Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Elena López de Arana: "Haur eskoletan goiz eta arratsalde dauden umeek kortisol patroi aldaketa izan dezakete"

Dokumentuaren akzioak

Elena López de Arana: "Haur eskoletan goiz eta arratsalde dauden umeek kortisol patroi aldaketa izan dezakete"

2019/02/06 - Unibertsitatea.net
Elena López de Aranak umeek familia eta haur eskola testuinguruetan erakutsi ditzaketen kortisol patroien arteko ezberdintasunak ikertu zituen bere doktorego tesian.

Elena López de Arana Prado (1979) Gasteiztarra da. Haurtzaro ederra, zoriontsua eta oparoa izan zuen eta horregaitik izan du batik bat haurren ongizate zein garapenarekiko interesa. Horrek eraman zuen Deustuko Unibertsitatean Psikologia ikastera eta gero Mondragon Unibertsitatean Psikodepagogian formatzera. Mondragon Unibertsitatean HAZITEGI ikerketa taldean parte hartzeko aukera izan zuen eta hor piztu zitzaion ikerketzeko grina. Grina horrek eraman zuen tesia egitera "Umeek familia eta haur eskola testuinguruetan erakuts ditzaketen kortisol patroien arteko ezberdintasunen azterketa" izenburupean. 2011an egin zuen ikerketa lanaren defentsa. 2014. ikasturtetik UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ari da, bertan Ikhezi ikerketa taldeko kide da.

Zer da kortisola?

Kortisola glukokortikoideen artean nagusienetakoa da eta estresagarria den testuinguru edo egoeretan jariatzen da. Hipotalamoaren muin parabentrikularra isuritzean kortikotropinaren askatzailea den hormona (CRH) adenohipofisia adrenokortikotropika hormona (ACTH) odolera jariatzen hasiko da, azal suprarrenalera heltzerakoan, kortisola askatzeko abisua emateko.

Gure ikerketan, kortisola, umeen estres maila edo umeen ongizatea neurtzeko erabili genuen.

Egoera konkretu batzuetan umeen kortisol patroiak jasaten dituen aldaketak aztertu dituzu. Nondik sortu zen ikerketa egiteko aukera edo ideia?

Kortisola aztergai izan duten ikerketek erakutsi dute haur eskolan egun osoa ematen duten umeen kortisol patroia eta familia testuinguruan ematen den kortisol patroiaren artean desberdintasunak daudela. Haur eskola testuinguruan lortutako emaitzak familia testuingurukoarekin alderatzerakoan agerian gelditu da goiz-erdian kortisol tasa baxuagoa den bitartean, arratsalde-erdian kortisol tasa mantendu edo igo egiten dela. Horrek umeentzat eskola estresagarria izan daitekeela esan nahi du.

Hau jakinda zera aztertu nahi izan nuen doktorego-tesian: gure lurraldeko umeek familia eta haur eskola testuinguruetan erakusten dituzten kortisol patroien artean ezberdintasunak zeuden.

Kortisolaren igoerak zer-nolako eragina izan dezake?

Kortisol kantitate handiak jariatzeak efektu kaltegarriak dItu osasunean: bihotz krisiak eta apoplexiak ekar ditzakeen arteria-presio igoera eragin dezake, muskulu-ehunetan kaltea, diabete esteroidea, antzutasuna, hazkuntzaren inhibizioa, erantzun inmunitarioaren ezereztapena...

Sistema inmunologikoa organismoan daukagun sistemen artean konplexuenetarikoa da. Honen funtzioa gizakia infekzioetatik babestea da. Organismoak gorputz arrotzen (bakterioak, birusak…) inbasioa edo erasoa pairatzen duenean bi erreakzio inmunitario dauzka: immunitate kimikoa eta immunitate zelularra. Bi erantzun horietan parte hartzen duten zelulek elkarrekin komunikatu behar dute. Horretarako, globulu zuriek organismoa arriskuan dagoenean zitokinak isuritzen dituzte, eta hori eginez leukozitoen ugaritzea eta gorputz arrotzaren kontra egiteko informazioa transmititzen diete inmunitate kimiko eta zelularraren ardura duten zelulei. Deskribatutako prozesu horretan, glukokortikoideek zitokinek bidalitako mezuak oztopatzen dituzte. Hori dela eta, gorputzak izan beharko lukeen babesa gutxitzen da, infekzioen aurrean zaurgarriago izanez.

Nola aztertu dituzu kortisol patroietako aldaketa hauek?

Gogora ekarri behar da gainontzeko hormonak bezala kortisola erritmo zirkadiano baten arabera antolatzen dela. Horrek esan nahi du kortisolaren jariaketa 24 orduko epean antolatzen dela, hau da, egun bat oinarri hartuta betetzen duela bere zikloa. Sarah Watamuraren ikerketetan oinarrituta, kortisola jasotzeko zehaztutako orduak 10:30ak eta 17:00ak dira.

Kortisola Jasotzeko “sorbette” metodoa erabili genuen tesian. Hainbat abantaila dauzka metodoak: kortisol emaitzetan interferentziak ekiditen dira, erabili behar diren tresnak txikiak direnez erosoak dira edonora eramateko eta umeentzako oso egokia da lantzaren punta zurrupatzen ari direla makilatxotik heldu dezaketelako.

Ikerketa eskuartean, zein gomendio luzatuko zenioke guraso/hezitzaile/familia... orokorrean gizarteari?

Lehenengo ondorioak zera dio, goiz eta arratsalde haur eskoletan dauden umeek kortisol patroi aldaketa izan dezaketela. Aldaketa hau izango dute nahiz eta haur eskolaren kalitatea altua izan (gelako ume talde txikiak eta hezitzaileen sentikortasuna altua) zein familia testuinguruan garapen osasuntsurako oinarriak izan (sentikortasun altuko gurasoak eta hauekiko segurtasun altua). Umeen ongizatea bermatzeko ezinbestekoa da umeek haur eskoletan pasatzen duten denbora mugatzea eta gutxitzea. Noski, horretarako beharrezkoak dira familia eta lana bateratzeko politikak sustatzea.

Datu analisitik eratorritako bigarren ondorio nagusiak helduen (gurasoen zein hezitzaileen) sentikortasunak umeengan duen garrantzia erakusten du. Hori horrela, helduen erantzunen kalitatea hobetzeko bideak eraikitzen hastea premiazkoa da. Umeen beharrei erantzuteko helduen konpetentzia maila areagotzeko programak diseinatu eta aplikatu beharko lirateke esaterako.

Bukatzeko, ikerketa honetan agerian gelditzen da umeen ongizatea bermatzeko giltza praktika prebentibo eta konpentsatorioetan dagoela.

Zure ikerketaren berri #txiotesia-n izan genuen... zer-nolako esperientzia iruditu zitzaizun?

Ni ez naiz oso sare sozial zalea eta erronka berri bat izan zen niretzat. Zelan kontatu ikertutakoa oso modu laburrean eta dibulgatiboan? Ez dakit helburua lortu nuen ez eta zenbatek irakurriko zuten, baina interesgarria iruditu zitzaidan euskarazko ikerketa lanen zabalkuntzari begira (ikusi hemen bere parte hartzea).

Zein erronka dituzu eskuartean?

Tesi garaiko erronkekin jarraitzen dut. Nire ustetan hezkuntzatik gizartearen eraldaketan eragin daiteke eta zentzu horretan haur hezkuntzan dut helburua. Alegia, formakuntzarekin graduan eskaintzen dudanarekin zein kanpo aholkularitzen bidez egiten dudanarekin jarraitzea. Formatzaile rolean nagoenean nire ikuspegia ez inposatzen edota nik ikusten dudan bidea ez ikustarazten saiatzen naiz. Garrantzitsua iruditzen zait bakoitzak bere bidea topatzea eta eraikitzea. Ni bidelagun moduan ibiltzen naiz.

Horrez gain ikerketarekin ere eragin dezakedala iruditzen zait. Etaparen inguruan ikertzen badugu eta hori argitaratzen badugu, etapari berari duen garrantzia eta dagokion arreta eskaintzen diogula iruditzen zait.

Azkenik, esku artean dudan azken erronka zailena da: guzti hau ahalik eta modu sostengarrienean egitea. Horretarako, ikaskuntza-zerbitzua deritzan metodologia aplikatzen ahalegintzen naiz. Proiektu batzuk lideratu ditut metodologia horren inplementaziorako Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikasleak hainbat eskolekin harremanetan jarriz. Horrez gain, IkHezi ikerketa taldekook hainbat proiektu bideratzen ari gara horren inplementaziorako zein ikerketarako.

txiotesia,elkarrizketa