inprimaketarako erabiltzen ditugun hidrogelak giza gorputzarentzat kaltegarriak ez diren materialak dira. Horiei esker, gaixotasuna hobetzen dituzten farmakoak modu leun baina eraginkorrean hurbiltzen ditugu mindutako hesteetako ehunetara.

Hidrogelen eraginkortasuna hobetzeko zelula amak erabili nahi dituzue. Nola egingo duzue?

Zelula ama mesenkimalek hesteetako hanturazko gaixotasuna tratatzeko eta hobetzeko duten eraginkortasuna soberan frogatuta geratu da gure ikerketa-taldean azken urteetan. Izan ere, zelula horiekin egindako azterketek erakutsi digute oso eraginkorrak direla. Nire tesian, zelula hauek sekretatutako faktoreen eraginkortasuna aztertzen dut, hau da, zelula amen sekretomaren eraginkortasuna aztertzen dut.

Zein fasetan dago zure ikerketa?

Oraingoz, tratamenduak laborategian aztertzen ari gara, eta asko aurreratu ezin dudan arren, esan dezakegu lortzen ari garen emaitzak itxaropentsuak direla.

Hidrogel aurreratua merkaturatzeko aukerak aztertzen ari zarete?

Ikerketa biomedikoaren helburua herritarren ongizatea eta osasuna da. Ikertzaile gisa, gure erantzukizuna da pazienteen osasuna hobetzen duten aurrerapen biomedikoak partekatzea.

NANObioCEl ikertaldean ari zara ikertzen, diziplinarteko ikertaldea da zuena. Nolako esperientzia da jakintza esparru desberdinekin aldi berean lanean aritzea?

Nire tesia NanoBioCelen egitea etengabeko ikaskuntza da. Oso polita da ikustea nola nire prestakuntza farmazeutiko gisa, beste diziplina zientifikoko profesionalen ikuspegiarekin batera ezagutza berriak sortzen dituen.

Txiotesian amari kontatzen zenion zure ikerketa lana, modu ulerterrazagoan. Askotan aurkitu zara antzeko egoeretan?

Bai noski! Oso ohikoa den egoera da! Zientzialariok gai izan behar gara kontzeptu zientifiko konplexuak jende arruntari azaltzeko, eta hori erronka handia da askotan. Zaila da zure proiektua hitz gutxitan azaltzea, baina uste dut funtsezkoa dela jendeari, zirraraz eta, batez ere, modu dibertigarrian laborategian egiten duguna transmititzea. Zientzia beharrezkoa da gure bizitzarako, eta garrantzitsua da jendea gure lanaz jabetzea eta aurrerapen zientifikoekiko interesa ez itzaltzea. Horretarako, funtsezkoa da zure lana modu originalean zabaltzea!

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Nire erronka nagusia jendea zientziaz interesatzea da. Jendearen kezkak eta herritarrekiko harremana ezagutzea maite dut. Zientziarekin eta dibulgazioarekin maiteminduta nago, eta jendeari nire pasioa transmititzea gustatuko litzaidake. Gainera, emakume zientifikoa naizen aldetik, asko daukat esateko.


txiotesia logoaH elkarrizketetarako